(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

"Punto de vista" Jaialdiaren eskutik, Europan lehenengo aldiz ikusiko dira abangoardiako asiar zuzendarien lanak astelehena, 2008.eko otsailak 18

Zinema dokumentalaren "Punto de vista" Jaialdiaren eskutik Europan lehenengo aldiz ikusi ahal izanen diren asiar zuzendarien dokumentalak aurkeztu dituzte, gaur goizean, Civican aretoan.


Horretarako, Asian Network of Documentary (AND) elkartearen laguntza izan dute, eta Fujioka Asako (ANDko kidea) eta Feng Yan (aurtengo "Punto de vista"n ikusi ahal izanen den Bingai lanaren zuzendaria) aurkezpenean izan dira. AND Asiako zinema jaialdien antolatzaileen elkarte independentea da, eta dokumentalen ekoizpenari eta banaketari sostengua ematen dio.


Hartara, Asiako dokumentalaren arloko proiektu nagusiaren Europako egoitza bilakatuko da "Punto de Vista". Pusaneko Nazioarteko Zinema Jaialdiak eta Asiako ekoizpen enpresek eta kritikoek bultzatu duten proiektuaren egoitza, hain zuzen. AND elkarteak ematen dituen diru laguntzak jaso dituzten azken lanak aurkeztuko ditu Punto de Vistak, Asiako abangoardiako zinemaren lagin gisa.


Honako lan hauek, hain justu: Hopes Dies last in War/Gerran itxaropena hiltzen da azkenengo (Supriyo Sen, India, 2007), Indiaren eta Pakistanen arteko gatazkako 54 indiar soldadu gatiburi buruzko lana, etxera itzultzeko itxaropena, gatibuen ametsak, beldurra, tristura... hizpide dituena; Nobody’s Child/Inoren semea (Chao Gan, Txina, 2007), harremanen amaierari eta banantzeei aurre egiteko zailtasunari buruzko lana; Bingai (Feng Yang. Txina, 2007), Hiru Arroiletako presaren eraikuntza dela-eta, Yangtze ibaiko uraren azpian etxea, lurra eta sustraiak galdu dituzten milioitik gora lagunen babesik eza deskribatzen duen lana.


Asian Network of Documentary


Fujioka Asakok azaldu duenez, 1990eko hasieraz geroztik, Asiako ekialdeko dokumental independenteen jaiotzaren eta hazkunde bikainaren lekuko izan da mundua. Bilakaera hori zenbait Gobernu zapaltzaile erori izanari (Taiwan eta Koreako Gobernuak, adibidez), eta bideokamera eta edizio ekipoak gero eta eskuragarriago egoteari zor zaio, neurri batean behintzat.


Asian berriki sortu dituzten zinema jaialdiek ere mugimendu berria sendotzeko balio izan dute. Besteak beste, Yamagatako Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdia (1989an), Pusango Zinemaren Nazioarteko Jaialdia (1996an), Taiwango Dokumentalaren Jaialdia (1998an), edo Jakarta, Kuala Lumpur, Bangkok eta beste hiri handi batzuetako jaialdiak jarri dituzte abian. Hartara, zinemagileek eta ikusleek, oro har, dokumental asko ikusi ahal izan dituzte.

Dokumentazioa:
Berri osoa.doc

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa