(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroak klima-aldaketa arintzeko eta hartara egokitzeko egin duen lana Bilbon eta Donostian egingo diren nazioarteko bi jardunalditan astelehena, 2019.eko martxoak 4


Departamentuko arduradun nagusiek Donostiako Change the Change nazioarteko konferentzian eta Bilboko Garapen Jasangarrirako Eskualde Gobernuen Sarearen (nrg4SD) urteko biltzarrean hartuko dute parte aste honetan


Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko arduradun nagusiek Euskal Autonomia Erkidegoan klima-aldaketari buruz egingo diren nazioarteko bi topaketetan hartuko dute parte aste honetan: Donostiako Change the Change nazioarteko konferentzian, eta Bilboko Garapen Jasangarrirako Eskualde Gobernuen Sarearen (nrg4SD) urteko biltzarrean.

Hain zuzen ere, gaurtik aurrera, martxoak 4, astelehena, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusi Eva García Balaguerrek Garapen Jasangarrirako Eskualde Gobernuen Sarearen (nrg4SD) urteko biltzar nagusian hartuko du parte Bilbon; zehazki, gaur, hilak 5, asteartea, hitz egingo du, biodibertsitateari, garapen jasangarriari eta klima-aldaketari buruzko eskualdeen mahai-inguruan.

Garapen Jasangarrirako Eskualde Gobernuen Sarea, Nafarroa ere biltzen duena, erakunde orokor bat da, eta eskualde-gobernuak (estatuak, eskualdeak eta probintziak) ordezkatzen ditu klima-aldaketaren, biodibertsitatearen eta garapen jasangarriaren arloetan, Nazio Batuen hitzarmen eta agendetako aginduei jarraikiz. 2002an sortu zen, Johannesburgeko Munduko Gailurrean, eta, gaur egun, lau kontinentetako 30 herrialdetako 50 kide baino gehiago ditu.

Elizalde kontseilaria eta emakumeen lidergoa Change the Change konferentzian

Bestalde, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilari Isabel Elizalde izango da Change the Change Klima Aldaketari buruzko Nazioarteko Konferentziako adituen programako hizlarietako bat. Donostian izango da konferentzia, martxoaren 6an, 7an eta 8an.

Elizaldek martxoaren 8an hitz egingo du, «Emakumeen lidergorako bultzada» panelean. Kursaalen izango da goizeko 9etatik aurrera, 10:40 aldera arte. Nafarroak klima-aldaketaren aurkako borrokan egin duen lana azalduko du Elizaldek; hain zuzen ere, urrian Departamentuak antolatu zuen Emakumeak eta Klima Aldaketa Topaketaren harira Departamentuak sustatzen duen Klimaren aldeko emakume aktiboak ekimena.

Change the Change konferentziak martxoaren 8rako duen egitaraua Emakumeen Nazioarteko Egunean kokatzen da, eta, antolatzaileen arabera, «konferentziaren egun horretan, emakumeak goraipatuko dira, beren lidergoarekin etengabe eragina baitute gizartean eta beste ikuspegi bat eskaintzen baitute hainbat arlori buruz, tartean klima-aldaketa arintzeari eta hartara egokitzeari buruz». Hauekin batera arituko da Elizalde: Paula Caballero, Rare erakundeko Klimaren eta Uraren zuzendari nagusia; Valvanera Ulargui, Espainiako Gobernuko Klima Aldaketaren Espainiako Bulegoaren zuzendari nagusia; Laura Zúñiga Cáceres, giza eskubideen aldeko aktibista eta Hondurasko Erakunde Indigenen eta Herritarren Hiriko Kontseiluko (COPINH) kidea; eta Elena Moreno, Eusko Jaurlaritzako Ingurumeneko sailburuordea, anfitrioi gisa.

Change the Change konferentzia Eusko Jaurlaritzak, Espainiako Gobernuak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak antolatu dute, eskualdeek klima-aldaketaren kontrako borrokan duten funtsezko zeregina aurkezteko, klima-aldaketako munduko 50 adituren ikuspegian eta esperientzia iradokitzaileetan oinarrituta.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa