(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Administrazio Publikoen Nafarroako Institutuak formazio-jarduerak programatu ditu aurten, lehenengo aldiz, unibertsitateetako udako ikastaroen baitan asteazkena, 2008.eko maiatzak 21

Formazio-mintegiak langile publikoei zuzenduta egongo dira, eta XXI mendeko gatazka eta erronkei buruzko konferentziek, berriz, sarrera librea izango dute


Administrazio Publikoen Nafarroako Institutuak (INAP) udako hilabeteetara luzatu du, ekimen horrekin 1978an hasi zenetik lehen aldiz, prestakuntzara eta irakaskuntzara zuzenduriko denbora. Langile publikoei zuzenduriko hamalau mintegi antolatzeaz gain, erakunde autonomo horrek konferentzia-ziklo bat ere antolatu du, Nafarroako unibertsitateen udako ikastaroen baitan. Saio horiek Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin (UPNA) lankidetzan sustatu dira; "XXI mendeko gako, gatazka eta erronkak" izango da hizpide nagusia, eta gai horretan adituak direnak izango dira hizlariak. Sarrera librea izango da.


Zehatzago, uztailaren 21etik irailaren 5a bitartean INAPek hamalau udako ikastaro eskainiko ditu. 366 plaza eskainiko dira guztira, eta irakastorduak 278 izango dira. Oraingo honetan, ohikoz kanpo, langile publikoei eskainiko zaizkien ezaguerek ez dute zertan beraien lanpostuarekin lotuta egon beharko. Institutuko ikasgeletan izango dira mintegi guztiak (Navarreria 39, Iruña).


Eskaintzak honakoak barne hartzen ditu: ortografia berrikusteko tailerrak, sormen-idazketa, ekonomia eta psikologiako oinarrizko kontzeptuak, egungo mundurako gako soziologikoak, aldaketa klimatikoa, familia-zuzenbidea, Nafarroaren eta bere Instituzioen historia, Oinarrizko Eskubideak Administrazio Publikoan eta Photoshop programaren maneiua. Izena emateko epea ostiralean bukatzen den arren, plazak ia agortuta daude dagoeneko.


Erlijioa, ingurune mediatikoa, familia-egitura berriak eta aldaketa klimatikoa


Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin elkarlanean antolatutako konferentzia-zikloa irailaren 15 eta 18 artean izango da, honako lemapean: "XXI mendeko gako, gatazka eta erronkak". Bertan, gaur egungo konplexutasunera hurbilketa egingo da, etengabe aldatzen ari den mundua aztertuz.


Irailaren 15ean, Konplutentseko Zientzia Politiko eta Soziologia fakultateko Antonio Elorzak "Erlijioaren inguruko gatazkak: integrismoen erronka" izango du hizpide. Hurrengo egunean, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Komunikazio Fakultateko Ikus-entzunezko Komunikazioan Katedradun Román Gubern jaunak, "Ingurune mediatikoa ulertzeko gakoak" eskainiko ditu, informazioaren eta globalizazioaren teknologia berrien sustatutako iraultzaren baitakoak.


Asteazkenak 17an, "Beste elkarbizitza-eredu batzuk: familia-egitura berriak" izenburupean, Unibertsitate Konplutentseko Zientzia Politiko eta Soziologia fakultateko Enrique Gil Calvo jaunak gizartearen garapen- eta egitura-eredu berrien inguruan jardungo du. Zikloak honako saioarekin jarraituko du: "Aldaketa klimatikoa: etorkizuna irabazteko erronka". Kazetaritza Zientifikoko Espainiako Elkarteko presidente Manuel Toharia, eta Grrenpeace-ko Espainiako Zuzendari Exekutibo Manuel López de Uralde izango dira hizlariak. Konferentzia guztiak arratsaldeko 20etan izango dira, Nafarroako Artxibo Nagusian.


Jarduera horiekin biekin, INAPek, funtzionarioei prestakuntza errazteaz gain, herritarren gaitasun kritikoa piztu nahi du, egun funtzio publikoak landu beharreko mundu globalizatua hobeto uler dezaten.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa