(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

DNA Bankuari esker, San Kristobaleko gotorlekuan hildako 36ko biktima bat identifikatu da astelehena, 2019.eko martxoak 4


Identifikazio berriarekin, jada 22 pertsona entregatu zaizkie haien familiei Nafarroako Gobernuaren Deshobiratze Planaren esparruan


1936ko kolpeko biktimaren gorpuzkinak deshobiratzen.

1936ko kolpeko biktimaren gorpuzkinak deshobiratzen. ( irudia handitu )

Nafarroako Gobernuak Bake, Bizikidetza eta Giza Eskubideetako Zuzendaritza Nagusiaren bidez sortutako DNA Bankuari esker, 1936ko kolpe militarreko biktima berri bat identifikatu ahal izan da, Berriobeitiko Oteiza hilerriko hobitik ateratakoa 2010. urtean. DNA laginek zehaztu ahal izan dute gorpuzkinak Agustin de Lucas Sanchezenak direla; hau da, 1938ko urtarrilaren 31n San Kristobaleko Gotorlekuko presondegian hildako eta Oteizako hilerrian lurperatutako segoviar presoarenak.

2010. urtean, Aranzadi Zientzia Elkarteak, "Los 5 de la Nava" elkarteak eskatuta, Ezkabako presoen prospekzioak eta deshobiratzeak burutu zituen inguruko hainbat hilerritan. Horietako bat Berriobeitiko Oteizakoa izan zen, identifikatzerik izan ez ziren bi gizonen gorpuzkinak atera baitzituzten.

Agustín de Lucas Robledo de Chavelakoa zen (Madril) eta Nava de la Asunciónen (Segovia) bizi zen; bertan, trenbideko faktore bezala egiten zuen lan. Kolpe militarraren ondoren, atxilotu egin zuten, kondenatu eta San Kristobaleko Gotorlekuko presondegira eraman zuten 1937ko abuztuaren 18an; han egon zen harik eta hil arte. Beste hainbaten kasuan bezala, leku hartako bizi-baldintza izugarriek haren osasuna hondatu zuten, eta sei hilabete baino lehenago hil egin zen. Segoviako 330 preso egon ziren Ezkaban, 17 gaixotasunez hil ziren eta beste 21 erailak edo hilak izan ziren 1938ko maiatzaren 22ko ihesaldiaren ondoren.

184 espediente eta 22 identifikazio

Identifikazio hau Nafarroako Gobernuak DNA Bankuaren bitartez orain arte egindako lanean kokatzen da. Bankua 2016an sortu zen, eta Nasertic enpresa publikoak kudeatzen du. Denbora honetan zehar, 184 espediente ireki dira, eta 21 pertsonaren gorpuzkinak entregatu ahal izan zaizkie haien familiei; kasu berri honekin 22. Identifikatzeko lanak konplexuak dira eta batzuetan bidera ezinak hezurrak degradatuta egoteagatik edo emaile egokirik ez izateagatik, baina erreparazio-prozesuei amaiera emateko bidea dira, gorputzak familiei entregatuta.

Legegintzaldi honetan, guztira 84 gorputz berreskuratu dira 19 deshobiratzetan. Huts egindako beste prospekzio batzuk ere egin dira, baina hainbat kasutan oso garrantzitsuak izan dira aurkitzeko eta ondoren deshobiratzeko.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa