(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Elgorriaga, Ituren eta Zubietarekin hitzarmena onartu dute "Uraren Ibilbidea" proiektuaren finantziaziorako

asteazkena, 2007.eko urtarrilak 3

Akordioa Doneztebe eta Bertizaranako Udalekin sinatutakoei batzen zaie


Kultura eta Turismo kontseilariak, Juan Ramón Corpas Mauleónek, Ituren, Zubieta, eta Elgorriagako Udalekin batera izenpetu behar den finantzazio-hitzarmenaren idatzia onartu du. Hitzarmenaren arabera, Nafarroako Gobernuak 93.331 euroko finantzazioa egingo du; hau da, "Uraren Ibilbidea" proiektuaren kostu osoaren %64. Proiektua tokiko hiru erakundeek sustatu dute eta bere helburua uraren inguruan, Bertizeko Haraneko azpiegitura turistikoen eskaintza dibertsifikatu eta zabaltzea da.


Akordioarekin, Nafarroako Gobernuak proiektuari emandako babesa osatu du. Babes horren lehen pausua, Nafarroako Mendialdea Dinamizatzeko Planaren barruan, Doneztebe eta Bertizaranako Udalekin sinatutako lehen hitzarmena izan zen. Hitzarmenean, laguntzaren zenbatekoa 63.361 eurokoa izango zela adostu zuten, Bertizarana, Doneztebe eta Elgorriaga arteko lehen bidezidorra egiteko.


Gaur onartu den hitzarmenak proiektuaren finantzaziorako oinarriak ezartzen ditu. Proiektuaren helburu zehatza Zubieta, Ituren eta Elgorriaga herriak Bertizetik datorren 15 kilometroko bidezidorrarekin lotzen dituen ibilbidea egokitzea da. Horrela, ura gai nagusitzat hartuta, eremu guztian dauden baliabideen balioa handitzea espero dute.


Ibilbidea Zubietan hasten da, gaur egun ekomuseo bihurtu duten eta Nafarroako Museoen Sarearen barruan dagoen errota zaharraren ondoan. Ekomuseoak ehotzearen inguruko bisita gidatuak eta taloa dastatzeko aukera eskaintzen ditu. Handik, ondoko herrira doa ibilbidea. Bidezidorra jarraituz, paisaiaren aldaketa ikus daiteke, lurraren erabilera desberdina egiten baita, abere-ustiapenetik egurraren industriara pasatuz. Iturengo herrian, ioaldunak izenekoen bidea egiteaz gainera, garai bateko garbitoki eta bainurako lekuak ikus daitezke. Elgorriagara hurbiltzen doan heinean, ibilbideak ibiltariari ura sendagarri gisa nola erabil daitekeen ikusteko aukera ematen dio berreskuratzen ari diren bainuetxean. Sendagarri izateaz gain, ura ere aisiarako erabil daiteke, eta horrexegatik, bainuetxearen ondoan dagoen errota aprobetxatuz, interpretazio Zentro bat eta mingolf bat egiteko asmoa dute.


Errotaren eraikinak 80 metro koadro plantan, lehen pisua eta lurpeko solairu bat dauzka. Etorkizunean egingo den zentroak begiratu, ukitu eta uraren erabileraz gozatzeko eta garai desberdinetan izan duen garapena ezagutzeko aukera emango du. Minigolfak presatik errotara doazen hoditeriak baliatuko omen ditu, eta saltoak, presa txikiak, zuloak eta uraren gainean hainbat oztopo ere izango ditu.


Etorkizuneko bainuetxeak, interpretazio zentroak eta minigolfak ere Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzak jaso dituzte, Kultura eta Turismo Departamentuaren bidez. Lehen laguntzaren zenbatekoa 1.933.428 eurokoa izan da eta bigarrenarena 77.072 eurokoa.



Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa