Castellano | Euskara | Français | English
Ikusi egun honetako albiste gehiago
Europako Erkidegoko programaren bidez 47,1 milioi euroko ekarpena jasoko du Nafarroak, hazkundearen ekonomia sustatzeko
Gaur arratsaldean Nafarroako Gobernuak eta Estatuak hitzarmena sinatu dute Madrilen, 2007-2013 aldiko FEDER funtsetako Programa Eragilea kudeatzeko. Programan aurreikusi dutenez, 47.108.905 euroko ekarpena jasoko du Foru Komunitateak.
Álvaro Miranda bigarren presidenteorde eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuko kontseilariak, Carlos Ocaña y Pérez de Tudela Ogasun eta Aurrekontu arloko estatu idazkariak, eta Danuta Hübner Europako Eskualde Politikako komisarioak izenpetu dute dokumentua.
Europako FEDER funtsen banaketa sei urtean behin egiten duten programa eragile baten bidez antolatzen dute. Bertan, Autonomia Erkidego bakoitzeko egoera sozioekonomikoa aztertzen dute, eta baita kasuan kasuko aldian erdietsi nahi dituzten helburu estrategikoak ere.
Programazio aldi berrirako, Espainiari oro har emandako funtsek behera egin dute, eta baita Nafarroari emandakoek ere. Nafarroari dagokionez, hazkunde handia izan du (%3ko hazkundea Nafarroan, Europako Batasuneko batez bestekoa %1,7koa izan den bitartean), eta beraz, Europako eskualde aurreratuenetako bat da Foru Komunitatea; ondorioz, Europako finantzaketa mailak behera egin du.
Enpresa ezaguera, berrikuntza eta garapenaren ekonomia
Programa berriari dagokionez, baliabide gehienak 1. ardatzean bildu dituzte; hau da, "Enpresa ezaguera, berrikuntza eta garapenaren ekonomia" ardatzean. Hain zuzen ere, FEDER funtsen %90,46 arlo horretarako izanen dira. Era berean, 3. ardatzeko jardueretarako ("Energia baliabideak eta garraio zerbitzuak") 2.694.379 euro eman dituzte, eta 4. ardatzari dagokionez ("Toki eta hiri garapen iraunkorra"), FEDER funtsek 1.506.976 euroko inbertsioa eginen dute datozen sei urteetan.