(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak mundu osoko adituak bildu ditu kapsula endoskopikoaren teknikari buruzko formakuntza programa batean asteazkena, 2019.eko otsailak 20


NOGek 350 prozedura egiten ditu urtean teknika horren bitartez, batez ere digestio-aparatuko jatorri iluneko odoljarioa eta hesteetako hanturazko gaixotasuna ikertzeko


Kapsula endoskopikoaren teknikaren gaineko fomakuntza programara bertaratuak. ( irudia handitu )

Nafarroako Ospitaleguneko (NOG) Digestio Zerbitzua Kapsula Endoskopikoari buruzko X. Formakuntza Programa egiten ari da aste honetan. Nazioarteko formakuntza ikastaro hau heste meharra aztertzen diharduten profesionalei zuzenduta dago, bereziki digestio-aparatuko odoljarioaren eta hesteetako hanturazko gaixotasunaren kasuetan. Programa honen bitartez, beharrezko gaikuntza eskaini nahi zaie gastroenterologoei, kapsula endoskopikoaren bidez egindako miaketak irakurtzeko gauza izan daitezen, izan ere, prozedura honetan, espezialistak ordubete inguru egin behar izaten du ordenagailuaren aurrean miaketa bakoitzeko.

Ignacio Fernandez-Urien doktoreak zuzendutako ikastaro hau Iruñeko Muga de Beloso Alma hotelean eginen da asteazken honetan, otsailak 20, eta larunbatean, hilak 23. Mundu osoko 50 profesionalek ere izena eman dute nazioarteko 20 ospitalegunetako adituekin batera trebatu ahal izateko. Horien artean daude, kapsula endoskopikoaren erabileran esperientzia luze-luzea duten munduko gastroenterologo onenetako batzuk; hala nola, Iruñeko Nafarroako Unibertsitate Klinikakoak, Sevillako Virgen Macarena Ospitalekoak, Bartzelonako Hospital Clínic-ekoak, Oportoko ManopH zentrokoak, Atenasko University of Athens Medical School-ekoak edo Alemaniako Hanburgo hiriko Freelancer Consultants-ekoak, besteak beste.

10 urteko programa

Kapsula Endoskopikoari buruzko Formakuntza Programa duela 10 urte abiatu zen, eta handik hona, mundu mailako erreferentzia bihurtu da. Azken urteotan, 20 nazionalitatetik gorako 1.000 espezialista baino gehiago formatu dira Iruñean. NOGen abiarazi ondoren, ikastaroak eman dira Japonian, Saudi Arabian, Kuwaiten, Marokon, AEBetan, Mexikon, Kolonbian, Argentinan eta Portugalen, eta beste herrialde askok ere eskaera egin dute hurrengo edizioetarako. Kolonbia programaren Latinoamerikako egoitza finkoa bihurtu da eta ikastaroa urtero antolatzen du, duela 3 urtez geroztik. Hona hemen ikastaroaren arrakasta islatzen duen datu bat: egun, 2 urteko aurrerapenaz izena eman behar da horretan parte hartu ahal izateko.

Iruñean egingo den hamargarren edizio honek 30 eskola-ordu baino gehiago izanen ditu. Programa gehienbat praktikoa izan arren, zenbait saio teoriko ere eskaintzen dira kapsula endoskopikoaren funtsezko alderdi batzuen berri emateko. Ikastaroa bi modulutan banatu da: oinarrizkoa eta aurreratua.

Oinarrizko Formakuntza Modulua kapsula endoskopikoaren bidezko enteroskopian hasi, birziklatu edo finkatu nahi duten profesionalei zuzenduta dago, eta hutsetik abiatzen da. Aldiz, Formakuntza Aurreratuko Modulua kapsula endoskopikoaren bidezko enteroskopian esperientzia izan baina kapsula kolonoskopioen irakurketan trebatu edo finkatu nahi duten profesionalei zuzenduta dago.

Aurten, Crohn-en gaixotasuna aztertzeko diseinaturiko “PillCam Crohn” deritzon kapsulari buruzko formakuntza espezifikoa nabarmendu behar da.

Lehen aukerako teknika

Kapsula endoskopikoa deritzon teknikaren bitartez, pazienteak, 10 bat orduz segundoko 2 irudi ere hartzeko ahalmena duen haririk gabeko kapsula txiki bat (23 mm luze eta 11 mm zabal) irentsi behar du.

Pazienteak kapsula irentsi ondoren, gailuak heste meharra zeharkatu eta segmentu guztien argazkiak ateratzen ditu. Kapsulak hartutako irudi guztiak irrati-frekuentziaz igortzen dira, pazienteak gerriko batean daramatzan elektrodo batzuetara eta disko gogor batean gordetzen dira. Prozedura bukatu bezain laster, pazienteak ohiko bizimodua egiten jarrai dezake, eta disko gogorra ordenagailu batera konektatuz, bildutako irudi guztiak (150.000 baino gehiago) bideo moduan ikusteko aukera dago.

2001ean agertu zenez geroztik, la kapsula endoskopikoak inpaktu handia izan du medikuntzaren munduan, eta bereziki gastroenterologian, pazientearentzat erraza, erosoa, eraginkorra eta segurua den heste meharra miatzeko modua eskaintzen baitu. Egun, kapsula endoskopikoa lehen aukerako teknika da heste meharreko patologiak aztertzeko; hala nola, digestio-aparatuko odoljarioa eta Crohn-en gaixotasuna, besteak beste.

“PillCam Crohn” kapsula berria

“PillCam Crohn” deritzon kapsula berria Crohn-en gaixotasuna aztertzeko xedez merkaturatu da. Duela urtebete inguru hasi zen erabiltzen mundu osoan, baita NOGen ere. Kolona aztertzeko erabiltzen zen “PillCam COLON” kapsularen aldera bat da, miaketa berean heste meharra eta kolona arakatzeko aukera ematen duenan.

Kapsulak 32 x 11 mm ditu eta segundoko 35 irudi ere hartzen ahal ditu, bi muturretan itsatsiak dituen kameretako bakoitzaren bitartez. Kapsula hau arras egokia da Crohn-en gaixotasunaren eraginez heste meharra eta kolona ukitua duten pazienteen jarraipena egiteko eta tratamenduari emandako erantzuna ebaluatzeko. NOGeko Digestio Zerbitzuak oso balorazio ona egin du tresna honi buruz, izan ere, “PillCam Crohn” kapsula era egokian aplikatzen zaion gaixoak hainbat prozedura egitea saihets dezake.

Prozeduraren ondoriozko bideoak bistaratzeko software berriari dagokionez, “PillCam Crohn” kapsularen softwareari egindako bertsio egokitu eta hobetua da, bideoen irakurketa nahiz prozedura agindu duten medikuen interpretazioa erraztu eta azkartzea xede duena.

Urtean 350 prozedura NOGen

NOGek urtean 350 prozedura egiten ditu batez beste kapsula endoskopikoaren teknikaren bitartez. Kopuru hau etengabe hazten ari da teknikaren irisgarritasunaren eta agindu-kopuru gero eta handiagoaren ondorioz. Horrela, 2018an, 400 prozedura inguru egin dira teknika honen bitartez.

Ospitalegunea digestio-aparatuko jatorri iluneko odoljarioa eta hesteetako hanturazko gaixotasuna ikertzeko baliatzen da nagusiki kapsula endoskopikoaren teknikaz, izan ere, kapsula agertu arte, oso zaila zen eritasun horiek abordatzea, heste meharra irisgarritasun zaileko aldea baita. Teknika hau Crohn-en gaixotasuna duten pazienteekin ere erabiltzen da, heste meharraren miaketa giltzarrizkoa baita hesteen traktu osoari eragin diezaiokeen eritasunaren garapena kontrolatzeko. Bi patologia hauetan, kapsula endoskopikoa bestelako teknikei gailendu zaizkie, hainbat azterlanen arabera.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Dokumentazioa:
Programa cápsula endoscópica
Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa