(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago


Urteko bigarren hiruhilekoan langabeziak %7,2 (1.400 pertsona) egin du behera Nafarroan

osteguna, 2008.eko uztailak 24

Biztanleria Aktiboaren Inkestako datuen arabera, Espainiako langabeziak %9,5 egin du gora



Urteko bigarren hiruhilekoan langabeziak %7,2 (1.400 pertsona) egin du behera Nafarroan, aldi horretako Biztanleria Aktiboaren Inkestako datuen arabera. Datuak Estatistikako Institutu Nazionalak eman ditu ezagutzera, gaur goizean. Espainian, aldiz, langabeziak nabarmen egin du gora (%9,5), eta ondorioz, Estatu osoan 207.400 pertsona daude lanik gabe. Gainera, langabeziak %20tik gorako hazkundea izan du Madrilen, Valentzian, edo Murtzian, esate baterako.


Nafarroaz gain, beste hiru erkidegotan ere behera egin du langabeziak: Balearretan, Asturiasen eta Extremaduran. Zentzu horretan, langabeziaren beherakadarik handienak Balearretan eta Foru Komunitatean jazo dira, ordena horretan. Gainera, Nafarroako eta EAEko langabezia tasak (%5,6) Estatuko baxuenak dira (Estatuko batez bestekoa %10etik gorakoa da).


Biztanleria Aktiboaren Inkestaren arabera, Nafarroan 17.400 pertsona daude lanik gabe gaur egun (8.200 gizonezkoak dira, eta 9.200 emakumezkoak). Azpimarratzekoa da Estatuan emakumezko langabe gutxien dituen erkidegoa Nafarroa dela (%6,9ko langabezia tasa emakumezkoen artean). Gizonezkoen kasuan, Estatuko langabezia tasarik txikiena Nafarroa eta EAEkoa da (%4,6).


Urteko bigarren hiruhilekoan, gainera, langile kopuruak gora egin du Nafarroan. Hain zuzen ere, langile kopuruak 700 pertsonako gorakada izan du apiriletik ekainera bitarte. Hartara, gaur egun 292.000 langile daude Foru Komunitatean. Horietatik 169.200 gizonezkoak dira, eta 122.800, berriz, emakumezkoak.


José María Roig Aldasoro Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko kontseilariak adierazi duenez, "datu onak dira eta itxaropena ematen dute, batik bat krisialdi ekonomikoa kontuan hartzen badugu. Hartara, Nafarroako Gobernuak ekonomia eta lan arloko politika aktiboak bultzatzen jarraituko du, aurrerantzean ere".


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa