Castellano | Euskara | Français | English
Ikusi egun honetako albiste gehiago
Roig kontseilariak nabarmendu duenez, Nafarroako enpresek Europako bikaintasunaren 110 zigilutik gora lortu dituzte, euren kudeaketa eredua dela-eta
José María Roig Aldasoro Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko kontseilariak 2008ko Nafarroako Bikaintasun Sariaren deialdia aurkeztu du gaur goizean, prentsaurrekoan. Aurten zortzigarren aldiz emanen dute Saria, eta Nafarroan erabateko kalitatearen kudeaketako europar eredua (EFQM) sustatzea du helburu, erakundeen kudeaketarako erreferentzia gisa. Roigek nabarmendu duenez, Nafarroako enpresek Europako bikaintasunaren 110 zigilutik gora lortu dituzte, euren kudeaketa eredua dela-eta.
Roig kontseilariarekin batera, honako hauek ere parte hartu dute informazio ekitaldian: José Miguel Zugaldía Nafarroako Kalitaterako Fundazioaren lehendakariak eta Francisco José Flores Irakaskuntzako San Cernin Kooperatiba Sozietateko kudeatzaileak (hots, 2007ko Saria irabazi zuen erakundeko kudeatzaileak).
Nafarroako Bikaintasun Saria Nafarroako Gobernuak sortu zuen, 2001ean, Nafarroako Kalitaterako Fundazioaren bidez, eta Nafarroako erakundeek euren kudeaketarako erreferentzia gisa EFQM eredua ezar dezaten sustatzea du helburu. Saria Nafarroako Kalitaterako Fundazioak antolatzen du; hau da, Nafarroako enpresa eta erakundeetan Kalitatea eta Bikaintasuna kontzeptuak enpresa kudeaketaren arlo guztietan hedatzearren 1999an Nafarroako Gobernuak sortu zuen erakundeak.
Sariaren helburua honako hau da: jarduera gehienak Nafarroan egiten dituzten erakundeek EFQM eredua modu eraginkorrean ezartzea, euren kudeaketa hobetzeko tresna gisa, eta ondorioz, Europan baliagarriak diren EFQM aintzatespenak edo zigiluak lortzea. Bikaintasuneranzko Konpromisoa zigiluan lehiatzeko muga-eguna martxoaren 28a da. Europako Bikaintasuna zigiluetan (300+, 400+ eta 500+ mailetan) parte hartzeko muga-eguna, berriz, ekainaren 27a da. Dokumentuak Nafarroako Kalitaterako Fundazioan aurkeztu behar dira (Barañain Hiribidea, 10-1.a C. Iruñea). Parte hartzeko oinarriak Fundazioaren web orrian daude (www.qnavarra.com).