Castellano | Euskara | Français | English
Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko presidenteak, Yolanda Barcina Iruñeko alkateak, Jose María Roig Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko kontseilariak eta Begoña Urien Enpresaren zuzendari nagusiak laneko gosaria egin zuten, atzo, Espainia-Estatu Batuak Merkataritza Ganberako kideekin, eta hartara, hasiera eman zieten Estatu Batuetako Nafarroaren IV. Astearen baitan New Yorken eginen dituzten ekitaldiei.
Autonomia erkidego guztietako 112 telefonoetako zuzendariak eta arduradunak, 28 guztira, Iruñean daude, urte bitik behin -aurrekoa Santanderren izan zen- egiten diren hausnarketa jardunaldietan parte hartzeko, gaur eta bihar; jardunaldi horien helburua da aurrerapausoak ematea lan prozedurak hobetzen eta autonomietako zerbitzuen arteko koordinazio handiagoa lortzen.
Begoña Sanzberro Iturriria Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuko kontseilariak eta Elena Gil García eta Julián García Rodríguez Caja Madrid erakundeko ordezkariek (Kultur Zentroen eta Gizarte Ekintzako Ingurumen Programaren zuzendari nagusiak eta Araba, Nafarroa eta Errioxako zuzendariak, hurrenez hurren) akordioa izenpetu dute, eta hartara, finantza erakundeak 152.017 euro emanen ditu (BEZa barne) Obanos eta Zareko 75,6 hektarea baso-berritzeko.
Nafarroako Gobernuak, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren bidez, eta "Tomás y Lydia Recari García" Fundazioarekin batera, Nafarroako Gizarte Zerbitzuen Kalitatearen Saria bultzatu du. Aurten lehenengo aldiz emanen dute saria, eta gizarte zerbitzuen erabiltzaileen artapena eta bizi-kalitatea izanen ditu ardatz.