(Edukira Joan)

Castellano | Euskara | Français | English

Osasunaren alde bidea eginez

Gizarte batek izan dezakeen aberastasunik handiena osasuna da. Osasuna, gainera, aberastasun iturria eta lehen mailako inbertsio soziala da, gizarteko beste funtzioak bultzatzeko gaitasun handia duena. Nafarroak osasun ona izatea ez da bakarrik Osasun Departamentuaren edo Osasunbidearen ardura; izan ere, gure gizartea eratzen duten pertsona eta gizarte-eragile guztiena ere bada.

Osasun sistema eredugarria dugu, urte askotako ahaleginekin, inbertsioekin eta trebetasun profesionalarekin eratu dena. Baina une erabakigarrian gaude, erronka handi baten aitzinean, datozen urteetan jasangarria izanen dela eta hobetuko dela bermatu behar baita. Zahartze eta kronikotasun gero eta handiagoak, itxaropen gero eta indartsuagoak, gizartearen gehiegizko medikalizatzea edo aurrerapen teknologikoen sarrera etengabea (aurrerapen horiek aukera berriak sortzen dituztelarik, nahiz eta eskaria asko handitzen duten eta horri eustea zaila izan). Egoera honen aurrean, hainbat traba daude, gure erantzunen ahalmena eta jasangarritasuna arriskutan jartzen dituztenak: gure ingurune ekonomiko beti mugatua, zainketen eta zerbitzuen zatiketa, beste estamentu batzuekiko koordinaziorik eza, araudiaren zurruntasuna eta gure sistemaren inertzia, erreaktibotasunera eta zerbitzuak ematera bideratzen dena prebentziorantz eta arazoen benetako ebazpenerantz abiatu beharrean.

Erronka hauei aurre egiteko, premiazkoa da aldaketak sartzea osasun sisteman. Honek pertsona bakoitzaren eta gizarte osoaren erronka eta konpromisoa eskatzen ditu, aditzean ni pertsonarekin batera gu jokatzea, baliozko ezer ekartzen ez duten errutina, klixe, aurreiritzi eta inertziak uztea, eta, osasun gehiago sortzearren, haien lekuan ezartzea paradigma berriak, pazientea eta haren beharrak gehiago artatzen dituztenak. Horrenbestez, osasun sistema eraberritu behar da, egun ditugun alderdi positibo guztiak erabiliz eraikuntza horretan.

Aldaketak iraupen luzekoa behar du izan, baina mailaz mailakoa, atzerapenik eta arrisku handiko jauzirik gabe. Oinarrizko agiri honetan –eta hemen baino xehetasun handiagoz “Helburuak eta jarduerak” izenburukoan– Osasunbideak abiarazi beharreko jarduera ildoak proposatzen dira, erronka hauei aurre egiteko.

Indarraldia 2020 artekoa badu ere, plan hau sortu da bide bati hasiera eman nahirik, hainbat urte gehiagorako norabidea izan dezagun urtero eguneraketak eginez; izan ere, proposatutako aldaketa askok denbora behar dute erabat gauzatzeko. Orobat sortu da berrikuntzak sartu nahirik etengabeko ikaskuntzaren ondorioz, ikaskuntza horrek ahalbidetuko duelarik kultura eta antolaketa aldatzea osasunaren alorreko emaitzak etengabe hobetzeko.

  


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa