(Edukira Joan)

Castellano | Euskara | Français | English

Aftak

Aholegarrak, afta edo ultzera ere deituak, aho barreneko zauri zurixka edo horixkak dira, ingurua gorritua dutenak. Oso mintsuak izaten ahal dira, eta matrailen eta ezpainen barnealdeko mukosan agertzen dira, edo mingain azpian, ahosabai bigunean edo hortzoietan.

Tratamendurik gabe ere, ultzera aste batean edo bitan desagertzen da. Zentimetrotik gorako ultzerak sendatzeko prozesua luzeagoa izan daiteke (3-4 aste).

Aholegarrak ez dira kutsatzen. Zenbait faktorerekin lotu izan da aholegarrak agertzea: infekzioak, bitamina-falta, haurdunaldia, menstruazioa, alergiak eta estresa. Nork bere ezpaina edo matraila hozkatuz gero, errazago agertzen dira aholegarrak, baita ordezko hortzengatik ere.

Zer egiten ahal dugu aholegarren mina baretzeko?

  • Ez hartu janari berorik, ez gazirik, ez zitrikorik.
  • Behar bezala garbitu ahoa, hortzak eta hortzoiak.
  • Ordezko hortzeria baduzu, ongi zaindu (eduki garbi eta ongi doitua).
  • Ahoa ur gaziarekin edo alkoholik gabeko klorhexidinarekin garbitu.
  • Ultzeran ur oxigenatua eman (urarekin nahasirik, kontzentrazioa erdira jaisteko).

Tratamendua botikekin

Ez dago botika espezifikorik aholegarrak sendatzeko. Mina arintzeko, erabili ohi duzun analgesikoa hartu.

Erne egon, eta osasun-etxera joan edo deitu baldin eta:

  • Ultzera zentimetro batetik gorakoa bada, edo traba bada jateko, edo bi astean sendatu ez bada.
  • Sintomek okerrera egiten badute, edo sukarra, beheitikoa, buruko mina edo azaleko erupziorik baldin baduzu.
  • Urtean hirutan edo gehiagotan izaten baduzu aholegarrik.


Edozein zalantza duzula ere, galdetu osasun-etxeko erizainari.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa