(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

NICDOk martxoaren 11tik 16ra bitartean eginen den Punto de Vista Jaialdiaren programazio osoa aurkeztu du osteguna, 2019.eko martxoak 7


Saio eta ekitaldi guztietarako sarrerak salgai daude jadanik ohiko kanalen bitartez


Jaialdiaren karteletako bat ( irudia handitu )

Nafarroako Gobernuaren NICDO sozietate publikoak lehendabiziko aldiz oso-osorik antolatu eta Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuak sustatu duen Punto de Vista Jaialdiaren hamahirugarren edizioak martxoaren 11tik 16ra bitartean Iruñean eskainiko duen programazioa aurkeztu du. Jaialdia zazpi atal nagusitan banatuta antolatuko da: Sail Ofiziala, mundu osoko herrialdeetatik inskribatu diren 1.160 film baino gehiago barne hartuko dituena; Atzera Begirakoak, abangoardiaren nahitaezko izenak diren Marcia Hafif eta Jonathan Schwartz artistak aztergai; DOKBIZIA, erreala denarekin nolako harremanak dituzten azaltzeko hainbat diziplinatako artistak bilduko dituen topaketa; Punto de Vista Labs deritzenak, jakintza-trukea eta sormen kolektiboa lantzeko esparruak; Foku Garaikideak, nazioarteko zinegile garrantzitsuenetako batzuei buruzko gai bakarreko saioak; Saio Bereziak, X Films gisako programak, Euskadiko eta Nafarroako zinegileen arteko Paisaia topaketa edota Planetarioan antolatutako filmen zikloa tarteko dituztenak; eta azkenik, Hezkuntza Programa, jaialdia publiko berriei irekitzeko hazten jarraitu duena

Jaialdiaren barnean antolatuko diren saio eta ekitaldietarako sarrerak salgai daude jadanik, online zein Baluarteko txarteldegian, Punto de Vistaren egoitza nagusian.

Marcia Hafif artistari buruzko atzera begirakoa

Kaliforniako Pomono herrian jaiotako Marcia Hafif (1929-2018) artista plastikoari buruzko atzera begirakoak egungo pintura monokromatikoaren erakusgarri nagusietakotzat jotzen den nazioarteko izen handiko artista honen lana izango du aztergai. Ikusmenari zein hizkuntzari dagozkien dimentsioen arteko harremanak dibergentziazkoak dira Hafifen lanetan. Batzuetan, haren ahotsak zuzenean argumentuari jarraitu eta mugimenduan ageri den irudia azaltzen du. Beste batzuetan, kontaketa ekintzatik urrundu eta pantailaren gertatzen ari denarekin zerikusirik ez duten gidoi-pasarteak lantzen ditu. Muntaketa Hafifen filmen teknika bereizgarria da; hasierako filmetan, behatzaile isilaren antzera, eguneroko bizimoduaren koreografiak grabatzen zituen; 1970eko hamarkadaren hasieraz geroztik taxututako sormen-lanetan, aldiz, filma egitura antolatzeko bitarteko gisa erabiliko du, ohiko kontaketaren ordez. Mugimenduko irudiaren eta testuaren arteko konbinazioari esker, munduari buruzko ikuspegi subjektiboa bideratzen du, feminismoa (Notes on Bob and Nancy) eta espiritualtasuna (India Time) gisako gaien inguruan. Pantailaratuko dituen lanen artean, Clouds eta Letters to J-C delakoaren bi bertsioak ere aipatu behar dira.

Tokiko artistendako esparrua

Asteartean, martxoak 12, tokiko artistek ekoitzitako lana izanen da protagonista nagusia. Hartara, Euskadiko eta Nafarroako zinegila eta programatzaileen arteko bilera eginen da, eta PAISAIA sailean bildutako azkenaldiko lanak ikusteko aukera emanen zaio publikoari. Edizio honetan ikusgai dauden filmen arteko ildo tematikoa denboraren joanerari eta honen ondorioei buruzko gogoetarekin lotuta dago, hainbat ikuspegi eta abordatze formaletatik aztertuta: iraganeko gertaeretara itzuliz; paisaiaren eraldaketek dakartzaten aldaketak aztertuz; egungo bilakaera itsuari argi metaforikoa emanez; edota garai batetik bestera maitasun-harremanak ulertzeko moduei buruz sortu ohi diren belaunaldien arteko aldeak arakatuz. Ikusleak, Jesús María Palaciosena; 592 metroz goiti, Maddi Barberena; Ancora Lucciole, Maria Elorzarena; eta Amor Siempre, Maider Fernández Iriarterena.

Saio bereziak: John Price eta Robert Beaversen azken filmak

John Pricek azkenaldiko filmak erakutsiko ditu, gehienak orain arte inoiz ikusi gabeak. Jaialdira etorriko den Kanadako zinegile independente hau dokumental esperimentalak, dantzari buruzko filmak eta diary filmak ekoizten hasi zen 1986an. Argazkigintza analogikoarekiko zaletasunak bultzatuta, esperimentazio alkimiko zabala jorratu zuen hainbat film-emultsiorekin eta kamera-formaturekin. National Film Board, Kanadako Arteen Kontseilua, Ontarioko Arteen Kontseilua eta Torontoko The Liaison of Independent Filmmakers erakundeen babesa izan du. Haren lana nazioarteko jaialdi eta galerietan izan da ikusgai. Film hauek pantailaratuko ditu: Detroit 2010-2016, Dispersal area, Rob, Seven eta Naissance des étoiles #2.

Robert Beavers (Massachusetts, 1949) zuzendariari buruzko programak zinegile esperimental estatubatuar honen azkenaldiko lana bildu du. Deerfield Academytik irten zen 1965ean, graduatu baino lehen, New Yorken zinema egiteko asmoz. 1967ra arte New Yorken bizi izan zen, harik eta, Gregory Markopoulos lankidearekin batera, Estatu Batuetatik Europara joatea erabaki zuten arte. Azken urteotan, askotxo dira hari buruzko atzera begirakoak antolatu dituzten erakundeak: Londresko Tate Modern, New Yorkeko Whitney Museum, Berkeleyko Art Museum and Pacific Film Archive eta Vienako Filmmuseum, besteak beste. Film hauek pantailaratuko ditu: Pitcher of colored light, Among de Eucaplyptuses, Listening to the space in my room, The Suppliant eta Der Klang, die welt.

Punto de Vista Labs: Luke Fowler eta Museum of Clouds

Jakintza partekatu eta sormen kolektiboa sustatzea xede duen Punto de Vista Labs deritzon sailaren barnean, Glasgown bizi den Luke Fowler artista, zinegile eta musikariak zinemagintzan ardatz izan dituen soinuari eta artxiboei buruzko masterclass saioa emango du. Bestetik, Bukaerako Ekitaldian, Enceindre pantailaratuko du, XVI. mendeko bi hiri gotorturi buruzko (Berwick, Ingalaterrako ipar-ekialdean, eta Iruñea, Nafarroan) zinema eta soinu bidezko azterlana ezagutzera emateko. Filmak defentsarako harresi eta bastioien multzo historikoa ezaugarri duen hiri baten barnean bizitzeak dakartzan oihartzun psikologikoak ditu aztergai.

Punto de Vista Labs sailean, halaber, 2018ko urrian Londresko Tate Modern museoan abiarazitako Museum of Clouds proiektua finkatuko da. Prozesuan dagoen proiektu porotsu eta malgua izateko diseinatu zen, azken urteotan zinema mota jakin batean zirriborratuz joan den paisaiari buruz pentsatzen lagunduko digun irudimenezko esparru ibiltaria balitz bezalaxe. Oraingoan, Museum of Clouds, paisaia hori taxutu eta programaziorik zinema bultzatzen duten pertsona horien lana eta kuratore-jarduna artatzeko etorri da Punto de Vistara. Proiektuaren bertsio honen barnean, kuratoreen arteko bilerak eta jendaurreko aurkezpenak antolatuko dira zenbait gairi buruzko gogoetak bultzatu eta ikuspegiak partekatzeko; hala nola, arte eta zine erakundeen eta jaialdien artean dauden lan egiteko moduen desbedintasunak, audientziak eraiki eta programazioan barna gidatzeko moduak, programazioaren inguruko komunitatea indartzeko modua, edota ziklo batera hurbiltzerakoan kontuan hartu beharreko sormen arloko jakingarriak eta gai semantiko eta kontzeptualak. Oraingo honetan, Jaialdiak lanbide honetako hiru profesional handi hauek izango ditu lankide: Dennis Lim, New Yorkeko Lincoln Centerreko Film Societyko programazio zuzendaria; Eva Sangiorgi, Viennaleko (Vienna International Film Festival) zuzendaria; Edwin Carels, Rotterdameko nazioarteko zinema jaialdiko programatzailea, eta Mark Peranson, Berlinaleko programatzailea. Museum of Clouds Garbiñe Ortegak eta Andrea Lissonik (Senior Curator, Tate Modern Film) komisariatu dute.

2019ko Punto de Vistaren aurkezpena

2019ko Punto de Vista jaialdiaren aurkezpenari dagokionez, irudirik gabeko zinema-jaialdi batena izanen da. Aldi berean, inoiz ez dira bildu horrenbeste irudi pantaila bakar batean. Aurten, Punto de Vistaren aurkezpena zenbait artistaren lanaren arteko konbinazioa izanen da: Chris Watson soinu-artista ingelesa Ánde Somby yoikerrarekin eta Zazpi T’erdi kolektiboko errealizadoreekin batera. Ahotsa aurtengo edizioko motibo nagusietakoa izanik, Europa iparraldeko Sami deritzon komunitate indigenaren unibertsora hurbiltzen da, izan ere, ahotsaren eta antzinako kantuen bitartez, modu xamanikoan kanalizatzen dituzte pertsonak, animaliak eta naturako elementuak, ibaia edo harria kasu, baita lurraren azpian dauden energiak ere.

Akreditaturiko profesional eta ikasleen kopuru errekorra

Jaialdirako akreditazioen itxierak kopuru errekorra ekarri du mundu osotik etorrita bilduko diren profesionalen parte hartzeari dagokionez. Guztira, 200 profesionalek baino gehiagok bisitatuko dute Punto de Vista, zinegileak, irakasleak eta programatzaileak barne hartuta, eta azken hauen artean, Berlinale, Locarnoko Zinema Jaialdia eta Washingtongo National Galleryko programatzaileak daude. Akreditatutako ikasleen kopuruan ere errekorra lortu da: aste osoan, ESCAC (Bartzelona), EQZE (Donostia), ECAM (Madril), Master LAV (Madril) eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko 140 ikaslek bisitatuko dute Jaialdia irakasleekin batera, eskolako zereginetan zenbait egunetako etenaldia eginez Punto de Vistara etorri ahal izateko.

2019ko Punto de Vista jaialdiaren laguntzaileak

13. edizioan, Punto de Vistak harremanak indartu ditu Iruñeko Udalarekin, Nafarroako Kutxa Fundazioarekin, Planetarioarekin, Nafarroako Filmotekarekin, Uharteko Arte Garaikideko Zentroarekin, Donostiako Elías Querejeta Zinema Eskolarekin eta Radio 3 irratiarekin, eta bidelagun berriak ere gehitu ditu: Nafarroako Unibertsitateko Komunikazio Fakultatea, Reina Sofia Arte Zentroko Museo Nazionala, Kanadaren Espainiako Enbaxada edota Estatuko zinema eskolekin lantzen ari diren baterako proposamenak.

Gainera, Dennis Lim eta Andrea Lissoni Punto de Vista jaialdian egotea, Acción Cultural Española (ACE) entitateak Espainiako Kultura Nazioartekotzeko Programako (PICE) Bisitarien modalitatean emandako laguntzari esker lortu da.

Komunikabideendako materialak 

Komunikabideendako material grafiko guztiak (kartelak, argazkiak, logoak, stillak, etab.) https://bit.ly/2Bcv1cP webgunean eskura daitezke.

 


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa