Castellano | Euskara | Français | English
Ikusi egun honetako albiste gehiago
Nafarroako Gobernuak, Kultura eta Turismo Departamentuko Artxibo eta Dokumentu Ondarea Zerbitzuaren bitartez, "Sigilo, dokumentuetako zigiluak" erakusketa antolatu du, dokumentuetan erabiltzen diren zigiluak, zigilu motak eta horien guztien egitekoa ezagutarazteko asmoz. Izan ere, dokumentu historikoak baliozkotzeko elementuak dira zigiluak, eta gainera, balio handia dute, Nafarroako Erresumaren nortasunaren ispilu baitira.
Katalogoaren portada.
(
irudia handitu
)
Erakusketan, Errege Etxearen, erresumako instituzioen, nobleziaren, burgesiaren, kontzejuen, komunitate zibilen eta eliza munduaren hirurogei zigilu izango dira ikusgai. Bihartik (azaroak 23) 2008ko maiatzaren 18ra bitartean egongo da zabalik erakusketa, Nafarroako Errege Artxibo Orokorreko Antso Jakituna Aretoan.
Nafarroako Errege Artxibo Orokorrean dago gorderik dokumentazioaren iturri nagusia. Ezin konta ahala zigilu daudenez, ezinezkoa da erakusketara guzti-guztiak eramatea. Horregatik, zigilua duten dokumentu interesgarrienak, hobekien gorde eta zainduta daudenak, hautatu behar izan dituzte.
Mikel Ramos eta Esperanza Ochoa de Olza dira, hain zuzen, sigilografiari buruzko erakusketa honen komisario zientifikoak, eta berau atontzeko aurrekontua, berriz, 63.313 eurokoa da. Dagoeneko argitaratu dute zigiluei buruzko hainbat ezaugarri biltzen dituen katalogo bat; besteak beste, zigiluaren jatorria, Erdi Aroa, garai modernoak, zigilua jartzeko moduak, oinarrizko terminologia edo Nafarroako zigiluak dira bertan jasotakoak.
Gizakiak antzinarotik bertatik erabiltzen ditu zigiluak; baita idazkera bera agertu aurretik ere. Kultura, herri eta zibilizazio bakoitzak berariazko ezaugarri batzuk atxiki dizkie zigiluei, beren mundura egokitutako ezaugarriak; alabaina, zigilu guztiek zeregin eta helburu berberak dituzte (ixtea, baliozkotzea, jabetza marka...). Gaur egun, duela 8.000 urte Mesopotamian agertutako zigiluetatik eratorritakoak darabiltzagu eskuen artean.