(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Barkos Lehendakariak Tuterako Katedraleko Judizioaren Atea aurkeztu du zaharberritze lanak bukatu ondoren astelehena, 2019.eko otsailak 25


Esku-hartzea Nafarroako Gobernua, Iruñeko eta Tuterako Artzapezpikutza, "la Caixa" Fundazioa, Nafarroako Kutxa Fundazioa eta Tuterako Udalaren arteko lankidetzari esker egin da


Nafarroako Lehendakari Uxue Barkosek Tuterako Katedraleko Judizioaren Atea aurkeztu du gaur, 15 hilabetez kanpandorreko harriari dagozkion patologiak eta bereziki hezetasuna eragiten dutenak aztertu eta tratatzeko egin diren zaharberritze lanak bukatu ondoren.

Zaharberritzea hau Nafarroako Foru Komunitateak Iruñeko eta Tuterako Artzapezpikutzarekin, "la Caixa" Banku Fundazioarekin, Nafarroako Kutxa Banku Fundazioarekin, Tuterako Udalarekin eta Nafarroako Gobernuari atxikitako Nafarroako Ondare Historikoa Zaintzeko Fundazioarekin 2017ko abenduan sinaturiko hitzarmenari esker gauzatu ahal izan da.

Barkos Lehendakaria pozik azaldu da “dagoeneko begi-bistako emaitzak eskaintzen hasiak diren lan arras gogobetegarri hauengatik”, eta proiektu hau, loturiko lau aldeek “esku-hartzearen finantzaketaz arduratu eta horri buruzko informazio, dibulgazio eta zabalkunde proiektua gauzatzeko, betiere publikoari ondareaz gozatzeko aukera erraztuz” egin duten indarrak biltzeko ahaleginari esker aurrera atera ahal izan dela nabarmendu du.

Halaber, lanei esker, harriaren portaera eta eraikuntzako teknikei buruzko datu berriak ezagutu eta polikromien zati bat berreskuratu ahal izan dela azpimarratu du. “Informazio honetan oinarrituta –adierazi du-, kontserbazioari dagozkion jarraibide batzuk finkatu ahal izan dira, Judizioaren Atearen kontrol eta mantentze lanetarako, izan ere, hauxe da Iberiar Penintsulako hasierako gotikoaren eskulturgintzako sorkuntzarik garrantzitsuenetako bat”.

Ekitaldian, lehendakariarekin batera izan dira Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilari Ana Herrera, Tuterako alkate Eneko Larrarte, CAN Fundazioko lehendakari Javier Miranda, Caixabanken Nafarroako Erakundeetako zuzendari Oscar Insausti eta Iruñeko eta Tuterako artzapezpiku Francisco Pérez.

Zaharberritzea

Esku-hartzearen lehendabiziko zatian, arrosa-leihoan eta ateko paramentua zein modiloidun hegala gainetik zeharkatzen dituen erronda-pasabidean lan egin zuten. Fase hau bukatu ondoren, lanak arkiboltetako figuretan bildu ziren, ordurako jendaurrean. Lehendabizi, zarakar beltza garbitzeari ekin zioten brotxa, eskuila, espatula eta xugarketaren laguntzaz. Horrela, garbiketa geruzaz geruza egitea zen, hurrengo geruzak kendu edo kontserbatzea baloratuz aurrera egin ahala.

Azal gaineko zarakarra kendurik, ondorengo garbiketa laser, mikroproiekzio eta bisturiaren bitartez egin zen, alde bakoitzaren egoitzaren arabera. Horrela, atariko jatorrizko polikromiaren zatikako arrastoak sortuz joan ziren, bereziki zenbait figuraren aurpegi, ile eta jantziei dagozkienak. Fase honen bukaeran, eszenetako pitzadurak estali eta zigilatu ziren.

Gainera isurialdeak zuzendu dira uren ebakuazioa errazteko, kalean zein atariko baoaren lauzaduran. Zoladuraren diseina 1916ko argazkietan oinarritu da. Lanak argiztapen sistema berri baten instalazioaz bukatu dira.

Esku-hartzea osatzeko, aldizkako kontserbazio eta berrikuspenerako jarraibide batzuk finkatu dira.

Orain arte, esku-hartze honen harira egindako gastuak 430.000 euro ingurukoak izan dira.

Proiektuaren idazketa eta zuzendaritza teknikoaz arduratu dira Violeta Romero (zaharberritzailea), Javier Sancho (arkitektoa) eta Alicia Huarte (arkitekto teknikoa), Nafarroako Gobernuko Ondare Historikoaren Zerbitzukoak.

Proiektuaren enpresa adjudikazioduna Gasteizko Artyco S.L. izan da. Beharrezko azterlanak egin ondoren, lanak 2018ko ekainaren hasieran abiatu ziren. Geroztik, Artycok hainbat esparrutako 27 profesionalek osatutako lan-talde zabal batez lan egin du, horien artean bi koordinatzaile (zaharberritzailea eta zaharberritzaile-arkitektoa), bi arduradun edo lanetako buru, zaharberritzailea eta zaharberritzaile-arte historialaria, hargin-maisu bat eta obretako maisu bat zeudelarik.

Halaber, horren ezagutza bultzatzeko xedez, esku-hartzeari buruzko informazio, dibulgazio eta zabalkunderako proiektu bat landu da, 700 pertsona inguru bildu zituen doako bisita gidatuak antolatuz urriko zein azaro hasierako asteburuetan. Ikusmina hain handia izan zen, ezen, txandak ireki eta ordu gutxi batzuk geroago, plaza guztiak bete ziren.

Tuterako Katedrala

Tuterako katedrala da Nafarroako eraikin historikorik garrantzitsuenetakoa, tenpluaren, klaustroaren eta barnealdeko aretoen interes artistikoagatik eta barruan dituen ondasun higigarriengatik.

Judizioaren Atea mendebaldeko fatxadan dago, tenplurako sarbide nagusian. Iberiar Penintsulako hasierako gotikoaren eskulturari dagokion sorkuntzarik garrantzitsuenetakotzat jotzen da, ikonografia aparta du eta zenbait ezaugarri formalek Frantziaren iparraldeko zenbait lanekin lotzen dute. Seguru aski XIII. mendearen lehen laurdenean sortua, horren eraikuntza eta taxuketa egundoko kualifikazio artistikoa zuen eskultore tailer batek egin zuen.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa