(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako Gobernuak eta Gurutze Gorriak Adinekoentzako eta Menpeko Pertsonentzako Baliabideen Zentroa abian jarri dute osteguna, 2007.eko maiatzak 10

Nafarroako Gobernuak, Gizarte Ongizateko Nafarroako Institutuaren bidez, eta Nafarroako Gurutze Gorriak Adinekoentzako eta Menpeko Pertsonentzako Baliabideen Zentroa abian jarri dute. Gaur jarri da abian Iruñean. Aurrekontua 93.000 €-koa da guztira; kopuru horretatik 81.000 € Nafarroako Gobernuak jarriko du, eta Gurutze Gorriak gainerako 12.000 €.


Nagusiak

Zentroaren helburua da nagusien eta menpekoen bizi-kalitatea hobetzea.

Zentro hau Menpeko Pertsonentzako eta Familia Zaintzaileentzako Plan Osoaren barruan sartzen da, eta Nafarroako Gobernuak 2006ko urrian aurkeztu zuen. Zentroaren ezaugarriak eta zerbitzuak gaur aurkeztu dituzte prentsaurrekoan María Isabel García Malo Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilariak eta José María Cuesta Díaz de Ceballos Nafarroako Gurutze Gorriko presidenteak.


Zentroa Nafarroako Gurutze Gorriaren egoitzan kokatuta dago (Leyre kalea, 6. zk.-3. solairua), eta horren bidez, nolabaiteko menpekotasuna duten pertsonen bizi-kalitatea hobetu nahi da. Helburu zehatzak hauek dira: menpeko pertsonak dituzten familiei orientabide-zerbitzua ematea, arreta, orientabidea edo deribazioa eskaintzen dituena; informazio zehatza ematea baliabideen eta zerbitzuen inguruan dagoen ezjakintasuna murrizteko; menpeko pertsonentzako laguntza-zerbitzua eskaintzea, familia zaintzaileak atseden har dezan; menpekotasunen prebentzio-programa bermatzea Adinekoak Artatzeko Unitatean abian diren proiektuekin lankidetzan eta zahartze aktiboaren filosofiarekin bat etorriz (atari solidarioa, oroimenaren prebentzio-tailerrak eta menpeko pertsonak dituen familiari laguntzeko proiektuak); menpekotasunen prebentziorako eta artapenerako trebakuntza-programa eskaintzea familia zaintzailearekin eta laguntzen aritzen diren pertsona boluntarioekin lan egiteko; laguntza teknikoen mailegu-zerbitzu bat sortzea horiek erabili edo erostean mailegua, trebakuntza eta aholkularitza barruan hartzen dituena; ikerketa-proiektuak ekar ditzaketen errealitate edo arazo berriak antzematea; eta pertsona erabiltzailearen autonomia indartzea familiaren aurrean.


Modu horretan, Zentroak familiek baliabide teknikoen eta materialen erabileraren inguruan izan ditzakeen informazio- eta aholkularitza-beharrizanei erantzun nahi die, eta zuzenean edo zeharka gizarte- eta osasun-informazioa behar duten pertsona guztientzat erreferentzia izan nahi du. Horrela baliabideak barreiatzea eta adinekoek eta horien familiek zerbitzuak eskatzerakoan izan dezaketen desorientazioa saihestu nahi da, baita baliabide batetik beste batera mugitu behar izatea ere.


Zentroak hartzaile desberdinak izango ditu, zerbitzu desberdinen arabera: adinekoak, menpeko pertsonak eta menpeko pertsonak bizilekuan artatzen dituzten zaintzaileak, baita informazioa behar duten gainerako pertsonak ere.


Zerbitzuaren ezaugarriak: datuen eta egindako eskariaren konfidentzialtasuna, arreta indibidualizatua, kasuaren jarraipena, behar duten pertsonentzat kudeaketak egiteko boluntarioak eta ebaluazio jarraitua, adinekoen eta administrazioen eskariei jaramon eginez. Pertsona erabiltzailearen informazio-eskaera bulegora iristen da, eta kasuan kasuko fitxan biltzen da. Une horretatik aurrera, hiru aukera planteatu daitezke: erantzun zuzena ematea; epe laburreko erantzuna, informazioa aurkitzeko edo zuzeneko deribazioa egiteko, eta menpeko pertsonak dituzten familientzako aholkularitza-zerbitzua, epe luzeko zerbitzuekin (jarraipen indibidualizatua edo zaintzaile nagusiari laguntza emozionala ematea).


Lan-ekipoa osatzen dute zentroko koordinatzaileak, teknikari batek, eta Gurutze Gorriko boluntarioen ekipoak. Horrez gain, Gurutze Gorriak ekipo osagarria du: gizarte-langileak, psikologoa, langile administratiboak eta trebakuntza-zentroko langileak.


Bestalde, Zentroak laguntza-jarduerak eskaintzen dizkie menpeko pertsonei eta laguntza emozionala zaintzaile nagusiari, baita trebakuntza-jarduerak ere zaintzaile nagusiei (menpeko pertsonak artatzeko teknikak eta lehen sorospena).


Horrez gain, tailerren programa egingo da menpekotasunen prebentzioa xede izanda: oroipena trebatzea, ezagutza berriak ikastea eta gogamenari aktibo eustea.


Nafarroako adinekoak %18,5 dira, eta bizi-itxaropena 81,3 urtekoa da, munduko handienetakoa


2004an, Nafarroako bizi-itxaropena 81,3 urtekoa zen, munduko handienetakoa. Ehunekoei begira, 65 urtetik gorakoen ehunekoa 1975ean %11koa zen, eta 2005ean %18,5ekoa. Aurreikuspenen arabera, 2020an, adinekoak Nafarroako biztanleen %20 izango dira. Biztanleen zahartzeak gizarte osoa eta ekonomia- eta gizarte-bizitzako esparru guztiak ukitzen ditu, eta beharrezkoa da adinekoentzat osasun- eta ongizate-baldintza onak bermatzea, zahartze aktiboari mesede eginez, menpekotasunari aurrea hartuz eta familiei menpeko pertsona bat zaintzeak dakarren zama arinduz, familiari laguntzeko proiektu egituratuen bidez.


Bestalde, politika gerontologikoen arabera, komenigarria da adinekoak euren bizilekuetan albait luzaroen egotea eta haien ongizatea bermatzea. Adinekoentzako eta/edo menpekoentzako laguntza informalaren eta formalaren sareak indartzea beharrezkoa da, xede horretan laguntzen du eta. Adineko menpeko pertsonaren eta adinekoa ez den menpeko pertsonaren errealitateak antzekoak dira, eta horiek elkarrekin jorratu daitezke, besteak beste, zaintzaile nagusiak jasan ohi duen higadura.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa