(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Langabeziak 10.612 pertsonatan egin du behera Nafarroan 2015az geroztik, % 23,9 jaitsi delarik asteartea, 2019.eko otsailak 19


Enplegua % 8,9 gehitu da, eta honek esan nahi du legealdiaren hasieran baino 22.766 afiliazio gehiago daudela


Ezkerretik eskuinera, Patxi Tuñon, Laparra lehendakariordea eta Antidio Martinez de Lizarrondo, Nafarroako enpleguaren urteko txostena eta balantzea aurkezteko ekitaldian. ( irudia handitu )

Erregistraturiko langabeziak Nafarroan izan duen jaitsiera % 23,9koa izan da 2015az geroztik, Estatu osoan izandako % 22,5eko murrizketaren aldean. Kopuru absolutuetan, 10.612 langabe gutxiago daude.

2018an, % 9,2ko jaitsiera gertatu zen erregistraturiko batez besteko langabezian, Estatuan epealdi berean (2017-2018) izandako % 6,5eko beherakadaren aldean. Honek esan nahi du iaz 3.425 langabe gutxiago egon zirela.

Kolektibo nahiz biztanle-taldeen arabera, arras adierazkorra da gazteen nahiz emakumeen artean izandako langabeziaren jaitsiera, batezbestekoa baino handiagoa. Gazteengan, beherakada % 12,7koa izan da urtebeteko epean eta % 24,9koa 2015az geroztik. Emakumeen kasuan, jaitsiera % 15,6koa era % 25,5ekoa izan da, hurrenez hurren. Iraupen luzeko langabeziak ere jaitsiera nabarmena izan du: % 10,9koa 2018an eta % 30ekoa 2015az geroztik, eta horri esker, Enpleguko Politika Aktiboen Akordioan 2020raino ezarrita zegoen helburua bete da.

Bestalde, 45 urte edo gehiago dituzten langabeen eta atzerritarren langabezia-tasaren jaitsiera batez besteko jaitsierak baino txikiagoa izan da. Lehendabiziko kolektiboaren kasuan, beherakada % 7,9koa izan da urtebetean eta % 18,4koa azken lau urteotan. Bigarrenean, jaitsiera % 5ekoa eta % 16,9koa izan da, hurrenez hurren.

Gizarte Segurantzako afiliazioari dagokionez, 2018ko batez besteko hazkundea Estatuko batezbestekoa baino % 3,4 handiagoa izan da. Honek esan nahi du, legealdi osoan 22.766 pertsona gehiago afiliatu direla, % 8,9, Enpleguko Politika Aktiboen Akordioan 2020rako ezarrita zegoen 20.000 enplegutako helburua gaindituz.

Datu horiek guztiak, Eskubide Sozialetako lehendakariorde Miguel Laparrak, Errealitate Sozialaren Behatokiko eta Gizarte Politiken Plangintza eta Ebaluazioko zuzendari nagusi Patxi Tuñonek eta Errealitate Sozialaren Behatokiaren zerbitzuko zuzendari Antidio Martinez de Lizarrondok gaur aurkeztu duten Nafarroako enpleguaren urteko txostenetik eta 2015.2018ko balantzetik atera dira.

Enpleguaren sorkuntza neurtzeko Gizarte Segurantzako afiliazioa kontuan hartuz gero, urtebeteko epean, batez besteko afiliazioa % 3,4 gehitu da, 9.100 afiliazio berri egin direlarik. Halaber, genero-ikuspegitik aztertuta, emakumeen artean, enpleguak % 3,6 egin du gora 2018an, eta igoera hori % 3,2koa izan da gizonen artean. Duela lau urtez geroztik, % 9,4 emakume afiliatu gehiago dago eta % 8,5 gizon afiliatu gehiago. Horren harira, nabarmentzeko modukoa da atzerritarren artean izandako afiliazioaren gorakada, % 11,3koa (2.559 pertsona gehiago) 2017tik 2018era bitartean, eta % 9,4koa 2015az geroztik (10.869 pertsona gehiago). Berariaz azpimarratu behar da kolektibo honen enpleguak Gizarte Segurantzaren sisteman duen garrantzia. Iaz, biztanle horien afiliazioak % 9ko pisua izan zuen, 25.100 atxikimendu ingururekin.

Foru Komunitatearen 2018ko batez besteko langabezia-tasa % 10,03koa da, Estatu osokoa (% 15,26) baino 5,23 puntu txikiagoa. Horrela, langabezia-tasarik txikiena duen bigarren autonomia-erkidegoa da, Euskadiren (% 9,97) atzetik.

11.000 langabe gutxiago 2015az geroztik, BAIren arabera

Biztanleria Aktiboaren Inkestaren (BAI) arabera, langabeziaren urteko jaitsiera % 1,3koa izan da, baina 2015az geroztik, beherakada askoz ere handiagoa izan da, % 25,9koa, hots, 11.000 langabe gutxiagokoa. Ondorioz, 2018ko langabezia-tasa % 10ekoa da, aurreko urtekoa baino bi hamarren txikiagoa eta 2015ekoa baino 3,8 puntu txikiagoa, urte hartan % 13,8ko langabezia baitzegoen. Jaitsierarik handienak gazteei, atzerritarrei eta emakumeei dagozkie.

Iraupen luzeko langabeziaren kasuan, urtetik urtera 725 langabe gehiago daude. Nolanahi ere, datu hau positiboa da 2015az geroko bilakaera kontuan hartuz gero. Kasu honetan, jaitsiera langabeziaren guztizko kopuruan gertaturikoa baino are handiagoa izan da: 8.000 langabe gutxiago, % 35,3ko beherakada. Bi urte edo gehiago lanik gabe egin dutenen langabezia-tasaren jaitsiera ere nabarmendu behar da: % 4,4koa urtebetean eta % 36,8koa azken lau urteotan.

Enpleguaren sorkuntzak ere gora egin du, inkesta honen arabera. Okupaturiko pertsonen kopuruan % 1,3ko igoera izan da, 2017an baino 3.500 pertsona gehiago okupatuta daudelarik; igoera hori % 6,8koa da 2015eko datuen aldean, 17.900 pertsona okupatu gehiagorekin. Kolektibo desberdinei erreparatuta, emakume okupatuen kopurua % 5,5 gehitu da aurreko urtetik hona eta % 9,5 duela lau urtez geroztik, eta 25 urtetik beherako gazte okupatuen kopuruan igoera % 46,9koa izan da 2015etik 2018ra bitartean, 4.900 gazte okupatu gehiago daudelarik.

Bestetik, 2018an, behin-behinekotasun tasa % 24koa izan da. Puntu bat igo arren, 2015ekoa baino bi puntu txikiagoa da, eta horri esker, Nafarroa da behin-behinekotasun tasarik txikiena duen hirugarren autonomia-erkidegoa. Halaber, lanaldi partzialeko tasa 2017koa baino % 16,3 handiagoa da, baina 2015ekoa baino % 2,1 txikiagoa. Portzentaje horretan, lanaldi partzialeko enpleguetan okupaturiko emakumeen tasa urtebetean lau hamarren eta azken lau urteotan 3,7 puntu jaitsi den arren, ia hamar emakumetatik hiruk lanaldi partzialeko enplegua dute: % 28,5ek, gizonen % 5,6ko portzentajearen aldean.

Bestalde, etxeak erreferentziazko unitatetzat aztertuz gero, diru-sarrerak (pentsioak, langabeziagatiko prestazioak edo subsidioak zein lanagatiko diru-sarrerak) ez dituzten etxeen kopurua % 14,4 murriztu da urtebeteko epean eta % 29,2, 2015az geroztik. Murrizketa adierazkorra gertatu da, halaber, kide aktibo guztiak langabezian dituzten etxeen kopuruan (% 10,8ko urteko jaitsiera eta % 36,2koa 2015etik hona), baita erreferentziazko kidea langabezian duten etxeen kopuruan ere: % 3,2koa urte batetik bestera eta % 29,1ekoa legealdia hasi zenetik.

45.981 kontratu gehiago eginda

Langabeziaren jaitsierarekin eta enpleguaren sorkuntzarekin bat eginik, kontratazioari buruzko kopuruek ere etengabeko igoera islatzen dute erregistraturiko kontratuetan nahiz kontrataturiko pertsonetan. Kontratu kopurua % 3,6 gehitu da Nafarroan, Estatuan (3,7%) baino hamarren bat gutxiago, eta 2015az geroko hazkundea % 13,6koa izan da, 45.981 kontratu gehiago egin direlarik. Kontratu motei dagokienez, mugagabeetan % 19,4ko igoera gertatu da 2017ko datuen aldean eta % 54,6koa 2015eko kopuruekin konparatuta, eta aldi baterako kontratuen kasuan igoera hori % 2,7koa eta % 11,4koa izan da, hurrenez hurren. Kopuru absolutuetan, 2018an, 25.884 kontratu mugagabe zeuden, akordioan zehazturiko 25.000 kontratutako helburua gaindituz.

Kontratuen iraupenari dagokionez, 2018an, kontratuen % 28,6k astebete edo gutxiagoko iraupena zuten, 2017an % 40,3 eta 2015ean % 41,4 zirelarik. Kontrataturiko pertsonei erreparatuz, urtebetean, % 6,4ko igoera izan da, 7.348 kontratu gehiago sinatu direlarik, eta alde hori % 23,4koa da 2015eko datuekin konparatuz, 23.140 kontratu gehiagokoa. Horren harira, kontratazioaren txandakatze indizea 3,15 puntukoa izan da 2018an, 2017koa (3,23) eta 2015ekoa (3,42) baino txikiagoa, % 7,9ko jaitsierari esker. 

Beste autonomia-erkidego batzuen aldean, Nafarroa da enplegu gehien sortu duen laugarren komunitatea (% 3,4), erroldatutako biztanleria aktiboaren gaineko Gizarte Segurantzako afiliazioaren proportziorik handiena duen bosgarren komunitatea, langabeziaren jaitsierarik handiena izan duen hirugarren autonomia-erkidegoa (% 9,2) eta Gizarte Segurantzari atxikitako 100 pertsonako langabezia indizerik txikiena duen bosgarrena. Behin-behinekotasunari dagokionez, indizerik txikiena duen hirugarren komunitatea da.

Eskubide Sozialetako lehendakariorde Miguel Laparrak datuak “oro har positiboak” direla esan du, etorkizuneko erronkak nabarmendu dituelarik: “Enplegua sortzen eta langabezia murrizten jarraitu behar dugu, izan ere, 34.000 pertsona daude oraindik lanik gabe, % 10”. Horrekin batera adierazi du “4.000 afiliazio gehiago lortu behar ditugula 2008an izan genuen enplegu mailarik handienera iristeko. Horrekin batera, enplegua sustatzen jarraitu behar dugu zailtasun gehien duten kolektiboetan (emakumeak, gazteak eta atzerritarrak), adostu gabeko behin-behinekotasuna eta zatikako lanaldiak gisako kalitate-gakoak zuzentzeaz gain”.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa