(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako Gobernuak 5 milioi euro inbertitu ditu etxebizitza parke publikoa zaharberritzeko eta 87 etxebizitzari dagozkien lehendabiziko obrak lizitatu ditu asteazkena, 2019.eko martxoak 13


Nasuvinsa sozietate publikoak Arrotxapean, Barañainen eta Burlatan hasi du alokatzeko etxebizitza parkeko eraikinik zaharrenen zaharberritze integrala, inguratzaile termikoen nahiz azpiegituren eraberritzea eta biomasaren sarrera barne hartuz


Nafarroak alokatzeko etxebizitza parke publikoan aplikatuko ditu Iruñerriko hainbat auzotako partikularren komunitateen artean bultzatzen ari den zaharberritze integralaren aldeko politikak. Nasuvinsa sozietate publikoak 5,1 milioi euroko guztizko inbertsioa eginen du alokatzeko babes ofizialeko etxebizitza parkean dituen eraikinik zaharrenak eta narriatuenak zaharberritzeko. Planak Arrotxapea (Iruñea) Barañain eta Burlatako zazpi ataritan kokatuta dauden 87 etxebizitzaren erreforma ekarriko du.

Eskubide Sozialetako lehendakariorde Miguel Laparrak ekimen honen berri eman die foru Exekutiboko gainerako kideei gaurko bileran.

Alokairu publikoko hiru sustapen hauetan egin beharreko zaharberritze integraleko proiektuei atxikita daude eraikinen inguratzaile termikoak –Passivhaus Institutuaren EnerPHit energia eraginkortasunari buruzko ziurtagiriari jarraiki–, azpiegituren nahiz berokuntza-sareen eraberritzea eta biomasa gasaren ordezko energia iturri berriztagarri gisa sartzea.

Eraikin horien egoera aztertu eta dagozkien arkitektura proiektuak landu ondoren, Nafarroako Gobernuaren kontratazio atarian argitaratu dira Exekutiboak Iruñeko Arrotxapea auzoko Barcacio kalean dituen 20 etxebizitza, Burlatako Ezkabazabal Plazako 38 etxebizitza eta Barañaingo Arga Ibaia plazako beste 29 etxebizitza zaharberritzeko lizitazioak.

Obretarako lizitazioen zenbatekoak

Arrotxapeako lehiaketaren lizitazioak 711.496 euroko (BEZ kanpo) gehienezko zenbatekoa du, Barañaingoak 1.151.620 eurokoa, eta zenbatekorik handiena, lanen konplexutasunaren kariaz, Burlatako proiektuari dagokio, 2.381.686 eurokoa. Kopuru hauei gehitu behar zaizkie arkitektura-proiektuei, baimenei eta BEZaren %10ari dagozkien beste 4,2 milioi euro. Ondorioz, etxebizitzako sozietate publikoaren guztizko inbertsioa 5 milioi eurotik gorakoa izanen da.

Hiru lizitazio hauetan interesatuta dauden enpresek apirilaren 12ra arte irekia dute eskaintzak Nasuvinsari helarazteko epea, eta gauzatze-lanen aurreikusitako gehienezko iraupena zazpi hilabetekoa da lehendabiziko bi proiektuen kasuan eta zortzi hilabetekoa Burlatan.

Nasuvinsako talde teknikoek Arrotxapea, Barañain eta Burlatako promozio horietako errentero guztiak deitu ditu, bi aste barru antolatuko duen bileran parte har dezaten, etxebizitza horietan egingo diren zaharberritze lanen xehetasunak ezagutzera emateko, izan ere, esku-hartze horiek, etxebizitzak hobetzeaz gain, energia kontsumoari dagozkion abantailak ekarriko dituzte, baina lanek dirauten hilabete horietan zenbait gorabeherari ere aurre egin beharko diete.

1.145 etxebizitzatako parkea

Nafarroako Gobernuak beraren ondareko 1.145 etxebizitzaren errentamendua kudeatzen du –baita partikularrek Gobernuari utzitako alokairu-poltsako beste 656 etxebizitza ere–, eta lehendabiziko sustapenek –30 urtetik gorako adina duten eraikinetan– zaharberritze lanak behar dituzte, egungo narriatze egoerari aurre egiteko.

Hala ere, etxebizitzako enpresa publikoak behar honetaz baliatuta inbertsioa handituko du eraikinen zaharberritze energetiko integrala egiteko, azpiegiturak, fatxaden estaldura, energia eraginkortasunari buruzko maila altuko irizpideak dituzten inguratzaile termikoak eta berokuntza-sistemen eraberritzea bideratuz, beste hainbat erreformaren artean. Zaharberritze lanak alokatzeko parke publiko osora hedatzeko xedez, Nafarroako Gobernuak esku-hartzea nahitaezkoa zuten 87 etxebizitzari eragingo die lehendabiziko fase honetan, eta gerora begira, esku-hartze hau beste sustapen batzuetara ere hedatuko du.

Nafarroako Gobernua hiri kontsolidatuan zaharberritze energetikoa eta hiri-birsokuntza bultzatzeko bideratzen ari den politikak etxebizitza parke pribatura ere hedatu dira, auzokideen komunitateei zuzendutako laguntzen bitartez eta Efidistrict eta SustaiNAVility proiektu europarrak bultzatuz; hauetako lehena Txantreako Orvina multzoan, eta bigarrena, aurten bertan abian jarritakoa, eredu berbera Antsoain, Barañain, Noain, Atarrabia eta Zizur Nagusiko beste eremu batzuetan ezartzeko.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Dokumentazioa:
Bideoa
Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa