(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Eskola eta testuingurua da Nafarroako Eskola Kontseiluaren XXIII. jardunaldien ardatz nagusia astelehena, 2019.eko martxoak 11


Hezkuntzako zuzendari nagusiak ireki ditu Departamentuko beste arduradun batzuk ere partaide izanen dituzten topagune hauek


Roberto Perez Elortza hitzaldia ematen, Nafarroako Eskola Kontseiluaren XXIII. jardunaldien irekiera-ekitaldian. ( irudia handitu )

Martxoaren 11tik 13ra bitartean, Nafarroako Eskola Kontseiluak familiak, irakasleak, gizarte eragileak eta udal arduradunak gonbidatu ditu, ikastetxeen inguruko sare sozialaz gogoeta egiteko. Horixe da XXIII. jardunaldietarako hautatu den gai nagusia, eta horien barnean, eskolarekin zerikusia duten arte, zientzia eta ingurumen arloetako proiektuak partekatuko dira, besteak beste. Jardunaldiak gaur hasi eta asteazkenera arte luzatuko dira, 17:30tatik 22:00etara bitartean, Nafarroako Museoko ekitaldi aretoan.

Topaketa hauen bitartez, hezkuntza komunitatetik eta hezkuntza komunitatearendako landutako gogoeten berri eman eta Nafarroan gauzaturiko hezkuntza arloko esperientzia adierazkorrak partekatu nahi dira. Helburua, hortaz, ikerketa taldeen arteko komunikazio bide egonkorrak eraikitzea da, esperientzia interesgarriak agerian utziz eta gizarteari ezagutzera emanez.

Horren harira, Hezkuntzako zuzendari nagusi Roberto Pérez Elorzak hezkuntza arloko esperientzia horiek ezagutzera emateak duen garrantzia nabarmendu du jardunaldien inaugurazio ekitaldian. Hasteko, Eskola Kontseiluaren lana goraipatu du, eskola komunitatearen mesedeko ekarpen handia egiten duten jardunaldi hauek antolatzeagatik. Horrekin batera, arras egokitzat jo du hautaturiko gaia, izan ere, “eskola inguruko gizartean murgilduta dago, eta gizarte horren kidea den aldetik, gizartearen eragina guztiz agerikoa da ikastetxeetan”.

Hiru egun hauetako programaren barnean, hitzaldiak emanen dituzte irakasleek eta Mankomunitateen zein Hezkuntza Departamentuaren ordezkariek, ikastetxeek egoera bakoitzari, errealitate sozialen eta hezkuntza arloko erronken arabera emandako askotariko erantzunak ezagutzera emateko xedez. Horren harira, Perez Elorzak nabarmendu du, “ikasgelaren barnean zein ikasgelatik kanpo aurkituko dugun askotariko errealitate honi erantzuteko, nahitaezkoa dela ikastetxeen autonomia birpentsatzea”. Ikastetxeen autonomiari dagokionez, zuzendari nagusiak argi utzi du “ez dela berez helburua, ikastetxeen erantzunak ingurunearen beharretara egokitzeko bitartekoa baizik, emaitzak hobetzeko premiak eta gero eta heterogeneoak diren ikasleen moldaketa eta sozializazio beharrak barne hartuz”. Ikastetxeen autonomiaren hobekuntzaren eredutzat aipatu du Perez Elorzak ikastetxeek eskola-jardunaldia hautatzeko duten aukera, betiere ikastetxeak eskaintzen dituen zerbitzuak nahiz aniztasuna artatzeko baliabideek eskain ditzaketenak koordinatuz, baliabideak behar dituzten ikasleei eman beharreko erantzuna koordinatu ahal izateko.

Esperientzia praktikoak tarteko dituen programa

Gaur, jardunaldien inaugurazioaren ondoren, bertaratutakoek Uxue IPan irakasle dabilen Esther Leza Ongayren hitzaldia entzuteko aukera izan dute. Jarraian, Betisa San Millanek (Uharteko Arte Gareaikideko Zentroa) eta Gaizka Zubizarretak (Lizarrako Remontival IP) Artea eta Eskola uztartzen dituen baterako lanaren arloan bildutako esperientzia partekatu dute. Eta gaurko jardunaldiak bukatzeko, Joaquín Sevillak (NUP) eta Ana Esparzak (Azkoiengo Ribera del Arga BHI) zientzia eta eskola uztartuz taxutu duten proiektua azaldu dute.

Bihar, martxoak 12, komunitatea eta eskolaz arituko dira Miguel Cosme (Komunikas Ikasketa Komunitateak) eta Enma Martínez ( Olaztiko Domingo Bados IP). Jarraian, ingurumenaren eta eskolaren arteko harremanei buruz hitz eginen dute Marta Vitalek (Iruñerriko Mankomunitatea) eta Begoña Izquierdo irakasleak (Mendillorri BHI). Eta bihar ere, nazioartekotzea eskola prozesuen eredutzat aztertuko dute Elisa Echeniquek (Hezkuntza Departamentuko Proiektu Europarren Negoziatua) eta Isabel Beltránek ( Iruñeko Padre Moret-Irubide BHI).

Bukatzeko, asteazken arratsaldean, martxoak 13, enplegu sarea eta eskola sortzeko moduaz mintzatuko dira Esther Monterrubio (Hezkuntza Departamentuko Lanbide Heziketako Zerbitzuko Zuzendaria) eta Juan Carlos Ciria (Tuterako ETI IIP). Azken hitzaldian, eskola berrasmatzeko moduaz hitz eginen dute Ander Domblasek (Hezkuntza Departamentuko Antolamendu, Orientazio eta Berdintasun Zerbitzua) eta Joxe A. Iribarrenek (Beriain IP).


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa