(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako Ospitaleak omenaldia egin die Errege Mago bilakatu eta ospitalean daudenak bisitatzen dituzten foruzainei ostirala, 2008.eko urtarrilak 4

Club Atlético Osasunako jokalariek eta zuzendariek Bideko Ama Birjina Ospitaleko Pediatria zerbitzuan dauden haurrak bisitatu dituzte


Omenaldia

Kutz kontseilaria, Raquel Gorostizu umea, Ascensión Ruiz eta Nafarroako Ospitaleko zuzendari Mª Jesús Calvo. Atzeko lerroan, ezkerretik eskuinera: Julián Romo, Ignacio Valencia eta José Mª Ongay. ( irudia handitu )

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Nafarroako Ospitaleak eta Bideko Ama Birjina Ospitaleak ekitaldi bana egin dute, Errege Magoen etorrera dela-eta.


Nafarroako Ospitalean, omenaldia egin diete foruzainei, eta María Kutz Peironcely Osasun Departamentuko kontseilaria izan da ekitaldiko buru. Foruzainak Errege Mago bilakatzen dira, eta ospitalean dauden gaixoak bisitatzen dituzte. Hain zuzen ere, 25 urte daramatzate hori egiten. Erregeen bisita Foruzaingoaren ekimena izan zen, eta 1984an egin zuten lehenengo aldiz. Harrezkero, Ignacio Valencia, José Mª Ongay eta David Romo poliziak bilakatu izan dira Errege Mago. Azkena, David Romo, joan den udan hil zen, eta aurten Julián Romo foruzainak hartuko du haren lekua (azken hau ez da David zenaren ahaidea). David Romoren alarguna (Ascensión Ruiz) eta alabak ere bildu dira gaurko omenaldi ekitaldira.


Errege Magoen bisitaren hogeita bosgarren urtemuga dela-eta, Nafarroako Ospitaleak "La noche mágica" (gau magikoa) izeneko Eguberrietako ipuinaren ale bana emanen die bertan dauden gaixoei. Ipuinaren egilea Raquel Gorostizu Echavarren da, 11 urteko iruindarra, San Ignazio Loiolakoa Ikastetxean Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasketak egiten ari dena. Nafarroako Ospitalean lanean ari ziren hiru foruzainen arteko adiskidetasunaren berri ematen du ipuinaren testuak, biñeten laguntzarekin. Ipuinak dioenez, duela mende laurden Errege Magoen lehenengo bisita jaso zuten, eta harrezkero urtero itzuli dira.


Osasunako jokalariak Bideko Ama Birjina ospitalean

Izquierdo, Cruchaga eta Azpilicueta jokalariak, Kutz kontseilariarekin batera. ( irudia handitu )

Errealitatea ez da oso bestelakoa. Ospakizuna egiteko aukera Ospitalean lan egiten zuten foruzainei bururatu zitzaien. Izan ere, umezurztegiko haurrei foruzainen uniformeek eta ibilgailu ofizialetan ibili eta sirena jotzeko aukerak zirrara eragiten zietela ohartu ziren. Eguberrietan egin zituzten joku horietatik abiatuta, Errege Mago bilakatu eta urtarrilaren 5ean, gauez, haurrei bisita egitea otu zitzaien foruzainei. Horixe bera kontatu du, gaur goizean, Ignacio Valenciak, errege-polizietako batek.


Aurten ere urtarrilaren 5ean iritsiko dira Errege Magoak, helikopteroz, eta ospitale esparruko heliportuan lurreratuko dira, 17:00etan. Belengo Artzainek harrera ofiziala eginen diete, kaperan, eta ondoren, opariak emanen dizkiete gaixoei. Apaizgaiez osatutako abesbatzaren laguntza izanen dute horretarako, eta eguberrietako kantak abestuko dituzte. Urtarrilaren 6an Erregeetako meza eginen dute, 10:30ean, Medialuna Abesbatzaren laguntzarekin. Abesbatzak kontzertua eskainiko du mezaren ondoren.

Dokumentazioa:
Berri osoa.doc

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa