(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Altsasuko enplegu agentzi berria ekainean irekiko da osteguna, 2019.eko otsailak 28


Lehengo Bidezainen Etxean kokatuko da, eta irekiera NLko aldez aurreko hitzordu sistemaren ezarpenarekin batera eginen da


Ezkerretik eskuinera, María Ángeles Montes, Paz Fernández, EEZPko ordezkari Altsasuko enplegu agentzian Elena Larumbe eta Altsasuko Enplegu Agentziako arduradun Miguel Ángel Jorge. ( irudia handitu )

Altsasuko enplegu agentzia berria García Ximenez plazan duen egungo kokapenetik Iruña Hiribideko lehengo ‘Bidezainen Etxera’ aldatuko da maiatzaren bukaeran, eta ondorioz, ekainaren hasierako egunetatik aurrera, jendaurreko arreta bulego berrietan emango da. Irekiera Nafar Lansareko (NL) aldez aurreko hitzordu sistemaren ezarpenarekin batera eginen da.

Kokapen berriak esparru gehiago izanen ditu langabeen formakuntzarako, enpresen arretarako eta hautaketa prozesuak egiteko, pertsonei enpleguari buruzko tramite eta kudeaketak egiteko autonomia handiagoa emango dien ordenagailuz hornituriko esparru berri batekin batera. Halaber, NLk 47.000 euro inguru aurreztuko ditu urtean alokairuen ordainketan, eraikin berria Nafarroako Gobernuaren baita.

Instalazioen hobekuntza eta alokairuei dagokien aurrezkia dakartzen birmoldaleta hau aurrera ateratzeko, NLk, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak (Modernizazio Plana) kofinantzatuta, 658.650 euro bideratuko ditu obretara. Zenbateko honi beste 20.000 euro gehitu behar zaizkio hornidura, telekomunikazio, altzari eta lekualdatze gastuetarako.

Nafar Lansareko (NL) kudeatzaile Paz Fernándezek eta Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren (SEPE) eskualdeko zuzendari María Ángeles Montesek, Altsasuko alkate Javier Ollorekin batera, Arqyme Barricarte y San Román C.P. estudioaren arkitektura-proiektuan oinarrituta Construcciones Maldadía S.L. enpresari esleitu zaizkion obrak martxa onean dabiltzala egiaztatu dute.


Paz Fernández, María Ángeles Montes, Elena Larumbe, Miguel Ángel Jorge, Altsasuko alkate Javier Ollo, Comal enpresa eraikitzaileko eta Nafarroako Gobernuko Ondare atalako langileak, eta Arkitektura taldekoak. ( irudia handitu )

NLko zuzendari kudeatzaileak adierazi duenez, agentzia berri hau izanen da, urtarrilean Burlatan inauguratu zen Iturrondoko agentziarekin batera abiarazitako arreta-eredu integrala ezarriko duen bigarrena. Zentroak enpleguaren aldeko politika aktibo guztiak bilduko ditu, eta Altsasukoaren kasuan, baita formakuntza eta enpresei arreta egiteko baliabide gehiago ere.

“Tramite bulegoaren kontzeptutik, lan merkatuaren errealitatearen araberako lan aktibazio, formakuntza eta orientazioaren eredura igarotzeko, nahitaezkoa da gaitasunak etengabe egokitzea”, azaldu du Paz Fernándezek, NL ezartzen ari den herritarrentzako arreta eredu pertsonalizatua gogoratuz.

Obrak eta instalazioak

Agentzia 11.832,48 metro koadroko partzela batean kokatuko da; lursail horretan, Suhiltzaileen eraikina, Foruzaingoaren eraikina, heliportu bat eta Obra Publikoen biltegiak ere badaude. Obrak azaroan abiatu eta martxoaren hondarrean bukatuko dira. Lehengo Bidezainen Etxeko barneko aldea egokituko da, egitura aldatu gabe.

Esparrua partekatuko dute NLk (lan aktibazioa, enplegu eskaintzak eta formakuntza) eta SEPEk, prestazioak eta subsidioak kudeatzeko.

Zehazkiago esanda, beheko solairuko 183,35 metro koadrotan jardungo da: SEPErentzat gordetako gunea (22,3 metro koadro bulegorako, eta beste 18 metro koadro itxaron-gelarako), NL-NEZen gunea (37 metro koadro bulegorako, eta 18 metro koadro itxaron-gelarako), eta horiez gain, komuna, atariak, erabilera anitzetarako gela bat, areto bat, bi zuzendaritza-bulego eta orientatzaile batentzako beste bulego bat ere izanen dira.

Instalazio berriei esker, arreta hobetu ahalko da. Horrez gain, langabeek “wifi gunea” erabili ahalko dute tramiteak on line egiteko eta lan-bilaketari, ikastaroetan izena emateari eta abarri lotutako zenbait kudeaketa era autonomoan egiteko.

Bestalde, lehenengo solairuak, 188 metro koadro inguruko azaleran, NLko esparru hauek bilduko ditu: itxaron-gela, bi bilera-gela, formakuntza-gela bat, artxiboa eta biltegia, eta bi bulego. Esparru hauen bitartez, NLk enpresentzako zerbitzua hobetu nahi du, arreta hobea emanez eta langileak hautatzeko prozesuetarako tokia eskainiz. Egungo agentziak bulego bakarra dauka. Areto horietan, orobat, taldeko ekintza eta formakuntza-jarduera gehiago nahiz gaitasun profesionalak eta pertsonalak garatzeko jarduera gehiago egin ahalko dira. Bigarren solairua hutsik geldituko da, etorkizunean zabalkuntzak egin behar badira ere, eta agentziak azkenik, aparkaleku handiagoa izanen du.

Zerbitzu gehiago eta hobeak emateko instalazioak hobetzearekin batera, agentzia joan-etorriak saihesteko neurriak hartzen ari da, ahal den neurrian, dokumentazioa posta elektroniko bidez trukatzeko eta tramitazioa Interneten, mugikorrerako aplikazioen eta telefonoaren bidez egiteko aukera bultzatuz, NLren estrategiaren barnean.

Langabezia murrizteko intentsitate handiagoa

Altsasuko agentziak 838 langabe erregistratuak zituen 2018aren bukaeran, aurreko urtean baino % 7,8 gutxiago (71 pertsona gutxiago) eta krisia gorengo mailan zegoen 2013. urtean baino % 46,9 gutxiago (741 langabe gutxiago). Hartara, 2013-2018 epealdian, langabeziaren jaitsiera askoz ere nabarmenagoa (10 puntutik gora) izan da eskualde honetan Nafarroa osoan baino, komunitateko langabeziaren beherakada % 36,2koa izan baita.

2018an, Altsasuko eremuan, NLk elektrizitatea, akaberak, pintura eta bestelako jarduerei buruzko 11 ikastaro antolatu zituen 177 ikasleren parte-hartzeaz. Sunsundegui eta Aldakin enpresei erantzunez gauzaturiko formakuntza nabarmendu behar da, beste hainbat jardueraren artean, baita ERSISI eremu sozialeko I+G+b programan parte hartu zuten pertsonei eskainitako garbiketari buruzko formakuntza ere.

Enpresa hauekiko eta bestelakoekiko lankidetzak langileen gaikuntza hobetzen eta profil berriak txertatzen laguntzen du. Adibidez, Sunsundeguik ehun bat langile kontratatzea aurreikusia du.

Halaber, bulego honek 133 entitate publikoren eta 234 enpresa pribaturen 367 lanpostu kudeatu zituen.

Lurralde garapenaren arloan, agentziak Sakanako Garapen Planean eta eremuko Behatoki Sozioekonomikoan parte hartzen du, tokiko enpresari eta eragileekiko harremanei eutsiz.

2019rako, enplegu bulego honetan, industriarako balio anitzeko langileen formakuntzarako, soldaduran trebatzeko zein giltzarrizko gaitasunak eta alfabetizazio informatikoa hartzeko ikastaroak antolatzea aurreikusi da. Halaber, lan orientazioa eta aktibazioaren barnean, alderdi pertsonalei eta bilaketa-tresnei buruzko saioak eta tailerrak eskainiko ditu.




Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa