(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Gobernuak Down-en Sindromea duten pertsonen aldeko konpromisoa erakutsi du osteguna, 2019.eko martxoak 21


Down-en Sindromearen Munduko Egunaren kariaz, Nafarroako kolektiboaren ordezkariek erreibindikazioak helarazi dizkiete Eskubide Sozialetako, Kulturako, Osasuneko eta Hezkuntzako arduradunei


Down-en Sindromearen Nafarroako Elkartea Laparra kontseilariaren ondoan, Eskubide Sozialen egoitzan. ( irudia handitu )

Ostegun honetan, martxoak 21, Down-en Sindromearen Munduko Eguna dela kontuan harturik, Down-en Sindromearen Nafarroako Elkarteko kide batzuk Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako, Kultura, Osasun eta Hezkuntza departamentuen egoitzetara joan dira esparru hauetan dituzten erreibindikazioak helarazteko xedez.

Lehenik eta behin, Eskubide Sozialetako lehendakariorde Miguel Laparrak hartu ditu González Tablas 7ko egoitzan, eta irakurritako testuarekin ados dagoela adierazi ondoren, “Down-en Sindromea duten pertsonen autonomia eta zahartzaroa hobetzearen aldeko eta enpleguan, etxebizitzan nahiz gizarte inklusioan bizimodu independentea bermatzeko behar dituzten baldintzak sortzearen aldeko konpromisoa” helarazi die, berarena eta Gobernu osoarena.

Handik Kultura Departamentura abiatu (Nabarreria, 39) eta Ana Herrera kontseilariak eta Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendari Carmen Orozek harrera egin diete. Herrerak, Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentutik antolatutako jarduera eta programetan Down-en Sindromea duten pertsonak kontuan hartzeko borondate eta konpromisoa adierazi die, eta horrekin batera, zorionak eman dizkie aldarrikapenak zuzenean Departamentura helarazteko ekimenagatik. Orozek kultur ekintzaren arloan gauza bera egitera gonbidatu ditu.

Jarraian, Osasun kontseilari Fernando Domínguezek entzun ditu beraren departamentuaren inguruko erreibindikazioak. Domínguezek bisita eskertu eta argi utzi die bertaratutakoei Osasun Departamentuak “interesik handienaz eta jarrerarik onenaz aztertuko duela proposaturiko neurriak aplikatzeko aukerarik ba ote dagoen, Down-en Sindromea duten neska-mutilen bizi-kalitatea hobetzeko”. Halaber, kontseilariak aitorpenezko hitzak esan ditu senitartekoei eta elkartearen arduradunei buruz, “kolektibo honen aldeko lan eskergagatik”, eta bertan ziren guztiei eskatu die, bereziki Down-en Sindromea duten pertsonei, “ahalegin eta ilusio berberaz lan egiten jarrai dezatela, gizarteko esparru guztietan erabateko inklusioa lortu arte”.


Laparra, elkartearen aldarrikapenen irakurketari kasu egiten. ( irudia handitu )

Azkenik, Hezkuntza Departamenturako sarreran, iritziak trukatu dituzte elkarteak, Hezkuntzako zuzendari nagusi Roberto Pérezek eta Antolamendu, Orientazio eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuko zuzendari Ander Domblásek. Pérezek, aurten hautaturiko “Gaur nigatik, bihar zugatik” leloari jarraiki, argi utzi du “gaur eta beti zuengatik izanen dela, izugarrizko zorte ona baita zuek ikasgelan izatea”. Halaber, kalitatezko hezkuntza inklusiboak “oso oinarri argia” duela esan du: “bizitza osoko ikasketa sustatuko duen hezkuntza jasotzeko eskubidea”.

Bestalde, Domblásek adierazi du “Down-en Sindromea duten ikasleak ohiko ikasgelan txertatzeko aukera bermatu eta sustatzeak” izan beharko lukeela helburu orokorra. Horren harira, bi arduradunek modu positiboan baloratu dute behar bereziak izan eta ohiko ikastetxeetara joaten diren ikasleen kopuruan gertatzen ari den igoera, ikastetxe horietan inklusioa eta eskola arrakasta bermatzen zaizkien heinean. CREENA da ikasle hauen arreta koordinatzen duena etapa guztietan.

Horrekin batera, argi utzi dute, Lanbide Heziketan Nafarroa dela desgaitasun intelektualari atxikitako eskaintzarik handiena duten autonomia-erkidegoetako bat, ikastetxe berezietan nahiz Foru Komunitate osoko ohiko moduluetan. Taldeak daude hogeita hamar bat ziklotan, 4 urteko iraupenarekin, eta CREENA arduratzen da horien harrera eta arreta guztiaz.

Elkartea

Down-en Sindromearen Nafarroako Elkartea irabazi-asmorik gabeko entitatea da, Down-en Sindromea duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko eta eskubideak defendatzeko ekintzak bideratzen dituena. Nafarroako Foru Komunitatean lan egiten du eta Down Espainiari (Down-en Sindromearen aldeko Erakundeen Espainiako Federazioa) atxikita dago.

150 bazkide eta 200 laguntzaile baino gehiago ditu. Elkartea 1990ean eratu zen Down-en Sindromea zuten pertsonen guraso talde baten ekimenez, desgaitasun honek dakartzan arazo berezietarako konponbideak bilatu ahal izateko.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Argazki galeria.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa