(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

"Recuerdos de una guerra civil. Álbum del bloqueo de Pamplona" liburua aurkeztu dute Lizarran asteazkena, 2008.eko urtarrilak 16


Karlistadaren ilustrazioa

Liburuaren ilustrazio bat.

Juan Ramón Corpas Mauleón Nafarroako Gobernuko Kultura eta Turismo Departamentuko kontseilariak "Recuerdos de una guerra civil. Álbum del bloqueo de Pamplona" liburua aurkeztu du, Lizarrako Fray Diego Kultur Etxean. Nafarroako Artxibo Orokorrean dagoen izen bereko albuma aztertzen duen liburua da, eta Ignacio J. Urricelqui Pachok idatzi du, Nafarroako Unibertsitateko irakasleak, Nafarroako Gobernuak aginduta.


Nafarroako azkeneko karlista gerrari buruzko eguneroko grafikoa osatzen duten hainbat iruditan oinarrituta dagoen azterlana da. Iruñeak karlista soldaduen eskutik 1874 eta 1875 artean jasan zuen blokeoari buruzko eguneroko grafikoa osatzen duten irudiak dira, bereziki. Gainera, prentsa ebakinak, gutunak, dokumentuak eta argazkiak ere badaude albumean.


Irudi gehienak Aniceto eta Nemesio Lagarde anaienak dira. Lehenengoa Nafarroako Bideetako ingeniaria zen, eta bigarrena, berriz, armada liberaleko ofiziala. Iruindarrak ziren, eta ikusi zituzten hainbat jazoera irudikatu zituzten. Beste egile batzuen lanak ere badaude albumean (gutxiago badira ere). Besteak beste, gerran jardun ziren Larrú, Sabater edo Bassols militarrenak.


Marrazki batzuek zerikusia dute garai hartako jazoerei adi egon ziren aldizkari irudidunekin, eta bereziki, Anicetok eta Nemesiok igorritako jatorrizko krokisetatik abiatuta Nafarroako gerraren irudiak argitaratu zituen "La Ilustración Española y Americana" aldizkariarekin.


Egilearen aurkezpen laburraren ondoren, hasteko eta behin, Alcala de Henareseko Unibertsitateko Antonio Moral Roncalen sarrera historikoa du liburuak. Jarraian, bost kapitulu ditu, eta lehenengoak karlista gerrak artean izan zuen lekuari buruzko ikuspegia eskaintzen du, margolanen eta irarlanen adibideekin (horietako asko XIX. mendean argitaratu zituzten, Espainiako zein atzerriko aldizkarietan). Bigarren kapituluak albumaren azterketa teknikoa, formala eta ikonografikoa egiten du. Hirugarren kapituluak, berriz, Iruñeak karlista soldaduen eskutik 1874 eta 1875 artean jasan zuen blokeoari buruzko irudiak aztertzen ditu, eta zehazki, hiru atal ditu: hiri blokeatuaren ikuspegiei buruzkoa, blokeoaren irudiei buruzkoa (jazoera zorigaiztokoenei arreta berezia eskaintzen diena), eta amaitzeko, gertaeretako protagonista izan ziren lagunei buruzkoa (militarrak zein zibilak). Laugarren kapituluak Nafarroako azkeneko karlista gerrako jazoerak deskribatzea helburu duten irudiak aztertzen ditu, eta honek ere, hiru atal ditu: gerraren gertalekuen ikuspegi orokorrei buruzkoa, gerrako eszenei buruzkoa (borrokak zein soldaduen eta herritarren eguneroko bizimodua), eta amaitzeko, gerraren protagonistei buruzkoa (bi alderdietako soldaduei eta herritar zibilei arreta berezia eskaintzen diena). Amaitzeko, irudien egileak aztertzen ditu azkeneko kapituluak, Lagarde anaiak bereziki, eta baita garai hartako aldizkari irudidunekin egin zituzten kolaborazioak ere. Jarraian, albuma bera dago.


Ignacio J. Urricelqui Artearen Historian doktorea da, eta baita Nafarroako Ondarearen eta Artearen Katedrako irakaslea ere, Nafarroako unibertsitatean. Espezialista da Nafarroako arte garaikidean, eta azkeneko urteetan XIX. mendeko ilustrazio grafikoa eta irudiak aztertzen jardun da. Berriki, "Memoria sobre las ruinas del Palacio Real de Olite" laneko jatorrizko materialei buruzko liburua argitaratu du (Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza Zerbitzuak argitaratu du, hain zuzen). Material horiek Juan Iturralde y Suit eta Aniceto Lagarderenak dira, eta Madrilgo Lázaro Galdiano Fundazioan daude.


Liburua Litografía Ipar S.L. enpresan inprimatu dute, eta diseinu grafikoa José Joaquín Lizaurrek egin du. 1.500 argitaratuko dituzte, eta 35 €-ren truke jarriko dituzte salgai.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa