(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako Gobernuko web orrian, gaurtik aurrera, 2007ko Lan Eskaintza Publikoan aurreikusitako lanpostuen deialdiak gutxi gorabehera noiz eginen dituzten jakinaraziko dute ostirala, 2008.eko apirilak 11

Probak noiz hasi daitezkeen ere jakinaraziko du Foru Administrazioak


Nafarroako Gobernuko web orriak (www.navarra.es), Nafarroako Aldizkari Ofizialean (NAO) argitaratutako enplegu publikoko deialdien berri emateaz gain, 2007ko Lan Eskaintza Publikoan aurreikusitako lanpostuen deialdiak egiteko gutxi gorabeherako daten berri ere emanen du, gaurtik aurrera. Egutegian ez dituzte sartuko Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun arloko lanpostuak eta Hezkuntzako irakasle lanpostuak.


Neurriaren helburua da informazioa herritar guztiengana aldi berean eta nahikoa denborarekin iristea. Gardentasunaren alde egiteaz gain, aurreikuspenen arabera deialdia noiz argitaratuko duten eta probak noiz hasiko diren ere jakinaraziko du Gobernuak. Orain arte, herritarrek bazekiten zer lanpostu zeuden aurreikusita Lan Eskaintza Publikoetan, baina ez zuten jakiten azterketak noiz hasiko ziren, eta ezta zer ekitalditan eginen zituzten ere.


Neurri berria da, eta ondorioz, egutegirako zuzeneko sarbidea jarri dute Nafarroako Gobernuaren atariko orri nagusian. Nolanahi ere, zerbitzuen atalean ere aurkitu daiteke egutegia (enplegu publikoa).


Informazioa eskuratzeko hiru modu daude: deialdiaren egoeraren arabera (itxita, irekita edo argitaratzeko); mailaren arabera (A, B, C, D edo E); eta lanpostu motaren arabera. Gaur egun 81 deialdi daude, 543 lanpostutarako. 504, pertsona ororentzat dira, eta 39, ezintasunen bat duten pertsonentzat. Iaz, 25.000 bat lagun aurkeztu ziren Nafarroako Foru Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako lanpostuetarako deialdietara.


Gobernuak honako informazio hau ere emanen du: deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko den eguna (eta kasuan kasuko fitxarako esteka); lehenengo proba noiz izanen den, gutxi gorabehera; antzeko lanpostu bat Nafarroako Aldizkari Ofizialean azkenekoz noiz argitaratu zen (lanpostua eskuratzeko baldintzei buruzko erreferentzia gisa); proba motak; gaiak; eta epaimahaiko kideak. Nolanahi ere, Nafarroako Aldizkari Ofizialean azkenekoz argitaratutako antzeko lanpostuaren berri ematearen helburua informazioa ematea izanen da, soil-soilik.


2007ko Lan Eskaintza Publikoan aurreikusitako lanpostuak bakarrik sartu dituzte egutegian (17. NAO, 2007ko otsailaren 7koa, eta 140. NAO, 2007ko azaroaren 9koa). Lanpostu bakoitzeko behin betiko plaza kopurua deialdi bakoitzean finkatuko dute, lanpostuak betetzeko erregelamendu bidez ezarritako prozeduren eta 2007ko Lan Eskaintza Publikoko aurreikuspenen arabera. Izan ere, deialdia egiten duen erakundeak aurreko deialdietan bete ez diren plazak ere deialdi berrian sar ditzake. Era berean, argitaratu ondoren hutsik geratu diren plazak ere sartu beharko ditu, plaza horiek kentzea proposatu ez badute behintzat.


Oinarriak deialdia egingo duen erakundeak finkatuko ditu, hautaketa prozesu bakoitzerako. Ustekabeko gorabeheren ondorioz egutegiko aurreikuspenak aldatu behar badira, ahalik eta azkarren emanen dute horren berri.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa