Castellano | Euskara | Français | English
Ikusi egun honetako albiste gehiago
Nafarroako Pirinioetako haranen eta Iruñea eta Foru Komunitateko gainerako lekuen arteko loturak hobetzearren lanean jarraitzeko asmoa duela azaldu du Alba kontseilariak
Frantziako Pirinio Atlantikoetako Departamentuak Nafarroa-Pirinio Atlantikoak Bide Lotura eraikitzeko Hitzarmenaren gainean hartutako erabakiaren berri eman du Laura Alba Cuadrado Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuko kontseilariak, gaur goizean; hots, 2003an sinatutako Hitzarmena eteteko erabakiaren berri eman du.
Jacques Lasserre Frantziako Pirinio Atlantikoetako Departamentuko presidenteak Hitzarmena bertan behera uzteko erabakiaren arrazoiak Baionan azaldu zituen, berriki egindako bilera batean. Arrazoiak hiru dira, batik bat:
Batetik, Frantziako azpiegituren nazio politika berriak trenbideko garraioari emanen dio lehentasuna, eta errepideetako proiektuei dagokienez, erabakia argia da: proiektu horiek finantzatzeari utzi eginen diote, orokorrean. Sarkozy presidenteak joan den urrian egindako Ingurumenaren Konbentzioan iragarri zuen erabaki hori, hain zuzen.
Bestetik, Akitaniako Eskualdeko Kontseiluak ez dio sostengurik eman proiektuari, eta Carrere jauna, Kontseiluko presidenteorde eta Azpiegitura arloko arduraduna, proiektuaren aurka agertu da, Garraioaren Eskualdeko Plana dela-eta berriki egin dituzten saio publikoetan.
Amaitzeko, azpiegiturak zeharkatuko lituzkeen Frantziako udalerriek ez diote sostengurik eman proiektuari.