(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako Gobernuak oposizioen deialdia egin du, sei udalerritan udaltzain eta aguazilen 16 lanpostu betetzeko asteazkena, 2008.eko abuztuak 20

Probak urrian eginen dituzte, eta udaltzain laguntzaileen lanpostuak betetzeko hautagaien zerrenda ere osatuko dute


Nafarroako Gobernuak oposizioen deialdia egin du, sei udalerritan udaltzain eta aguazilen 16 lanpostu betetzeko, eta izena emateko epea datorren irailaren 19an amaituko da. Honako lanpostu hauek bete nahi dituzte, hain zuzen: 12 udaltzain, Lizarra, San Adrián, Eguesibar eta Zizur Nagusirako, eta 4 udal agente edo aguazil, Beriain eta Milagrorako. Probak urrian hasiko dira.


Nafarroako Gobernuak Nafarroako Poliziei buruzko 8/2007 Foru Legeari jarraiki egin duen lehenengo deialdia da. Legearen arabera, toki erakundeek hala eskatzen dutenean, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak hautaketa prozedura komunak onartu ditzake. Legea onartu aurretik, prozesu horiek udalek egin behar izaten zituzten.


Gaurko Nafarroako Aldizkari Ofizialean (NAO) deialdiaren testu osoa argitaratu dute, eta bertan xedatu dutenez, lanposturik eskuratzen ez duten lehenengo ehun hautagaiak Udaltzaingoa duten hogei udaletan udaltzain laguntzaileen lanpostuak betetzeko hautagaien zerrendan sartuko dituzte.


Deialdiaren bidez bete nahi dituzten lanpostu zehatzak honako hauek dira: hiru udaltzain, Lizarrako Udaltzaingorako; lau udaltzain, San Adriángo Udaltzaingorako; hiru udaltzain, Eguesibarko Udaltzaingorako; bi udaltzain, Zizur Nagusiko Udaltzaingorako; bi udal agente edo aguazil, Beriainerako; eta bi udal agente edo aguazil, Milagrorako. Lanpostuak txanda irekian zein barne sustapeneko txandan (kasuan kasuko udaleko langileentzako txanda murriztuan) beteko dituzte. Deialdiko lanpostu kopurua handitu egin ahal izanen dute hautaketa prozesuan zehar, eta langile bakoitza non jardunen den erabakitzeko hautagaien eskaerak eta probetan eskuratutako puntu kopurua hartuko dituzte kontuan.


Deialdian parte hartu ahal izateko bete beharreko baldintzei dagokienez, honako hauek aipatu ditzakegu: Espainiako nazionalitatea izatea; 36 urte bete ez izatea; baldintza fisiko eta psikiko egokiak izatea; gizasemeek 1,70 metroko gutxieneko garaiera izatea, eta emakumezkoek, 1,65 metrokoa; delitu zigorgarri bat tarteko kondenatu ez izatea; eta gutxienez ere A, B eta BTP motatako ibilgailuak gidatzeko baimena izatea.


Bestalde, ariketak (teorikoak zein praktikoak) eta proba medikoak gainditu izanagatik udaltzain edo udal agente-aguazil lanposturik lortu ez duten hautagaiek udaltzain laguntzaile gisa gaitzeko ikastaroa egin nahi dutela adierazi ahal izanen dute. Horretarako, eskabidea aurkeztu beharko dute, egutegiko hiru eguneko epean. Ikastaroa Nafarroako Segurtasun Eskolan egin ahal izanen dute. Udaltzaingoa duten toki erakundeek kidego horretako langileak ordezkatzeko edo langile zerrendak indartzeko administrazio araubidean aldi baterako kontratatzen dituzten langileak dira udaltzain laguntzaileak, hain zuzen. Udaltzaingoko funtzionarioei laguntzeko lanak egiten dituzte (zirkulazioa antolatzea, eraikinak zaintzea, edo herritarrei laguntzea), eta sekula ez dute erabiltzen su armarik.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa