(Edukira Joan)

Castellano | Euskara | Français | English

Elikadura osasungarria eskola adinean

Haurtzaroko elikadura erabakigarria da oraingo eta etorkizuneko ongizatea bermatzeko. Nutrizio elikagarri eta orekatuaren bidez gorputza ezin hobeki garatzen ahal da, eta horrek, besteak beste, ikasteko gaitasuna hobetzen du, defentsak suspertzen ditu eta pisu egokian egotea ahalbidetzen du; faktore horiek guztiek eragina dute helduen osasunean.

Haurtzaroan hartzen ditugu elikadurarekin loturiko bizi ohiturak, eta ikastetxeek zerikusi handia dute zeregin horretan, geroz eta haur gehiagok jaten baitute eskoletako jantokietan. Eskolak, dakigunez, ikasteko inguruneak dira, eta beraz, oso garrantzitsua da haurrek “ongi jaten eta euren burua zaintzen” ikastea eskolan, beste ezagutza alorretan ikastea bezain garrantzitsua, kultura jakinduria hori guztia baliagarria baita etorkizuneko herritarrek prestakuntza integrala izan dezaten.

Horrez guztiaz gain, eskola jantokia hezteko eta sozializatzeko gunea ere bada; are gehiago, psikomotrizitate abileziak ikastea ez ezik, beste pertsona batzuekin eta ingurunearekin harremanak –orekatuak eta eraikitzaileak– estutzea eta arauak eta balioak –gainerako pertsonak errespetatu eta onartzekoak eta gure planeta zaintzekoak– barneratzea bultzatzeko aukera ematen dute eskola jantokiek.

  

Elikaduraren bidez, tokian tokiko ondare gastronomikoaz gain, balio zibikoak –hala nola tokiko ekoizleak aintzatestea, jasangarritasunez jokatzea eta ingurumena errespetatzea– ere transmititzen ahal dira.

Nafarroako Foru Komunitateko haur eskoletan eta unibertsitatez kanpoko ikastetxeetan elikadurako eta ariketa fisikoko ohitura osasungarriak sustatzeko neurriak ezartzen dituen urtarrilaren 16ko 3/2019 Foru Dekretuan (2019ko 21. NAO, urtarrilaren 31koa) adierazitakoari jarraitzen dio gida honek; elikaduraren alderdirik garrantzitsuenak berrikustea da gida honen helburua. Gida honen bidez, elikadurarekin loturiko kontzeptu batzuk argitu nahi dira, baita tokiko eta sasoiko produktu freskoak biltzen dituzten menuen programazioak erakustea ere, adibide gisa; halaber, egoera berezietarako menu alternatiboak ere proposatu nahi dira; azkenik, jantokiaren zeregina berrikusiko da, eskola jantoki osasungarri, jasangarri eta hezitzaileak lortzeko bidean aurrera egite aldera.


Material hau Eskolako menuak planifikatzeko elikadura gidan oinarritu da. Gurasoei zuzenduta dago, eta gidan haur zein nerabeendako elikadura osasungarriari buruz dauden gomendioen laburpena du barnean.

Ikasturtearen hasieran banatzen da ikastetxeen bidez. Izan ere, garai ona izaten da, ikastetxetik ematen diren aholkuez gain, eskola erkidego guztiarendako bizitza osasungarriagoa izateko proposamenak eguneratzeko. Oinarrizko osasun-laguntzako zentroetako pediatria arlotik ere banatzen da.

  


 


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa