(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Emakumeen ahalduntze kolektiboa, Nafarroako Gobernuaren martxoaren 8ko kanpainaren ardatz asteartea, 2019.eko otsailak 26


Kontseilariak eta NABIren arduradunek emakume eta gizonen arteko Berdintasunaren arloan abiarazitako ekintza nagusien balantzea egin dute


Transcripción textual del video

Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren bitartez, "Ahalduntze kolektiboaren bidez Berdintasuna eraikitzen" lemapeko kanpaina abiarazi du emakumeen ahalduntze kolektiboa eta parte-hartze soziala babestu eta bultzatzeko, elkartegintzaren zein sareetako lanaren laguntzaz.

Ezkerretik eskuinera, Nerea Álvarez, Ana Ollo, Mertxe Leranoz eta Geno Ochando, kanpainako kartelaren ondoan.

Ezkerretik eskuinera, Nerea Álvarez, Ana Ollo, Mertxe Leranoz eta Geno Ochando, kanpainako kartelaren ondoan. ( irudia handitu )

Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren bitartez, “Ahalduntze kolektiboaren bidez Berdintasuna eraikitzen” lemapeko kanpaina abiarazi du emakumeen ahalduntze kolektiboa eta parte-hartze soziala babestu eta bultzatzeko, elkartegintzaren zein sareetako lanaren laguntzaz.

Kanpaina gaur aurkeztu dute Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollok eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren arduradunek. Kartelarekin batera, kanpainak ikusentzunezko pieza bat du formatu luzean, informazio honi atxikita dagoena, baita sare sozialetarako bertsio laburra ere, Nafarroako osoko emakume taldeen bizipen eta esperientzien bitartez emakumeen ahalduntze kolektiboaren prozesua islatzeko xedez.

Emakumeen Parte-hartze Sozial eta Politikorako Nafarroako Estrategiari atxikitako kanpaina honi esker, beste aurrerapauso bat eman eta ahalduntze prozesua itxi nahi izan da, kasu honetan emakumeen ahalduntze kolektiboa landuz eta emakume-elkarteen arteko sareak sortu eta lan-egutegi bateratuak finkatzeak duen garrantzia azpimarratuz, izan ere, prozesu honek emakumeen parte-hartze soziopolitikoa areagotzea ahalbidetuko du.

Bideoa zein kartelak Nafarroako Gobernuko zerbitzuen bitartez banatuko dira, eta eskatzen duten Toki Erakunde guztiek jasotzen ahalko dituzte, baita emakumeen elkarteek, ikastetxeek, gizarte zentroek, osasun zentroek eta bestelakoek ere. Bideoa telebistetan, zinema-aretoetan eta sare sozialetan izanen da ikusgai eta kartela prentsa idatzian, hiriko autobusetan eta markesinetan, otsailaren 26tik martxoaren 11ra bitartean.


Martxoaren 8ko kartela.

Martxoaren 8ko kartela. ( irudia handitu )

Berdintasuna ardatz

Prentsaurrekoan, kontseilariak eta NABIko zuzendaritza taldeak Nafarroako Gobernuak esparru honetan abiarazitako ekintzen balantzea egin dute. Hartara, Ollo kontseilariak gogoratu du Gobernuak “berdintasuna erdigunean kokatu zuela hasiera-hasieratik, eta horrekin batera, NABI berreskuratu zuela, legealdi batez Berdintasuna Familiaren Institutuan sartuta egon ondoren”. Horri esker, adierazi duenez, “berdintasuna ardatz bihurtu zen Gobernuaren politiketan, eta zeharkakotasuna funtsezko estrategia bilakatu zen berdintasun printzipioa exekutiboaren politika guztietan txertatu ahal izateko”. Kontseilariak Emakumeen eta gizonen arteko Berdintasunerako Foru Lege Proiektua aipatu du, izan ere, haren esanetan, arau honek “Nafarroa abangoardian kokatuko du emakumeen eskubideen aldeko borrokari atxikitako Komunitate aitzindari gisa”.

NABIko zuzendari kudeatzaile Mertxe Leranozek Berdintasun Unitateei emandako bultzada nabarmendu du, “genero-ikuspegia politika guztietan txertatzen lagundu baitu”. Horrez gain, toki entitateekiko, enpresekiko eta gizarte-sarearekiko elkarlana ere azpimarratu du “instituzio eta erakunde guztiak inplikatu baititu gizarte-eredu berdinzaleago baten eraikuntzan”. Bukatzeko, Leranozek Nafarroako Berdintasunerako Kontseilua berritu izana aipatu du, parte-hartzea errazteko, baita emakumeek bizitzako esparru desberdinetan duten presentzia bistaratzea helburu duen Berdinna Sariaren sorrera ere.

Bestalde, NABIko Sustapen eta Kudeaketako zuzendariorde Geno Ochandok garatutako beste proiektu nagusietako bat nabarmendu du, Emakumeen Parte-hartze Sozial eta Politikorako Estrategia, eremu publikoetan zein erabakiak hartzeko guneetan duten parte-hartzea handitzea xede duena. Honexeri atxikitakoak dira Emakume Politikarien Foroa eta EmakumeON-Nosotras programa, ahalduntze indibidual eta kolektiboari loturikoak. Bukatzeko, zuzendariordeak berariaz azpimarratu du Nafarroako Gobernuaren barnean egindako lana, bereziki Formakuntza Ibilbidearen bitartez pertsonalari eskaini zaion formakuntza edota legealdi honetan Gobernuko departamentu guztiak bilduz sortutako Berdintasunerako departamentu-arteko Batzordearen lana partekatu izana.

Azkenik, NABIko Plangintza eta Programetako zuzendariorde Nerea Alvarezek, berdintasun printzipioaren zeharkakotasunari helduz, departamentu guztiei eragiten dien proiekturik garrantzitsuenetako bat aipatu du, Genero Ikuspegia duten Aurrekontuak, Ogasunak NABIrekin lankidetzan lideratutakoa. Horrekin batera, Nafarroan erabilgarri dauden baliabideak hedatzeko ahalegina azpimarratu du. Horren harira, Emakumeen aurkako Indarkeriaren Arreta Integralerako Taldeak bi talde berriren sorrerari esker Nafarroa osora hedatu izana aipatu du, edota harrera baliabideen hobekuntza eta salerosketaren biktima diren emakumeentzako baliabide espezifiko baten sorrera. Bukatzeko, Salerosketaren aukako Nafarroako Foroaren berraktibazioa eta emakumezkoen mutilazio genitala prebenitzeko Protokoloa nabarmendu ditu.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa