(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Barkos Lehendakariak errepikatu du Nafarroak trafikoari eta bide segurtasunari buruzko eskumenak behin betiko bere gain hartzeko xede nagusia duela larunbata, 2019.eko otsailak 23


Ekitaldi instituzionalaren buru izan da, Foruzaingoaren Eguna dela-eta, eta 35 sari eman dira


Barkos Lehendakariaren hitzak. ( irudia handitu )

Barkos Lehendakariak Foruzaingoaren Eguna ospatzeko ekitaldi instituzionalaren buru izan da, eta Nafarroak trafikoari eta bide segurtasunari buruzko eskumenak behin betiko bere gain hartzeko xede argia duela errepikatu du. Lehendakariak gogorarazi du «legegintzaldiaren hasieran egindako apustu garbia dela hauxe», eta honako hau azpimarratu du: «Nafarroako Gobernuarentzat, gai horrek lehentasuna du, eta lan eta esfortzu handia egiten jarraituko dugu kontu horren inguruan».

Ekitaldia eguerdian egin da, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko klaustro isabeldarrean, eta honako hauek bertaratu dira: Nafarroako Parlamentuko lehendakari Ainhoa Aznarez; Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Justiziako eta Herrizaingoko sailburu Maria José Beaumont; Herrizaingoko zuzendari nagusi Agustín Gastamiza; eta Foruzaingoko buru Torcuato Muñoz.

Ekitaldian zehar, hainbat foruzain, pertsona eta lankidetza erakunderen lana aitortu da, eta 35 sari eman dira.

Legegintzaldiaren balantzea

Lehenengo eta behin, Barkos Lehendakariak eskerrak eman dizkie foruzainei, Nafarroako gizarteari emandako zerbitzua dela eta. Lehendakariak baieztatu duenez, «giza eta lanbide kapital handia dugu, bai eta zalantzarik gabe gure komunitatean segurtasun eta ongizate maila handiagoa lortzen laguntzen duen polizia talde bat ere, gertukoa eta erabilgarria dena». Halaber, gogora ekarri ditu azken urtean zendutako bi foruzainak: Juan José Salaberri Galbete eta Lorenzo Elustondo Arraiza.


Hiru foruzain beraien saria jasotzen. ( irudia handitu )

Barkosek legegintzaldian zehar egindako lana laburtu du, eta, nabarmendu duenez, funtsezko hainbat neurri hartu dira. Hala, honako hauek nabarmendu ditu: gomazko pilotak foam jaurtigaiekin ordezkatu izana; prozedurak eguneratu izana; eta ordena publikoan esku hartzeko prestakuntza eman izana. Hori guztia egin da «lesio fisikoak jasateko arriskua murrizteko xedez».

Prestakuntza beste ardatz nagusi bat izan da, Segurtasun eta Larrialdi Eskolako Prestakuntza Plan berri baten bitartez gauzatu dena. Eta, horrez gain, beste hainbat poliziarekin koordinatzeko esfortzua egin da. Hori dela eta, hainbat hitzarmen sinatu dira 27 udalekin (beste bi udalek sinatu behar dituzte hitzarmenok oraindik), foruzainek eta udal poliziak komunikazio sistema bera erabili dezaten.

Barkosek nabarmendu du «hobekuntza handiak txertatzen ari direla Nafarroako Foruzaingoaren esparruan, eta, horrenbestez, gure gizarte osoan», legegintzaldian zehar egindako lanari esker. Eta, alde horretatik, Foru Gobernuaren apustua ere azpimarratu du, alegia, «Nafarroari segurtasun sistema koherenteagoa eta eraginkorragoa ematearen aldeko» apustua. «Baliabide ekonomikoak ez dira amaigabeak, eta erantzukizunez jokatu behar dugu baliabide horiek neurri egokian dimentsionatzeko», baieztatu du.

Halaber, Lehendakariak aipatu du Nafarroako Poliziei buruzko Foru Legea onartu duela Parlamentuak, eta honako hau ziurtatu du: «lege horri esker, Foruzaingoak gaitasun handiagoa izango du gure komunitateak behar dituen zerbitzu eskaerei erantzuteko».

Barkosek nabarmendu du «plantilla modu mailakatuan garatu dela» 95 foruzain berri plantillan sartzeko plangintzari esker. «Horrek agerian uzten du plantilla dimentsionatzearen aldeko esfortzua egin dela; izan ere, dimentsionatze horrek behera egin du, 2010ean azken foruzainak sartu zirenetik».

Herrizaingoko Zuzendaritza Nagusiaren egoitza berriari dagokionez, lehendakariak gogorarazi du beharrezkoak diren lanak egiten ari direla egoitza hori ahalik eta azkarren sortzeko, bai eta emandako erantzukizunekin bat egiten duten instalazioak emateko ere hainbat zerbitzuri.

Trafikoari eta bide segurtasunari buruzko eskumenak

Lehendakariak nabarmendu du Nafarroak bere gain hartu dituela trafikoari eta bide segurtasunari buruzko eskumenak, behin betiko. Esan duenez, «Gobernuak legegintzaldiaren hasieran egindako apustu garbia da, bai eta funtsezko kontua ere. Izan ere, gure gizarte eta autogobernuaren aurrerakuntzari eta ongizateari dago lotuta».

Alde horretatik, Sánchez presidenteak bere konpromisoa beteko duelako konfiantza daukala erakutsi du lehendakariak. «Nafarroako Gobernuarentzat, gai horrek lehentasuna du, eta lan eta esfortzu handia egiten jarraituko dugu kontu horren inguruan», baieztatu du.

Honako hau gogorarazi du: ibilgailu motordunen trafikoa eta zirkulazioa Nafarroako eskumen historikoa da, eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoak eskumen hori aitortu du, bai eta Auzitegi Gorenak emandako epaiak ere.

 

Bestetik, Foruzaingoko buru Torcuato Muñozek Foruzaingoaren protagonismoa nabarmendu du, «erreferentea baita Nafarroako segurtasun publikoaren alorrean». 2018an, 5.694 egintza penal estrategikoren berri izan zen, eta foruzainek egintza horien % 38 izapidetu dute; bestetik, % 50etik gorako genero-indarkeriari buruzko kasuak izapidetu dira. Azkenik, 1.714 lagun atxilotu dira, ez-zilegitasun penalak egin baitituzte, ustez.

Sariak ematea

Aurten, 39 sari (15 zorion, 12 metopa, 11 domina eta meritu gorenak aitortzeko plaka bat) eman zaizkio hainbat foruzain, pertsona eta lankidetza erakunderi, haien dedikazioa, ibilbidea eta beste hainbat meritu direla eta. Sari horietako 35 ekitaldi nagusian eman dira.

2018ko martxoaren 5ean zendu zen Nafarroako Foruzaingoko Trafiko eta Bide Segurtasun Alorreko komisario nagusi eta buru Juan José Salaberri Galbeteren familia kideek plaka bat jaso dute, komisarioak Foruzaingoaren esparruan 1981etik 2018ra arte emandako zerbitzu gorenak direla eta.

Ohorezko zortzi metopa eman zaizkie: Rafael Sanz Erice-ri, Martín Filipov Alendarovi eta Danis Filipov Alendarovi, delitu larri baten ustezko egilea atxilotzen lagundu zutelako; Pedro Lecumberri Sagüési, 2017ko Xabierraldian bidazti bati bihotz-biriketako bizkortzea egiteko maniobrak gauzatzen lagundu zuelako; eta Yolanda Guembe Gili, Nafarroako Segurtasun eta Larrialdietako Eskolako Plangintza, Garapen eta Koordinazio Arloko buru jarduten emandako urteak direla eta. Halaber, sari bana eman zaie bi pertsonari, 2017ko urtarrileko elurteetan laguntza emateagatik eta lapurtutako materialak berreskuratzen laguntzeagatik.

Horrez gain, metopak eman zaizkie honako hauei: Elena Aisa Lusar-i, haien buruaz beste egiten saiatutakoan bizirik geratu direnei emandako tratua hobetzeko egin duen lanagatik eta egoera horiek ikusgarri egiteko esfortzuagatik; eta Ángel Labiano Mangado-ri, Foruzaingoarekin lankidetzan aritzeagatik. Auzitegi Medikuntzako Institutuak, SOS Nafarroak eta Tuterako Babes Zibilak ere jaso dituzte metopak elkarrekin parte hartzeagatik, hertsiki eta modu zabalean.

Amaitzeko, zorionak eman zaizkie jendaurrean hainbat foruzaini, erakutsi dituzten meritu profesionalak direla eta. Halaber, zerbitzu gorenak aitortzeko dominak eman zaizkie Foruzaingoarekin lan egiten duten herri-administrazioko hainbat langileri.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Argazki galeria.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa