2021ko urriaren 18a

Osasun Departamentuak datorren astelehenean hasiko du gripearen aurkako txertoa, eta COVID-19aren aurkako hirugarren dosiarekin konbinatuko da 70 urtetik gorakoen eta arrisku oso handiko biztanleen artean

60 eta 69 urte bitarteko pertsonek gripearen aurkako txertoa bakarrik jasoko dute, aste honetan telefonoz eta online zabalduko den kanpaina batean
Campaña de vacunación de gripe y COVID-19.
camera_alt Campaña de vacunación de gripe y COVID-19.  Deskargatu irudia collections Irudi galeria

Osasun Departamentuak gripearen aurkako txertaketa-kanpainarekin hasiko da datorren astelehenean, urriaren 25ean, eta, ezaugarri bereizgarri gisa, COVID-19aren aurkako txertoaren dosi gehigarri batekin konbinatuko da 70 urte eta gehiagoko pertsonen kasuan, bai eta arrisku oso handiko populaziotzat hartzen direnen kasuan ere (Osasun Ministerioaren estrategiaren 7. taldea)

Hitzordua emateko prozesua aste honetan hasiko da, eta, era horretan, SMS mezua bidaliko zaie 60 urtetik gorako xede-biztanleei, ezarritako bideen bitartez (telefonoa, web hitzordua eta posta elektronikoa) txanda hartu dezaten. Bide horiek autozitarako irekita egongo dira, betiere dagokion txertoa hartzeko baldintzak betetzen badira. Hasierako mezuak bidaltzeaz gain, Osasun Departamentuak telefono-deiak egingo ditu kanpainan zehar.

Bestalde, gripearen aurkako dosia bakarrik hartzeko xede-populazioa 60 eta 69 urte artekoek osatuko dute kanpainan eta adin horretatik beherako pertsonek ere bai, baldin eta osasun-egoeragatik ahultasun handiagoa badute, edo arriskuen aurrean lan egin behar duten profesionalek eta birusa biztanleria ahulagoari transmititzeko aukera handiagoa dutenek ere bai. Azken talde horien zerrenda osoa Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren  (ISPLN/NOPLOI) Buletinean kontsulta daiteke, esteka honetan, gripearen aurkako txertaketan aritzen baita.

Talde ezberdinei hitzordua emateko prozedura

60 eta 69 urte arteko pertsonak gaurtik aurrera hasiko dira SMS mezuak jasotzen kanpaina hasi dela jakinarazteko; modu horretan, hitzordua eskatu ahal izango dute Internetez (citasalud.navarra.es web gunean), posta elektronikoaren bidez (citas.vacunacion@navarra.es) edota haien osasun-zentrora telefonoz deituta edo, haien osasun-eremuaren arabera, zenbaki hauetara deituta: 948 370 130 Iruñeko Osasun Eremurako, 948 370 140 Tuterakorako eta 948 370 135 Lizarrako Osasun Eremurako.

Bestalde, datorren asteazkenean, hilak 20, pixkanaka SMSak bidaltzen hasiko dira 70 urteko eta hortik gorako pertsonei eta arrisku oso handiko taldeetakoei; zaharrenetatik hasiko dira, eta COVID-19aren aurrean txertoaren bigarren dosia jaso zutenetik sei hilabete igarotzen doazen heinean aurrera jarraituko dute. Internet bidez edo posta elektronikoaren bidez hartu ahal izango dute hitzordua. Telefono bidezko hitzorduari dagokionean, soilik talde honentzat egongo da irekita, osasun-eremu bakoitzerako aurreko paragrafoan adierazitako zenbakiekin.

Gehigarri moduan, Osasun Departamentua pixkanaka harremanetan jarriko da talde horretako adin handieneko segmentuekin, eta, kanpaina aurrera doan neurrian, “bigarren aukerako” deiak egingo dizkie txertoa jasotzeko baldintzak betetzen dituzten eta hitzordurik hartu ez duten pertsonei. Arrisku oso handiko pertsonekin (Ministerioaren estrategiako 7. taldea) zuzenean jarriko da harremanetan Osasun Departamentua hitzordua emateko, COVID-19aren aurrean hirugarren dosia hartu dutenekin izan ezik, baina horiek hitzordua hartzeko deia egin beharko dute gripearen aurkako txertorako.

Biztanleria-talde ahuletako pertsonek beren osasun-zentrora deitu beharko dute gripearen aurkako txertoa hartzeko eguna eta ordua izateko. Lanbidea dela-eta, gripearen aurkako txertorako xede-populaziokoak diren pertsonen kasuan, aurreko urteetan bezala jokatuko da; alegia, oro har, hitzordua eta txertoa hartzeko prozedura laneko arriskuak prebenitzeko haien zerbitzuek koordinatuko dute.

Iruñeko eremuko osasun-zentroen ordutegia zabaltzea

Txertaketa batik bat osasun-zentroetan burutuko da, eta egoera jakin batzuetan FOREMean kokatutako txertaketa-puntuaren laguntza izango da.

Eskari guztia artatze aldera, Iruñerriko zenbait osasun-zentroren ordutegia arratsaldetan luzatuko da, txertoak jartzearren. Hiri-eremuan, zehazki, zentro hauek izango dira: Azpilagaña, Burlata, Txantrea, Ermitagaña, II. Zabalgunea, Iturrama, Arrotxapea eta San Juan; landa-eremuan, berriz, Azkoien, Tafalla eta Zangozako zentroak. Gainera, Iturrama eta San Juan zentroak larunbat batzuetan goizez irekiko dira txertoa jartzeko.

Era berean, horrela nahiago duten pertsonek txertoa hartzeko aukera izango dute FOREMean astelehenetik igandera, 8:30etik 21:0etara.

Txertaketaren denboraldi arrunta abenduaren 2ra arte luzatuko da. Egun horretatik aurrera, txertoa jarriko zaie kanpainaren epez kanpo sartzeko irizpideak betetzen dituzten pertsonei (haurdun berriak, arrisku-faktoreak dituzten paziente berriak, arrisku-taldeetan sartutako nazioarteko bidaiariak) edo bere garaian txertoa hartu ezin izan zutenei.