(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

2007an, 160 pertsonatik gora izan dira delituaren biktimendako programa terapeutikoan eta ia 130 tratu txarrak eman dituztenendako programetan asteazkena, 2008.eko otsailak 27

2007. urtean zehar, 163 pertsonak parte hartu zuten Nafarroako Gobernuko Delituen Biktimei Laguntzeko Atalak delituen biktimendako eskaintzen duen programa terapeutikoan, 2006an baino ia %60 gehiago. %66, zehazki 107, genero indarkeriaren biktimak ziren eta beste 17, sexu erasoak jasandakoak.


Bestalde, tratu txarrak emandako 126 pertsonak, gehien-gehienak gizonezkoak, tratamendua jaso zuten iaz, aurrerago eraso gehiagorik izan ez dadin; kopuru hori 2006koa baino %41,6 handiagoa da, Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Justiziako Gizarte Zerbitzuak 2007ko memorian bildu duenez; aipatutako zerbitzua arlo honetako lau jarduketa eremu kudeatzeaz arduratzen da: doako laguntza juridikoa, organo judizialei laguntza ematea (itzulpen edo interpretazio lanak, adibidez), delituen biktimendako laguntza integrala Delituen Biktimei Laguntzeko Atalaren bitartez, eta azkenik, atxilotuen eta kartzelatik irtendakoen gizarteratzea.


Besteak beste, psikologo baten eta gizarte langile baten ardurapean dagoen programa terapeutikoan sartzea eskatzen duten biktima gehienak prozesu judizialetan sarturik daude edo salaketaren bat aurkeztu dute. Kasu askotan, salaketa kendu eta erasotzailearekin bizi diren pertsonak dira. Beste batzuek ez dute oraindik poliziarengana jotzeko erabakia hartu baina arriskuan daude.


Programek biktimak prestatzen dituzte ahozko epaiketari ahalik eta hobekien eta ahal diren berme guztiekin aurre egin diezaioten, haientzat egoera berria baita, estresa eragiten diena. Askotan, lehenago ere jasan izan duten antsietatearen sintomak ager daitezke berriz horren ondorioz. Gainera, erasotzailea aspalditik ikusi ez dutenez, epaitegian harekin berriz topo egitean ikaratu daitezke. Egoera horien aurrean, biktimei lehenago landutako erlaxazio teknikak gogorarazten zaizkie eta epaiketaren nondik norakoaz behar den informazio guztia ematen zaie.


Kasu guztietan, biktimendako laguntza terapeutikoak hiru fase ditu. Banakako tratamendu psikologikoak atzemandako sintomak eta defizitak ditu xede batez ere, eta adierazpen emozionala lantzen du, emozioak kanporatzen laguntzeko, edo arazoari aurre egiteko trebetasun batzuk. Ondoren, taldekako tratamenduak jasotzen dituzte, beste 6 edo 8 pertsonarekin batera, horrek aukera ematen dielako antzeko egoerak bizi izan dituzten emakumeei antsietatea gutxitu eta tratu txarren ondorioak ulertzen joateko. Era berean, lorpenak ebaluatzeko bide ematen du. Amaitzeko, urtebetez kasuaren jarraipena egiten da. 2007an, zerbitzuak 1.113 saio programatu zituen, 1.082 banakako terapiakoak, 16 taldekakoak eta 11 bikoteenak.


Terapian parte hartu duten pertsona berrien %57 31 urtetik 50 urtera bitartekoak ziren. Nazionalitateari begiratuta, espainiarrek %75 egiten dute. Psikologoen larrialdiko esku-hartzeak eskatzen dituztenen erdiak atzerritarrak direla kontuan harturik, zerbitzuaren iritzia da biktima askok programa terapeutikoak arrazoi kulturalengatik uzten dituztela, edo saioetara joatea lanarekin eta eguneroko bizimoduarekin bateragarri egiteko zailtasunen eraginez. Horrez gain, sexu gehiegikerien biktima diren adingabeen kopuruak ere gora egin duela ikusi da, erasotzaileak beste adingabe batzuk edo familiatik kanpokoak direla. Tratamendu psikologikoetan sartutako pertsona berrien %11 adingabeak izan ziren.


Delituen arabera, berriz, 107 genero indarkeriaren biktimak izan ziren; 22 biktima sekundarioak; 17k sexu askatasunaren kontrako delituak jasan zituzten; 3k erasoak; 2k hilketak; 2k lapurretak; eta 1ek eskola jazarpena.

Dokumentazioa:
Berri osoa.doc

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa