(Edukira Joan)
comienza contenido web

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Zer da gizarte-berrikuntza?

Guretzat, gizarte-berrikuntza partaidetza-prozesu bat da, eta, prozesu horretan, gizarte-erronkei aurre egiteko eta bizi-kalitatea hobetzeko beste modu batzuk sortzen, garatzen eta martxan jartzen dira, enpresa-jardueraren bidez. Horrela, gizarte-eredu jasangarriagoa, parte-hartzaileagoa eta pertsonengan arreta handiagoa jartzen duena sortzen da.


Zer da Nafarroako Gizarte Berrikuntzako Unitatea?

Gizarte Berrikuntzako Unitatea Garapen Ekonomikorako Lehendakariordetzaren ekimena da, eta, haren bidez, enpresa-jarduera eta kalitateko enplegua sortzen duten gizarte-berrikuntzako proiektuak sustatzen dira, garapen ekonomiko berritzaileagoa, bidezkoagoa eta jasangarriagoa izateko funtsezko gako gisa. Bokazio eraldatzailea dugu, eta gure helburua da aldaketa sistemikoak sortzea, ekintzak ereduaren egiturazko elementuetara bideratzea, eta bestelako dinamikak, harreman-sistemak, taldeak eta kultura sortzea, gizarte-berrikuntza Nafarroaren DNAren funtsezko osagai bihurtzeko.

Jarduera aitzindaria eta garrantzitsua da, eta, Foru Komunitatean lehenengo aldiz, erreferentzia-organo bat sortuko du, Nafarroan gizarte-eragin positiboa sortzen duten ekimen ekonomikoak sustatzeko. Gure komunitateak, munduko beste eskualde batzuek bezala, gizarte-erronka konplexuei egin behar die aurre, hala nola enplegua, zahartzea, gizarte-kohesioa eta aldaketa klimatikoa. Erronka berriek irtenbide berriak behar dituzte. Hori dela eta, beharrezkoa da gizarte gisa berritzea eta erronka handi horietarako irtenbide bideragarriak eta jasangarriak aurkitzea. Berrikuntza teknologikoa eta enpresa-berrikuntza oso baliotsuak eta beharrezkoak dira, baina, beste ekonomia- eta gizarte-eredu bat eraikitzeko, ezinbestekoa da berrikuntza horiek gizarte-berrikuntzako prozesuekin osatzea.

UiS3 unitatearen eginkizuna da eraldaketa sakon horri heltzen laguntzea, planetako eskualderik aurreratuenetako eredu ekonomikoan gertatzen ari den aldaketaren harira. Eta, eraldaketa horri heltzeko, Nafarroako garapenaren eta berrikuntzaren muinari (alegia, eragile ekonomikoei eta oro har gizarteari) entzun behar zaio, harekin elkarlanean aritu behar da, eta harekin jardun.

Pasa den ekainean hasi zen lanean Unitatea, eta, lehenengo fasean, mundu-mailako erreferentzia diren gizarte-berrikuntzako zentroen elementu nagusiak aztertu dira, hainbat herrialdetan (Erresuma Batua, Finlandia, Australia, Alemania, Kanada, Danimarka, Hego Korea…); Nafarroako Unitatearen eredua definitu da; eta jarduera ekonomikoa, eraldaketa eta gizarte-eragin positiboa izan dezaketen gizarte-berrikuntzako proiektuak identifikatzen hasi da.

Gobernantza parte-hartzailea

Gizarte Berrikuntzako Unitatea Nafarroako Gobernuaren Gizarte Ekonomia Bultzatzeko 2017-2020 Plan Integraleko jarduera garrantzitsu gisa sortu da. Plan hori Politika Ekonomiko eta Enpresarialeko eta Laneko Zuzendaritza Nagusiak egin du, Nafarroako CEPESekin elkarlanean. Gizarte-ekonomia oso plataforma egokia da Gizarte Berrikuntzako Unitatea ezagutarazteko. Eskualdeetako Europako Lantaldeak berak dioenez, «gizarte-berrikuntza egoki susta daiteke gizarte-ekonomiaren bidez. Gizarte-ekonomiako ekimenek kohesio soziala, ekonomikoa eta lurraldekoa handitzen laguntzen dute».

Baina, ahalmen berritzaile handiagoa garatzeko, komeni da Gizarte Berrikuntzako Unitatea berrikuntzaren osagai teknologikoari lotzea ere, eta Nafarroako berrikuntza-sistemaren bihotzean kateatzea. Orobat, Eskualdeetako Europako Lantaldearen hitzetan, «gizarte-berrikuntza eta berrikuntza teknologikoa elkarren osagarri dira, eta hain zuzen ere osagarritasun hori bultzatuta lor daitezke emaitza garrantzitsuak gizartearentzat. Gizarte-berrikuntzako proiektuek eragin handiagoa dute gizartean eta oro har ekonomian, euskarri teknologikoekin konbinatzen direnean».

Politika Ekonomiko eta Enpresarialeko eta Laneko Lehendakariordetzak, Nafarroako CEPESek eta ADItech fundazioak berak koordinatuko dute Unitatea. Elkarlaneko gobernantza honek Nafarroako gizarte-ekonomiaren eta berrikuntza-sistemaren arteko konexio-nodo gisa kokatzen du UiS; gaitasun berritzailea txertatzen du gizarte-ekonomian, eta gizarte-alderdia indartzen du Foru Komunitatearen ikerketa- eta garapen-ahaleginean.


Imagen

Gizarte-berrikuntza eta gizarte-ekonomia:ahaideak gara?

Abizen bera dute… besterik? Bai, arima eta DNA. Gizarte-berrikuntzak eragina izan nahi du; hau da, gizarte-arazoak konpondu nahi ditu, irtenbide berritzaileak erabilita. Hori da agerikoena, ezagunena. Baina beste gauza asko ere badaude. Helburu gisa, asmo handiagokoa da erronka, gizartea eraldatu nahi baitu, harreman bidezkoagoak eta gizatiarragoak dituen mundua eraiki, pertsonak tresna ez baizik eta erdigune edo funts gisa ikusten gaituen gizarte bat sortu.

Horretaz gain, partaidetzaren genomak bien DNA aberasten du. Gizarte-berrikuntzak, bai filosofiagatik, bai metodoagatik, tartean diren pertsona guztiek parte hartzea eskatzen du. Eta partaidetza horren indarra bikoitza da, bai kantitatean, bai kalitatean. Kontua ez da soilik askotariko pertsonek baterako sorkuntza kolektiboko prozesu batean parte hartzen dutela (eta hori jada asko da), baizik eta baita pertsona horiek ziur, konprometituta eta pasioz parte hartzen dutela ere.

Pertsonak gara, eta berdin-berdin inplikatzen gara udako mokaduak sortzeko nahiz minbizia duen umeari laguntzeko. Berrikuntzaren funtsezko iturria ez dira prozesuak, ezta teknologia ere, baizik eta pertsonen pasioa. Era guztietako pertsona grinatsu askoren elkarlana gizarte-berrikuntzaren indar biderkatzailea da. Zentzuzko berrikuntzaren energia (meaningful innovation) berrikuntza irekiaren (open innovation) aberastasun eta bizkortasunarekin lotzen ditu. Modernoa, bizkorra, eraginkorra, sakona eta bizia da.

Beraz, bai, ahizpak dira. Biek laguntzen dute mundu bidezkoago bat sortzen, pertsonen partaidetzarekin eta inplikazioarekin. Biek jartzen dute pertsona erdigunean, eta gure gizarte-bizitzaren protagonistagoak bihurtzen gaituzte. Eta, horretarako, biek erabiltzen dituzte filosofia eta metodoa, partaidetza-sistemek, bidezkoagoak izateaz gain, ahalmen eraldatzaile handia baitute, eta emaitzak eta eragina sortzen baitituzte.

Informazio gehiago nahi duzu?

Kontsultatu Gizarte Ekonomiako Plan Integrala, Nafarroako Gizarte Berrikuntzako Unitatearen jatorria


Nafarroako Gizarte Berrikuntzako Unitatearen aurkezpen-irudia; Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia den Izaskun Goñik aurkeztua

Nafarroako Gizarte Berrikuntzako Unitatearen aurkezpen-irudia; Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia den Izaskun Goñik aurkeztua

  •  
  •  
  •  
fin contenido web