(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

NGIren programari esker, Iruñeko 50 gaztek Zaragozako Expoa bisitatuko dute hilaren 30ean asteartea, 2008.eko abuztuak 5

Hilabete honetako larunbatetan, 10 euroren truke, autobusak aterako dira baita San Adrianetik, Ablitasetik eta Zizur Nagusitik ere


Iruñeko 50 gaztek 2008ko Zaragozako Nazioarteko Erakusketa bisitatuko dute abuztuaren 30ean (larunbata). Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Gazteriaren Institutuaren (NGI) bidez eta Nafarroako Udalerrien eta Kontzejuen Federazioarekin elkarlanean, "Udako larunbatetan Expoa duzu aukeran" programa antolatu du, 18 eta 25 urte bitarteko gazteek Expoa bisita dezaten.


Jardunaldi honetarako izen-ematea bihar (asteazkena, hilaren 6a) hasiko da eta hilaren 26ra bitartean egin ahal izango da, 902 230 400 "Esan, Telefono Gaztea"n, 9:00etatik 20:00etara. Guztira, 50 pertsonentzako lekua egongo da, eta eserlekuen ordena izen-ematearen araberakoa izango da.


Gazteek 10 euroren truke egun osoz gozatu ahalko dute Expoan. Prezioan joan-etorriko autobus bidaia, barrutirako sarrera eta telekabinako joan-etorriak sartzen dira. Autobusa Iruñeko autobus geltokitik irtengo da 7:15ean, eta eskaerarik jasoz gero, Tafallan eta Tuteran ere geldituko da. Autobusa goizeko 1:30ean aterako da Zaragozatik, hain zuzen ere, gaueko azkeneko ikuskizuna amaitzen denean. Ordutegi horri esker, gazteek goizeko 10:00etatik erakusketa amaitu arte gozatu ahalko dute Expoaz. Besteak beste, Iceberga, "Le Cirque du Soleil" konpainiaren "El despertar de la serpiente" eta "La noche en el río" ikuskizunak ikusiko dituzte.


Abuztuaren gainerako larunbatetan beste hiru autobus aterako dira San Adrianetik (hilak 9), Ablitasetik (hilak 16) eta Zizur Nagusitik (hilak 23). Oraindik badago lekua libre.


Ekainaren 21ean hasi zenez geroztik, Nafarroako hainbat herritako 400 gaztek hartu dute parte programan. Helburua gazteei mugikortasuna erraztea, beste kulturei buruz duten ezagutza areagotzea, ekologiarekiko sentikortasuna sustatzea, eta nola ez, uraren erabilerak duen garrantziaz kontzientziatzea da.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa