(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Narbarteko (Bertizarana) herri ondasunak berreskuratzeko erdibideko hitzarmenaren oinarri orokorrak onetsi dira

astelehena, 2007.eko uztailak 30

Nafarroako Gobernuak Narbarteko (Bertizarana) herri ondasunak berreskuratzeko transakzio hitzarmenaren oinarriak onetsi ditu gaur hartutako erabaki baten bidez. Arau hauen xedea da arautzea Narbarteko Kontzejuak izenpetu beharreko erdibideko hitzarmenak herri ondasunen gaineko aprobetxamenduetako eskubideak dituzten partikularrekin.


Narbarteko Kontzejuak uste du gaztainadiak, lizardiak, iralekuak, hariztiak, intxaurrondoak, estrepadiak, basobera eta antzeko espezieak herrilurrak direla, zuzenbidean oinarrituriko bestelako arrazoiak galarazi gabe, orotariko arau gisa, eta partikularrek bakarrik haiek erabiltzeko eskubidea dutela.


Helburu horretarako, hitzarmen unitatetzat hartuko da partikular bakoitzaren notario-eskrituretan 2005eko urtarrilaren 1a baino lehenagoko datarekin ageri diren aprobetxamendu guztien batuketa. Nolanahi dela, aipatu dataren ondoko notario-agiriak ere onartzen ahalko dira, baldin eta, Narbarteko Kontzejuaren iritziz, haien titularrak saiatu ez badira bidezkoak ez zirenak bereganatzen, herri-ondarearen kontra. Horretarako, bateratu eginen dira titular desberdinen eskrituretan ageri diren aprobetxamenduak, baldin eta bizitoki, etxe edo sutondo berean elkarrekin bizi badira.


Notario-agirietan oin kopuruaren bidez adierazita ageri diren aprobetxamenduetan, neurri hori azalera neurri bilakatu eta hitzarmen unitatea atera ahal izateko, Narbarteko Kontzejuak irizpide honi segituko dio: Gaztainondo batek hartzen duen lur azalera: 25 m2; intxaurrondo batek hartzen duen lur azalera: 25 m2; Lizar batek hartzen duen lur azalera: 20 metro karratu.


Lur azalera beraren gainean aprobetxamendu bat baino gehiago badaude, onuradun bat baino gehiagoren izenean eskrituratuak, hitzarmen unitatea kalkulatzeko aipatu azalera zatituko da onuradunen artean, non eta aprobetxamenduren bat notario-agirietan oin kopuruaren bidez adierazita ez dagoen, orduan haren eremua onuradun horrentzat arau hauetako bosgarren artikulua aplikatuz aterako baita, eta beste onuradunaren eremua izanen da kenketa bidez ateratzen den aldea.


Lur eskrituratuak beren borondatez lagatzearen ordain, Narbarteko Kontzejuak bi aukera proposatuko dizkie eskubide horiek dituztenei, nahi bezala hauta dezaten:


-Partikularrei herrilurretara pasako den eremuaren % 25eko eskubideak aitortzea (jabetza osoan), agiri publiko batean kreditatuz gero, lehen 10 hektareatarako, %12 hurrengo 15 hektareatarako, eta %5 gainerakoetarako.


-Azaleraren ehuneko horiei dagokien diru ordaina, 0,18 euro/metro karratuko prezio unitarioa ezarriz.


Aprobetxamenduen lur azaleraren gainerakoa herrilurretan geldituko da, Kontzejuak hura osorik eta nahi bezala erabil dezan. Handik goiti partikularrak ez du argudiatzen ahalko haren gainean inolako ez inongo eskubiderik. Halaber, azpimarratu behar da hitzarmenean ez direla sartuko Narbarteko Kontzejuaren aldeko epai irmoa izandako aprobetxamendu eskrituratuak.


Transakzio hitzarmen bat eskatzen duen partikularrak identifikatu, zehaztu eta mugatu beharko ditu lursailean, Narbarteko Udalarekin eta Nafarroako Gobernuko Herrilurren Ataleko langileekin batera baina bere kontura, hitzarmenaren xede diren aprobetxamenduak. Hortik datozen gastuak erdibana ordainduko dituzte Kontzejuak eta partikularrak. Identifikatutako lur azalera erreala hitzarmen unitatetzat hartzeko ahalmena berarekin du Kontzejuak, hitzarmenari dagokionez.


Bestalde, Udalak berarekin du partikular bakoitzari dagokion zatia lurzati batean edo gehiagotan emateko ahalmena. Lurzati horiek ez dute zertan izanik hitzarmenak ukitutako gaur egungo aprobetxamenduak berak. Kontzejuak partikularra entzunda erabiliko du ahalmen hau, eta hitzarmenekoen ezaugarri bertsuak dituen lurra emanen du.


Hitzarmeneko lurretan dauden arbolak, berez sortuak badira, Narbarteko Udalarenak izanen dira. Partikularrak landatutako zuhaitzak badira harenak izanen dira.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa