(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Roig kontseilariak Ziordian "Lasa Harategia" denda inauguratu du, "Dendak eskura" sareari atxikia ostirala, 2007.eko urriak 5

José María Roig Aldasoro Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko kontseilariak "Lasa Harategia" denda inauguratu du gaur Ziordian, "Dendak eskura" sareari atxikitakoa. Nafarroako Gobernuak eta CEIN sozietate publikoak (Nafarroako Enpresa eta Berrikuntzarako Europako Zentroa) sustatutako ekimen horren helburua ahalmen turistikoa duten landa-inguruetan dendak sortu eta modernizatzea da.


Roig kontseilaria, "Lasa Harategian". ( irudia handitu )

Inaugurazioan, Patxi Lasa dendaren sustatzaileak, Miguel Ángel Zubiria Sakanako Mankomunitatearen presidenteak, Jesús Mª Arrese Ziordiko alkateak eta Carmen Leza CEINeko zuzendari-kudeatzaileak ere parte hartu dute.


"Lasa Harategia" denda Errekalde kaleko 18. zenbakian kokatuta dago eta hainbat produktu eskaintzen ditu: jakiak eta edariak, frutak eta barazkiak, okindegia, produktu izoztuak, esnekiak eta deribatuak, drogeria, perfumeria eta beste hainbat gauza. Herriko biztanleen premiei erantzuteko eta herritarrek erosketak Ziordian egin ahal izateko, Patxi Lasak etxez etxeko zerbitzua eta enkarguak telefonoz egiteko aukera ere eskaintzen ditu. Horretaz gain, denda herriko turismo-informazioko gunea da; izan ere, txoko batean material turistikoak banatzeko saila eta bertako eta Nafarroako gainontzeko herrietako nekazaritzako elikagai tipikoen eskaintza zabala ditu.


Denda abian jartzeko, CEINek ekintzaileari bideragarritasun-azterketa egiteko zerbitzuak utzi dizkio; aholkularitza eman dio hainbat arlotan (lokalaren diseinua eta planifikazioa, produktu sortaren hautaketa, produktuak salmenta-gunean ezartzea eta merchandisinga, edo merkataritza-kudeaketa) eta hornitzaileekin harremanetan jarri du.


Horrela, "Lasa Harategia" denda "Dendak eskura" sarean sartu da. Gaur egun, sare hori herri hauetan kokatutako dendek osatzen dute: Acedo, Agoitz, Arantza, Erratzu, Ezkaroze, Izaba, Mendigorria, Narbarte, Puiu, Erronkari eta Igantzi.


Nafarroako Gobernuak, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuaren bidez, urtero 56.000 euro inguruko aurrekontua bideratzen du "Dendak eskura" sareari laguntzeko eta denda berriei bertan sartzeko bidea errazteko.


 Sareko denda gehienek finantzazioa lortu dute CEIN sozietateak FH proiektuaren barruan kudeatzen duen Jaurtiketa Kapitalaren Funtsaren bidez. Finantza-tresna horri esker, gehienez 18.000 euroko mailegua lor daiteke, interesik gabe eta enpresa-planaz bestelako bermerik eta abalik gabe. Finantza-tresna hori zerbitzuen sektorean azaleratzen ari diren sektore ekonomikoetako enpresa ekimenetara bideratuta dago. Hain zuzen ere, 18.000 euroko kopuru hori jaso du Ziordiko dendak. Mailegua Nafarroako Kutxak egingo du.


 "Dendak eskura" sarea


1998. urtetik, Nafarroako Gobernuak, CEIN sozietate publikoaren bidez, "Dendak eskura" programa garatzen du, ahalmen turistikoa duten landa-herrietan dendak itxi ez ditzaten, denda berrien sorrera sustatzeko eta lana sortzeko.


Horretaz gain, ekimen horren bidez, berrikuntza eta kudeaketa era berriak sartu dira denda tradizionaletan. "Dendak eskura" ereduak hainbat hobekuntza ditu, besteak beste, irudiari, altzariei eta produktuen eskaintzari dagokienez, landa-inguruko denda gehienekin alderatuz gero. Landa-inguruko dendak modernizatu nahi dira, kalitatea eta izaera tradizionala galdu gabe.


Sareak berezko irudi korporatiboa eta bezeroak artatzeko filosofia erkidea ditu. Dendek produktu eta zerbitzuen aukera zabala eskaintzen dute, bertako bezeroen eta turisten eskaeren araberakoa; hartara, horiek ez dute herritik atera behar erosketak egiteko. "Dendak eskura" sareko dendak 300 eta 3.000 biztanle bitarteko herrietan kokatzen dira, eta gutxienez 45 metro koadroko lokala izan behar dute.


"Dendak eskura" programa Nafarroako landa-inguruetan (turismo-ahalmena dutenetan) gaur egun dauden eta etorkizunean egon daitezkeen merkatari eta dendei irekita dago. Programan parte hartzen duten merkatariek zenbait abantaila lortzen dituzte, besteak beste, finantzazioa, publizitate-kanpainetarako eta sustapenetarako finantzazioa, aholkularitza eta prestakuntza, baina negozioek ez dute galtzen erabakitzeko gaitasuna ez negozioaren nortasuna.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa