Castellano | Euskara | Français | English
Jarraibideak:
Katarroak aste batean edo bitan sendatu ohi dira, antibiotikoen premiarik gabe, pazientziari eta zenbait zainketari esker. Hona hemen eman ohi diren aholkuak:
Higiene neurriak:
Garbitu eskuak maiz, erabili botatzeko mukizapiak, eta tapatu sudurra eztul eta/edo doministiku egitean.
Tratamendua botikekin:
Ez dago katarrorako tratamendurik, berez sendatzen baita; antibiotikoek ez dute balio birusak hiltzeko.
Sintomak tratatzeko, analgesiko-antitermikoak hartu (parazetamola, esaterako), botiken argibide-orriak dioen bezala.
Ez da komeni 16 urtetik beherakoek aspirina hartzea, medikuak espresuki agindu ez badu.
Sudurreko zanbra horren kontra eta arnasari laguntzeko, kongestioaren kontrakoak lagungarriak izan daitezke, baita suero fisiologikoa edo ur gazia ere.
Eztula idorra edo karkaxaduna izan daiteke, eta mukiak aterarazten laguntzen du. Horregatik, ez da komeni desagerraraztea. Oso amorragarria bihurtzen bada, ahoko antiseptikoak hartzen ahal ditugu, edo zintzurreko aznahiaren kontrako goxokiak, eta, eztul motaren arabera, karkaxak kanporatzekoak (mukia ateratzen laguntzen dute) edo eztularen kontrakoak (eztularen erreflexua inhibitzeko).
Erreparatu aldaketei, eta osasun-etxera joan edo deitu baldin eta:
Arnasa hartzeko zailtasuna handia bada edo karkaxak berdexkak edo odolduak badira.
Sukarra altua bada, 3-4 egunetik gora irauten badu, edo egun bat sukarrik gabe pasatu eta gero berritzen bada.
Bularreko edo saihetseko mina baduzu.
Belarriko mina edo zorne-isuria baduzu.
Sintomek 10 egun baino gehiago irauten badute, edo okerrera eginez gero.
Egunak joan egunak etorri, eztulak bere horretan segitzen badu, bortitza bada, eta ohiko bizimoduan traba bada.
Arriskuko gaixoak badira: ume txikiak, haurdun dauden emakumeak, zaharrak, edo gaixotasun kronikoren bat edo immunoeskasiaren bat dutenak.