(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Gobernuak Adituen Batzordea sortu du IHAN estrategian aurrera egiteko eta jaiotze zein edoskitzeko laguntza humanizatzeko osteguna, 2019.eko otsailak 21


Tuterako Ospitalea ekimenaren 3D fasean dago, Lizarrakoa 2D fasea garatzen ari da eta NOG 1D fasea emateko zain dago, Lehen Mailako Arretak Antsoain/Andraize Osasun Zentroan 1D fasea akreditatua eta 13 akreditazio berri garatzeko bidean dituelarik


Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu da gaur Jaiotzeko eta Edoskitzeko Laguntza Gizatiartzearen aldeko Ekimena (IHAN) garatzen lagunduko duen Adituen Batzordearen sorrera. Ekimen honi esker, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak (O-NOZ) gaitasun handiagoa izanen du Osasun Departamentuak lehentasunezkotzat jo eta Nafarroako ospitale eta osasun zentro guztiera zabaldu nahi duen ekimen hau bultzatzeko.

UNICEFek eta Osasunaren Mundu Erakundeak bultzatu eta Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasuneko Ministerioak babesten duen IHAN ekimenak akreditazio programa bat eskaintzen die profesionalei, edoskitze naturala bideratu, sustatu eta gehitzen lagun dezaten.

Une honetan, Tuterako Reina Sofía Ospitalea IHANen 3D faseko akreditazioa lortzeko lan egiten ari da. Ospitale hau 2013an hasi zen proiektu honetan lanean, jaiotzaren inguruko ospitale barneko arretan tratu humanizatuagoa eskaintzeko asmoz. 2015ean, 1D faseko errekonozimendua lortu zuen, eta 2018ko urtarrilean, 2D fasearen akreditazioa lortu zuen. 2019a bukatu baino lehen 3D fasea eskatzea espero da.

Bestalde, Nafarroako Ospitalegunea (NOG) 1D fasea emateko zain dago, eta Lizarrako García Orcoyen Ospitaleak, errekonozimendu hori lortu ondoren, 2D fasea garatzen ari da. Lehen Mailako Arretako zentroen kasuan, Antsoain/Andraize Osasun Zentroak 1. fasea lortu du 2018an eta akreditazio berriak garatzen ari dire beste 13 zentrotan.

IHAN akreditazioa lau fase (Aurkikuntza, Garapena, Zabalkundea eta Izendapena) gainditu ondoren lortzen da, eta horietako bakoitzean, OMEk edoskitze naturalaren arrakastarako finkatu dituen hamar pausoak ezarri behar dira, suzedaneoak merkaturatzeko kodea aintzat hartuz, amatasunagatiko altan gutxienez % 75ek edoskitze naturalaz baliatzea lortuz, erditzean ama errespetuz eta adeitasunez artatuz, eta bularra ematea erabakitzen ez duen emakumeari beharrezko laguntza eskainiz.

IHAN Tuteran: bizikidetasuna

Tuterako Ospitaleko jaioberriak amarekin batera bizi dira eguneko 24 orduetan. IHAN ekimenarekin bat egin baino lehen, ospitaleak gela berezi bat zuen arropa aldatzeko eta prokoloaren araberako probak nahiz pediatraren bisitak egiteko. Egun proba eta bisita horiek guztiak amaren gelan bertan egiten dira, eta probarik gogorrenak, haurra bularra hartzen ari den bitartean, prozedura hau analgesikoa baita bularreko haurrarentzat. Haurra gelatik ahalik eta gutxien ateratzeko joerak gurasoen segurtasuna indartzen du, pediatrarekiko tratua hurbilagoa eginez. Areago, fototerapia bezalako tratamenduak gurasoen begiradapean egiten dira, eta amaren alta jaioberriarena baino lehenago ematen baldin bada, biak pediatria arloko gela berri batera eramaten dituzte.

Aurkikuntza eta Garapenaren faseak osatu ondoren, Reina Sofía Ospitalea Zabalkundearen fasea lantzen ari da egun. Aurten, 2012an sorturiko Edoskitze Batzordeko kideek lau ikastaro emango dituzte diziplina anitzeko taldeen formakuntzarako.

Gainera, 2019a bukatu baino lehen, ospitaleak jaioberria artatzeko protokoloak eta gidak berrikusiko ditu, bai eta Lehen Mailako Arretarekiko koordinazio planak ere, bertan artatu behar baitituzte haur jaioberriak ospitaleko alta jaso eta 72 ordu igaro aitzin.

3D fasean akreditatzeko bete beharreko protokoloan, aintzat hartu behar da haurrari bularra ez ematea erabakitzen duen amaren hautu informatua, baita elikadura artifizialaren prestaketari buruzko informazio indibidualizatua eta amaren eta jaioberriaren arteko loturak estutzeko jarraibide espezifikoak ere.

IHAN NOGen: batzordea

Batzordea sortzea da IHAN akreditazioa lortzeko bete beharreko baldintzetako bat. NOGeko batzordea apirilean eratu zen, ama eta haurrak zaintzeko unitateen kudeaketan nolabaiteko erantzukizuna duten 15 profesionalen parte harzteaz.

Batzorde honek 2019an 2. fasearen barnean gauzatu beharreko ekintzak planifikatu ditu dagoeneko, arlo desberdinetako profesionalen arteko 6 lan-taldetan garatzeko asmoz. Amagintza eta La liga de la Leche elkarteen parte-hartzeari esker, ospitaleko jarduna herritarren artean detektaturiko beharrekin lotzen ari da, amei laguntzeko dokumentazioa eta tresnak partekatzeaz gain.

IHAN Lizarran: 2D fasearen zain

Lizarrako García Orcoyen Ospitalea 1D fasean dago 2018ko urtarrilaren 22az geroztik.

Otsailaren 6an, 2D faserako sarbide-eskaera egiteko ordainketa egin zen eta beharrezko agiri guztiak bidalita daude. Horien balorazio azkarra egitea espero da, lehenbailehen bigarren fasean sartu ahal izateko.

IHAN Lehen Mailako Arretan

Lehen Mailako Arretako Taldeen akreditazioaren prestaketa sexu eta ugalketarako osasun zentroekin batera egiten ari da, zentro hauetan eskaintzen den haurdunaldiko eta erditze ondoko arreta Osasun Zentroetako pediatria taldeetatik eskaintzen den haurrentzako arretarekin integratzeko. Osasun zentroen baterako akreditazio honi esker, Lehen Mailako Arretan ematen diren aurrerapenen ondorioak ospitaleetara ere hedatuko dira.

Lehen Mailako Arretatik, lanean dihardute Antsoain, Arrotxapea, Orkoien, San Jorge, Berriozar, Elizondo, Ultzama, Doneztebe, Lesaka, Andraize-Buztintxuri, San Jorge, Burlata, Atarrabia eta Uharte-Gorraizko taldeekin.

IHAN ekimena

Haurren eta nerabeen osasunaren prebentzio eta sustapen estrategia garatzearen barruan, lan egiten ari da Jaiotzeko eta Edoskitzeko Laguntza Gizatiartzearen aldeko Ekimenaren sustapenean (IHAN), honen garapena funtsezkotzat jotzen baita haurduntza prozesuetako emakumeenganako, haurrenganako eta familiekiko arreta hobetzeko helburua lortu nahi duten ahalegin profesionalak eta herritar erakundeak integratzeko.

Ekimenaren garapenean lagundu eta aurreikusitako helburuak beteko direla bermatzeko behar diren jarduerak bultzatzeko, Nafarroak Adituen Batzordea sortu du, proiektuari atxikitako ekintzen diseinurako aholkularitza teknikoa eman dezan, eta horrekin batera, Jaioberria komunitatean sartzeko Trantsizio Taldea ere eratu du, estrategia horri loturiko ekintzak bideratzeko.

2017an eta 2018an, talde honek komunitateko zentroetan artatzen diren herritarren aniztasuna aztertu du, eta horretan oinarrituta argi utzi du nahitaezkoa dela formakuntza estrategiekin jarraitzea arreta-esparru desberdinetako profesionalak bilduz, Irakaskuntza Planaren bidez egiten ari diren formakuntzak oso modu positiboan baloratuz. Denbora honetan, formakuntza eman zaie Iruñeko eta Lizarrako osasun eremuetako 60 profesionali eta Tuterako Osasun Eremuko beste 40ri.

Kalkulatu denez, etengabeko formakuntza egin behar da NOGen 400 profesional ingururekin, Lizarrako Osasun Eremuko 70 bat profesionalekin eta Tuterako Eremuko 250etik gora profesionalekin.

Edoskitzea Nafarroan

IHAN ekimena Nafarroan ezarri zenetik, adierazleek oso balantze positiboa eskaintzen dute edoskitzeari dagokionez.

Tuterako Reina Sofía Ospitalean, edoskitze-tasa % 74,1ekoa zen 2015ean eta % 84,9koa 2018an. Bestetik, NOGen 2017an eta 2018an jaiotako haurren artean, % 95 bularra hartzen hasi ziren, eta hauetarik, % 73k erditzeko gelan bertan egin zuten jaio ondoko lehendabiziko orduan, izan ere, larruz larruko kontaktua oso ohikoa da zentro honetan. Ospitaleguneko datuen arabera, jaioberri hauen % 80 baino gehiago edoskitze naturalaz baizik ez dira elikatzen ospitaleko alta hartzen dutenean.

Horrekin batera, sei hilabete dituzten Nafarroako bularreko haurren hazkundea nabarmendu behar da. 2015ean, adin horretako haurren % 61,2k baizik ez zuten jarraitzen bularra hartzen (% 31,5 edoskitze naturalaz baizik ez ziren elikatzen), eta 2017an sei hilabeteko bularreko haurren portzentajea % 64,9raino igo zen (%35,4raino edoskitze naturalaz baizik elikatzen ez direnen kasuan).


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa