(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Tronu Aretoa

Nafarroako Jauregiko areto nagusia

Arriba, detalle del Salón del Trono. Abajo, detalle del artesonado.

Tronu Aretoa

Tronu Aretoa da Nafarroako Jauregiko areto nagusia. Bertan daude irudikatuta Nafarroako Erresumako historian izan diren gertaera eta pertsonaia nagusiak. Errege Aretoa eta Ekitaldi Publikoen Aretoa ere esan izan zaio. Garai hartako areto frantsesen estiloaren arabera apaindu zuten (1861-1865 bitartean). Oso dekorazio oparoa du, eta hormez gainera, sabaia eta zorua ere apainduta daude.

Tronu Aretoko sabaian Nafarroaren alegoria bat da dekorazio motibo nagusia: emakume bat, eserita dago, buruan koroa du, eskuineko eskuan palmak eta erramuak ditu, eta jakinduriaren tenpluari begira dago. Oinetan, hainbat bandera ditu, iragan loriatsua irudikatzen dutenak, eta fruitu, labore eta mahatsondoz osatutako multzo batek lurra lantzeak eskaintzen duen ugaritasuna irudikatzen du. Hondoko paisaia naturalean aurrerabidearen bi osagai enblematiko nabarmentzen dira: lantegi bat eta trena, Noaingo akueduktua zeharkatzen. Nafarroaren alegoria hori lau bertute kardinalez inguratuta dago: Zuhurtzia, Justizia, Sendotasuna eta Neurritasuna, era alegorikoan irudikatuak horiek ere. Bost margolan horiek Miguel Angel Azparren nafar artistak eginak dira, 1862. urtean, hain zuzen ere.

NAFARROAKO ERREGE-ERREGINEN GALERIA

Tronu Aretoko lau hormen goialdean Nafarroako Errege-erreginen galeria dago. Gorputz osoko 32 erretratuz osatua da, hain zuzen ere, VIII. eta XV. mendeen artean Nafarroan errege-erregina izan zirenena; zegokien garaiko jantziez daude (ikus Galeriako Errege-erreginen zerrenda).

Lan historizista bada ere, horixe da Nafarroako Errege-erreginen galeria handiena, eta azken sei errege-erreginak baino ez dira falta: Blanka Nafarroako, Joan I.a, Leonor, Frantzisko Febo, Katalina Foixkoa eta Joan Albretekoa. Pinturak 1864. urtean egin zituzten Joaquin Espalter, Francisco Aznar, Constancio Corona, Alfredo Ferran eta Francisco Mendoza artistek.

TRONU ARETOAREN ATALAK

Eszena Historikoak. Hamar oihalez osatutako multzoa da, Tronu Aretoaren hainbat mailatan txertatuta daude, eta Nafarroako Erreinuaren hainbat eszena historiko deskribatzen dituzte. Multzoan bi nabarmentzen dira, beren tamaina eta garrantzia dela-eta: Nafarroako lehenengo erregearen aldarrikapena eta Navas de Tolosako gudua. Ateen eta balkoien gainean beste zortzi gertaera historiko erakusten dira: San Ferminen erlikien aurkikuntza, Orreagako bataila, Olasteko bataila, errege musulmanek Antso III.a Nagusiari ordaindutako zerga, Antso III.a Nagusiaren testamentua, Karlos II.a Gaiztoa Ailleuxeko espetxetik askatu zutenekoa, Karlos III.a Nobleak Iruñeko Burgoei Batasuneko pribilejioa eman zienekoa, eta Nafarroako Gorteetako saio bat Erdi Aroan. Francisco Aznar, Constancio Corona eta Alejandro Ferrant dira margolan horien egileak.

Nafarroako lehenengo erregearen aldarrikapena: Iruñeko lehenengo erregea irudikatzen da: zutik agertzen da, ezkutuaren gainean, hiru gerrarik eutsita, eta gotzainaren bedeinkapena eta herriaren aldarrikapena jasotzen dituela ikusten da. Eszena mendiz eta haitzez osatutako paraje natural batean sartuta dago. Joaquin Espalter-ek egin zuen margolana 1864an.

Navas de Tolosako Gudua: eszena honetan Antso VII.a Indartsua nafar erregea da irudi nagusia; zaldi gainean eta lantza topean duela agertzen da, bere gerrarien buru, gudaroste almohadarengana doala, Navas de Tolosako guduan, 1212ko uztailaren 16an Andaluzia iparraldean. Francisco Aznar-ek egin zuen margolana 1864an.

Tronua: Aretoko gune nagusia honako osagai hauek osatzen dute: hiru maila gainean dagoen oholtza, belusezko errezel baten azpian, eta tronua osatzen duten bi zeremonia aulki. Espainiako Errege-erregina Txit Gorenek bakarrik erabil ditzakete horiek. Urre koloreko bi eserleku dira, rococo estilokoak; arrano baten irudia dute eta belus gorriz tapizatuta daude. Tronuek, bizkarraldean, Nafarroako ezkutua dute brodatuta.

Nafarroako kateak: Tronua estaltzen duen errezeletik Antso VII.a Indartsua erregeak 1212an gerrako trofeo gisa ekarritako burdinazko kateen hamabi maila daude zintzilik, gudaroste almohadeen kontra izandako garaipenaren ikur gisa; kate horiek Nafarroako ezkutua osatzen dute. Maila horiek Iratxeko monasterioan egon ziren XIX. mendera arte.

Navasko tapiza: Tronuaren atzean, Navasko zutoihalaren erreprodukzio bat dago, 1954. urtekoa. Arte almohadeko pieza berezia da, Koraneko marrazki geometrikoek eta esaldiek osatua. Alfontso VIII.a Gaztelako erregeak sari gisa ekarri zuen, Navas de Tolosako gudutik (1212); Nafarroako eta Leongo erregeekin batera jardun zuen gudu hartan borrokan. Jatorrizko zutoihala Huelgasko monasterioan gordeta dago, Burgosen. Erreprodukzioa Ondare Nazionaleko Cuevotarrek egin zuten.

Marketeriako oholtza Tronu Aretoko gainalde guztia Parisko M. Laurent etxeak egin eta 1862an Lazaro Peruchena arotzak ezarritako marketeria lan zoragarri batek estalita dago. 500 erronbotik gora dira, askotariko landare irudi eta gai artistikoez apainduak; greka artistiko batek inguratzen du areto guztia. Aretoaren erdian erronbo handi bat dago; Nafarroako armarria ageri da erronbo horretan, indarraren eta aintzaren sinbolo diren haritz eta ereinotz hostoez apainduta.

Pertsonaia itzaltsuen bustoak: Nafarroako kulturako hamar pertsonaia ospetsuren bustoak ikus daitezke aretoko zerrendarik altuenean. Alboetako burualdeetan San Fermin eta San Frantzisko Xabierkoaren bustoak daude, 1657. urtetik Nafarroako Erresumako zaindari kide diren santuen bustoak. Gainerako bustoak Iruñeko kardinal eta gotzain Martin de Zalbarena, Joaquin Javier Uriz gotzainarena (1747-1829), Jose Moret historialariarena, Martin de Azpilicueta doktorearena, Vianako Printze Karlos Evreuxkoarena, Miguel de Ancheta eskultorearena, Martin Perez Lizarrakoa arkitektoarena eta Pedro Nafarroakoa mariskalarena dira.

Altzariak eta apaingarriak: Tronu Aretoa XIX. mendearen erdialdeko Frantziako aretoen antzera apaindu zuten. Hori dela eta, altzari gehienak Paristik ekarriak dira. Zortzi ispilu handi daude izkinetan –horietako lau, Nafarroako armarri handi batzuek burutuak–, eta aretoaren luzapenaren perspektiba eragiten dute. Altzarien osagarri gisa, aipatzekoak dira lau kontsola urre kolore eta harri kristalezko armiarmak eta pareta argiak. Apaindura orokorrerako urre koloreko osagaiak eta margoak erabili ziren, eta kolore gorriko belusak ere bai. Apaingarri asko daude –aingeruak, heraldoak, girlandak eta grekak– pinturen, bustoen, armarrien eta ispiluen inguruan.

TRONU ARETOKO GELAURREA

Tronu Aretora sartzeko, gelaurre batetik igaro beharra dago. Ataritik gora igotzen diren eskailera bikiek bat egiten duten gunean dago gelaurrea, eta artelan aipagarri ugari ikus daitezke bertan, adibidez Vianako I. Printzearen erretratua, XVII. mendeko tapiz flandestar bat, mahai gaineko apaingarriak (erlojua eta argimutil urre koloreak, rococo estilokoak) eta chipendale estiloko aulki batzuk.

GELAURREAREN XEHATASUNAK

Vianako I. Printzearen erretratua: neurri handiko olio pintura –2,50 m zabala eta 3,10 m altua–, Vianako I. Printze Karlos Evreuxkoaren erretratua (1421-1461). Verdugo Landiren kopia bat da, jatorriz Moreno Carbonerok margotutako lan batean oinarritua. Margolan horretan, Karlos Evreuxkoa bere estudioan dago, liburu zahar batzuen alboan, bere erbitxakur leiala oinetan duela. Koadroa Erremate Aretoan egon zen 1933. urtera arte.

Elias eta aingeruaren tapiz flandestarra: tapiz flandestar handia, XVII. mendean Peter Paul Rubensek marraztu eta Franz Van der Hekek ehundua. Biblian oinarritutako irudia da: Elias igarlea agertzen da, Horeb mendirako bidean, eta aingeru bat, Eliasi basamortuan ogia eta ura eskaintzen.

Ohorezko beira arasa: gelaurrera sartu aurreko galerian dago, eta interes historiko nabarmeneko zenbait pieza daude bertan gordeta. Pieza horien artean, bereziki aipatzekoak dira XVII. mendeko zilarrezko hiru ontzi, Nafarroako Gorteetan bere hiru Besoek (Nobleak, Eliza eta Hiribilduak) bozketa egiteko erabiltzen zituztenak, eta Nafarroako Gorteei 1602an eman zizkioten zilarrezko mazoak, gaur egun hotsandiko ekitaldietan erabiltzen direnak.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa