(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

"Julio Caro Baroja" Nafarroako Museo Etnologikoak lau dokumentaleko DVD bat argitaratu du osteguna, 2007.eko otsailak 8

"La laya navarra", "Los tejados de tablilla", "El tonelero" eta "El pelotero" izeneko dokumentalak dira, Huescako Pyrene P.V. produkzio-etxearekin lankidetzan eginak


Museo Etnologikoko dokumentalak

"El tonelero"-ren irudia ( irudia handitu )

"Julio Caro Baroja" Nafarroako Museo Etnologikoak, Huescako Pyrene P.V. produkzio-etxearen laguntzarekin, DVD bat aurkeztu du. Bertan, "La laya navarra", "Los tejados de tablilla", "El tonelero" eta "El pelotero" izeneko lau dokumental hartzen dira barne, eta horretarako aurrekontua 11.154,80 eurokoa izan da.


"La laya navarra" 37 minutuko erreportaje bat da Foru Erkidegoko berezko nekazaritza-lanabes honen morfologiari, tipologiari, dispertsio geografikoari eta erabilerari buruzkoa. Lanabes horren erabilera ikonografikoki adierazi da XIII. mende amaieratik, Oliteko Santa Maria elizako portadan. Programan José Luis Mingote Calderon-en azalpenak entzun daitezke, Kultura Ministerioko Jantzi-Museoko eta Etnologia-Dokumentazioaren Zentroko nekazaritza-teknologiako etnografo aditua. Mingote jaunarekin batera Koldo Colomo ere aritzen da. Colomo jaunak hainbat urte darama lanabes honi buruzko ikerketa partikularreko lana garatzen. Laiaren erabilerari buruzko irudiez gain, dokumentalak sutegian, laiaren kutxa eta arantzak eskuz egiteko prozesua azaltzen du, Zangozako Jesús Juanto Manrique artisauaren hitzen bidez. Halaber, Gareseko Pedro Olmok esplikatzen du nola prestatzen den zumar egurrezko kirten bat. Azkenik, nekazaritza-lanabes hau egun olgetarako eta jaietarako erabiltzen dela adierazten da, laien gaineko lasterketa baten irudien bidez. Dokumentala Nafarroako hainbat herritan grabatu da, besteak beste: Gares, Artaxoa, Olite, Gaintza, Monteagudo eta Zangoza

"Los tejados de tablilla" 28 minutuko dokumentala da eta Aezkoako Hiriberri-Villanuevako Ancho familiaren laguntzarekin egin da. Gaia Nafarroako Pirinioetako eskualdeetako teilatuak estaltzeko egurrari buruzkoa da (egun ez da teknika hau erabiltzen). Dokumentalaren lehen zatia Aezkoako Berrendi basoetan grabatuta dago eta pagoko oholtxoak eskuz egiteko prozesua deskribatzen du. Bigarren zatia Orbaitzetan grabatu da, eta teilatu bat eraikitzeko, material hau ipintzeko sistemaren adibide bat erakusten du.


"El tonelero", dokumentalak 25 minutu irauten ditu, eta San Adrianeko José Fernández Coll artisauak egindako upel bat eskuz egiteko prozesu guztia erakusten du, antzinako erreminta erabiliz.


"El pelotero" dokumentalean Vianako Nicolás Duque artisau beteranoak esplikatzen du, zortzi minutuz inguru, frontoiko pilota klasiko bat eskuz egiteko prozesua, berak gaztetan ikasi zuen bezala.


Museo Etnologikoak DVD honetatik salgai jarriko ez diren 200 kopia egin ditu. Horiek Liburutegi publikoen Sarean, artxiboetan eta Etnologiarekin lotutako erakundeetako liburutegietan, grabatu diren herrietako Udaletan, eta Museo Etnologikoko laguntzaileengan banatu dira, aurreko edizioekin egin zen modura.


Lau dokumentalak ekoizteko eta argitaratzeko aurrekontu guztia, Nafarroako materiagabeko ondare etnografikoaren inbentario-lanak kontuan hartuta, 11.154,80 eurokoa izan da.


Nafarroako Museo Etnologikoa, 2002. urtean, Huescako Pyrene produkzio-etxearekin lankidetzan lan egiten hasi zen. Aipatutako produkzio-etxea dokumental etnografikoetan aditua da. Lankidetza horretatik 27 programa sortu dira 2002-2006 urte artean, honako izenburuekin, aurretik aipatutakoez gain: "Cestos de castaño", "El kaikuegile de Oitz", "Kaikuak y cuajadas", "Los rastrillos", "Las carracas", "El cucharero de Oitz", "Estelas discoideas", "San Gregorio Ostiense", "San Miguel de Aralar", "Esparteros de Sesma", "El último escobero de la Berruela", "Escobas de brezo", "El guante de laxoa", "Los últimos hortelanos de la Mejana", "El cañicero de Tudela", "Los danzantes de Muskilda", "La pesca tradicional", "Juan Lobo y el Baile de la Balsa", "El alpargatero de Pitillas", "Los Ballesteros de la Santa Cruz de Cintruénigo", "El yuguero de Altsasu", "El cordelero de Tafalla" eta "La fiesta del Obispo en Burgui".


Pyrene produkzio-etxea Huescan kokatuta dago eta egungo Eugenio Monesma Moliner zuzendariak sortu zuen. 25 urtetik gorako esperientzia du dokumental etnografikoen produkzio-esparruan, eta jarduera horri esker, hainbat sari irabazi du espezializatutako lehiaketetan. Bere programak, gaur egun, telebista kate tematikoetan zein orokorretan ematen dira.


2007. urtean, laguntza horrekin jarraituko da eta honako dokumentalak grabatuko dira: "Siembra y siega del cereal", "Juegos infantiles tradicionales en Viana", "La sidra en Baztan" eta "Palomeras de Etxalar".


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa