(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako Gobernuaren eta Hezkuntza eta Zientzia Ministerioaren arteko Lankidetza Hitzarmena onartu dute, Bioerregaien arloko Instalazio Zientifiko eta Teknologiko Berezia eraikitzeko

astelehena, 2008.eko urtarrilak 28

Nafarroako Gobernuak akordioa erdietsi du, eta hartara, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuaren eta Hezkuntza eta Zientzia Ministerioaren arteko Lankidetza Hitzarmena onartu du, Bioerregaien arloko Instalazio Zientifiko eta Teknologiko Berezia (ICTS) diseinatu, eraiki, hornitu eta ustiatzeko Partzuergoa sortzeko. Instalazioa Agoitzen eraikiko dute, hain zuzen.


Hitzarmenaren zenbatekoa milioi bat eurokoa izanen da, eta sinatzaileek erdibana eginen dute ekarpena.


Hitzarmenaren helburua da, zehazki, Bioerregaien arloko ICTS azpiegitura abian jartzea, eta azpiegituraren egitekoa izanen da, era berean, bigarren belaunaldiko bioerregaien arloko ikerketa eta berrikuntzari dagokionez, nazio eta nazioarte mailako bikaintasuna duen zentro bilakatzea. Bertan egonen dira sektoreko puntako azpiegiturak eta teknologiak.


Gaur egungo energia sektorean energia berriztagarriak sartzea (eta bereziki, biomasa sartzea), berrikuntza prozesuen garapenaren mende dago; hain justu, teknologiaren ikuspuntutik berritzaileak diren eta merkataritzaren ikuspuntutik bideragarriak diren prozesuak erabiliz ekoizpena nabarmen areagotuko duten berrikuntza prozesuen garapenaren mende. Horretarako, beharrezkoa da lehengaietatik bigarren belaunaldiko bioerregaietarako urratsa egitea, belar/egur materialak eta nekazaritza eta industrietako hondakinak barne (abantaila gisa elikaduraren merkatuan ez lehiatzea duten materialak). Era berean, beharrezkoa da CO2aren igorpenak %80 inguru gutxitzea ere. Hartara, helburua bioerregaiak ekoiztea da.


Zehazki, Bioerregaien arloko ICTS azpiegitura bigarren belaunaldiko bioerregaiak ekoizteko prozesu integralen garapen zentroa izanen da, eta ekoizpen kate osoa barne hartuko du, biomasaren prestaketatik abiatu eta azken produktua eskuratu arte. Gainera, gisa horretan jardunen den Europako instalazio bakarra izanen da. Nafarroa eskualde egokia da ICTS azpiegitura bertan kokatzeko; izan ere, Foru Komunitateak energia berriztagarrien gaineko interes handia du, eta besteak beste, CENER (Energia Berriztagarrien Zentro Nazionala), CEMITEC (Berrikuntza eta Teknologiaren Nafarroako Diziplina Anitzeko Zentroa) eta CITEAN (Automobilgintzako Berrikuntza Teknologikoaren Nafarroako Zentroa) daude bertan.


ICTS azpiegitura biomasa mota guztiak prozesatzeko gai izanen da, belarra bereziki; hots, Europako hegoaldean potentzialtasun handiena duena. Horixe bera izanen da azpiegituraren berezitasuna.


Gainera, prozesu eta biomasa mota guztietarako beharrezkoak diren aurretratamendu guztiak eginen dituzte Zentroan, eta hainbat erregai garatu eta ekoizpeneko hainbat prozesu integratu ahal izanen dituzte. Iraupen luzeko saiakuntzetan etenik gabe jardun ahal izateko zerbitzu guztiak izanen ditu, lortutako emaitzak industriaren eskalara estrapolatzeko modukoak izan daitezen.


Zehazki, orduko 500 kilogramo biomasa prozesatzeko planta pilotua aurreikusi dute. Urtean 1.240 orduz jardunen da ekoizten, 20-100 orduko saiakuntzetan banatuta.


Hitzarmenaren edukia


Adierazi dugunez, Hitzarmenak Hezkuntza eta Zientzia Ministerioaren eta Foru Komunitatearen arteko lankidetza ezartzea du helburu, Bioerregaien arloko ICTS diseinatu, eraiki, hornitu eta ustiatzeko Partzuergoa sortzeko, eta aipaturiko instalazioa eraiki eta hornitu aurretiko proiektu zientifiko-teknikoa eta ekonomikoa idazteko (azpiegitura berezia eraiki eta ustiatzeko proiektu orokorraren lehenengo fase gisa).


Partzuergoa Sarrigurenen dagoen Energia Berriztagarrien Zentro Nazionalean (CENER) jardunen da, eta Bioerregaien arloko ICTS azpiegituraren sorrera bultzatze aldera, berau (Partzuergoa) osatzen duten erakundeen arteko lankidetza zientifikoa, teknikoa, ekonomikoa eta administraziokoa kudeatu eta sustatuko du.


Hitzarmena izenpetu duten administrazioek milioi bateko ekarpena egin beharko dute, 2008an eta 2009an. Finantzatutako jarduerak amaitu ondoren, sei hilabeteren buruan, egindako jarduera teknikoei buruzko txosten zehatza aurkeztuko du Partzuergoak.


Dokumentazioa:
Información completa

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa