(Edukira Joan)

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren
Institutua

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

8. Alerta: Andel bat lehertzea soldadura lan batean

2019ko abendua

Istripua:

Paper-orea fabrikatzean, askotariko hondar-likidoak sortzen dira, osaera ezezaguna eta aldakorra dutenak. Likido horiek prozesuan erabiltzen diren produktu kimiko ez-organikoak dituzte, baita zelulosa den lehengaitik datozen substantzia organiko disolbatuak ere. Ingurumen eta ekonomia arrazoiak direla eta, likido horiek andel osagarri batzuetan biltzen dira, gero berreskuratu ahal izateko. Bildutako likido horri “likore beltza” esaten zaio.

Andel horietako batean hainbat ihes aurkitu ziren. Andela metalezkoa zen, edukiera handia zuen, atmosferara irekia zegoen, eta instalaziora konektatua zegoen tutuen bidez. Tutu horietatik, hondar-likidoak biltzen ziren prozesuaren jatorri guztietatik, eta likore beltza berreskuratze zirkuiturantz bideratzen zen.

Egun hartan, instalazioaren aurreko sekzio bateko etena programatu zen konponketak egiteko, eta, andela horretara konektatua zegoenez, hori ere konpontzea erabaki zen. Aurretik egindako konponketetan bezala, lehendik zeuden pitzadurak itxi behar ziren kanpoaldetik soldadura aplikatuta.

Langile talde batek lana prestatu zuen, ihes guztiak lokalizatu eta markatu zituen, isolamendurako inguratzailea kendu zuen, andela hustu zuen, eta lurruna injektatu zuen barruan egon zitezkeen gasak aterarazteko. Hurrengo egunean, beste langile bati eskatu zitzaion pitzadurak soldatzeko. Enpresan ezarritako prozedurei jarraikiz, langileak plataforma jasotzailea erabiltzeko baimenak eta lan-baimenak bete zituen beroan. Jarraian, sua itzaltzeko baliabideez arduratzen zen lankidearen laguntzaz eta beharrezko ekipoak eta materialak hartuta, andelerantz abiatu, eta lehen ihesa konpontzen hasi zen, behealdeko bat, hain zuzen. Soldatzen hasi eta berehala, andela lehertu, altxatu eta erori zen. Zorionez, andelak ez zuen zauritu eremuan zeuden bi langileetako bakar bat ere.

Arrazoiak:

Mota horretako ezbeharrek efektu suntsitzaileak dituzte beti. Hori dela eta, beti zaila da ezbeharren balizko jatorria identifikatzea. Kasu honetan, baiezta daiteke leherketaren jatorria kimikoa izan zela: andelean substantzia leherkorren bat metatuko zen, eta soldadura egitean su hartu zuen.

Une horretatik aurrera, eta kontuan hartuta, alde batetik, arloa ez zegoela sailkatuta atmosfera lehergarriak izateko arriskua duen eremu gisa (likidoa ez baitzen leherkorra) eta, beste aldetik, aurreko aldi batzuetan soldadura egin zela inolako istripurik egon gabe, usteak edo susmoak baino ez daude gertatu zenari buruz: Zer egin zen ezberdin, eta nondik etorri ahal izan zen substantzia leherkorra?

Prebentziozko gomendioak:

Edozein mantentze-lan egin baino lehen, garatu beharreko lanei lotutako arriskuen berariazko ebaluazioa egin beharko da, batez ere mantentze-lan hori ohiz kanpokoa bada haren konplexutasunagatik, jardueren pilaketagatik edo arriskutsuak izan daitezkeen eragiketak egin behar izateagatik.

Horrela egindako ebaluazioak balio beharko du bai egon daitezkeen arriskuak identifikatzeko, bai lanak segurtasun baldintzen pean gauzatze aldera hartu beharreko prebentzio neurriak planifikatzeko.

Neurri horien artean, honako hauek daude: kontrol zerrenden definizioa, lan segururako jarraitu beharreko jarraibideak eta/edo lan prozedurak (hartu beharreko gordailatze neurriak adierazita), eta aldi bereko edo segidako mantentze-lanak egiten dituzten lantaldeen koordinazioa eta ikuskapena.

Beste edozein lanetan bezala, lan horiek gauzatuko dituzten langileek prestakuntza eta informazio egokiak jaso beharko dituzte.

Bai prebentzio zerbitzuak, bai lanak gauzatuko diren ataletako agintariek eta lanez arduratuko diren langileen unitateetako agintariek, aurreko prebentzio jarduera guztietan hartu beharko dute parte.

Gogoratu:

Kasu honetan, gordailatze prozedura osoa aplikatzeko, lau fase bete behar izan ziren: 

  1. Andela instalazioaren gainerako sekzioetatik banantzea
  2. Banantzeko gailu guztiak blokeatzea
  3. Substantzia arriskutsu guztiak xahutzea/hustea
  4. Aurreko hiru ekintzek beren helburua bete dutela egiaztatzea

“Beti bezala jokatu genuen, eta ez zen inoiz ezbeharrik gertatu” Baina horrek ez du esan nahi aurretik ongi egiten zenik: beharbada gaizki egiten zen hasieratik, baina zortea izan genuen (egun horretan zorterik gabe geratu ginen arte).

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa