(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago


Bost adituk XXI. mendeko giltzarriak aztertuko dituzte, astelehenetik aurrera, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak antolatu duten ziklo batean

ostirala, 2008.eko irailak 12

Antonio Elorza, Román Gubern, Enrique Gil Calvo, Jorge Olcina eta Juan López de Uraldek gaur egungo munduaren erronkak aztertuko dituzte, irailaren 18ra arte (osteguna), Nafarroako Artxibo Orokorrean


Martínez, Bandrés y Loitegui, durante la presentación del ciclo.

Ignacio Bandrés (erdian), Jesús Ramón Loitegui (eskuinean) eta Álvaro Martínez, Nafarroako unibertsitateetako udako ikastaroen esparruan eginen duten "XXI. mendeko giltzarriak, gatazkak eta erronkak" zikloaren aurkezpenean. ( irudia handitu )


Nafarroako Artxibo Orokorrean, datorren astean, irailaren 15etik (astelehena) 18ra arte (osteguna), "Claves, conflictos y retos del siglo XXI" (XXI. mendeko giltzarriak, gatazkak eta erronkak) hitzaldi zikloa eginen dute. Bertan, ospe handiko txostengileek gaur egungo munduan garrantzi handia duten zenbait gai aztertuko dituzte.


Antonio Elorza historialariak, Román Gubern katedradunak, Enrique Gil Calvo soziologoak eta Jorge Olcina eta Juan López de Uralde klima aldaketan adituek erlijio gatazken atzean dagoena, hedabideen garrantzia, familiaren egitura berriak eta klima aldaketa aztertuko dituzte. Saio guztiak Artxiboko ekitaldi aretoan eginen dituzte, eta 20:00etan hasiko dira. Sarrera doan izanen da.


Zikloa Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak (INAP) eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) antolatu dute, Nafarroako unibertsitateetako udako ikastaroen esparruan, eta Ignacio Bandrés INAPeko zuzendari kudeatzaileak, Jesús Ramón Loitegui INAPeko Trebakuntza Zerbitzuko zuzendariak, eta Álvaro Martínez Garapenaren eta Hobekuntzaren Ataleko buruak aurkeztu dute, prentsaurrekoan.


"Konplexutasuna" eta "ziurgabetasuna" gaur egun giltzarritzat hartu daitezkeen hitzak dira, globalizazio prozesua eta trukeen azelerazioa eta ugaritzea tarteko. NUPek eta INAPek, "XXI. mendeko giltzarriak, gatazkak eta erronkak" hitzaldi zikloarekin, etengabe aldatzen ari den munduari begira herritarrak kritikoak izan gaitezen bultzatu nahi dute. INAPek, hain zuzen, aurten estreinakoz sustatu ditu udako jarduerak (funtzionarioentzako trebakuntza ikastaroak, besteak beste).


Antonio Elorza Domínguez Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Zientzia Politikoaren eta Administrazioaren Departamentuko zuzendariak zikloa inauguratuko du, irailaren 15ean (astelehena), "Conflictos religioso: el reto de los integrismos" (Erlijio gatazkak: integrismoaren erronka) txostenarekin. Historialariak erlijio gatazken atzean dauden arrazoi politiko eta historikoak aztertuko ditu. Hitzaldia Ricardo Pita Nafarroako Kultura Kontseiluko kide eta Nafarroako Gobernuko Argitalpenen Zerbitzuko zuzendariak aurkeztuko du.


Román Gubern Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Komunikazio Fakultateko Ikus-entzunezko Komunikazioko katedradunak, irailaren 16an (asteartea), "Claves para comprender el entorno mediático" (Hedabideak ulertzeko giltzarriak) hitzaldia eskainiko du, eta informazioaren teknologia berriek sustatu duten iraultzan murgilduko da. Gubern Zuzenbidean doktorea da, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan, eta gainera, katedradun emeritua da. Massachusetts Institute of Technology institutuan ikertzaile gonbidatu gisa lan egin izan du, University of Southern California (Los Angeles) eta California Institute of Technology (Pasadena) zentroetan irakasle aritu izan da, eta Erromako Cervantes Institutuko zuzendari izan da. Hitzaldia Alejandro Navas Nafarroako Unibertsitateko Komunikazio Publikoaren Departamentuko zuzendari eta Iritzi Publiko eta Soziologia Orokorreko irakasleak aurkeztuko du.


Irailaren 17an, Enrique Gil Calvo Unibertsitate Konplutentseko Soziologiako irakasle eta generoaren eta familiaren soziologiako adituak "Otros modelos de convivencia: nuevas estructuras de la familia" (Bizikidetzako beste eredu batzuk: familiaren egitura berriak) hitzaldia eskainiko du. Gil Calvo Claves aldizkariko eta El País egunkariko kolaboratzailea ere bada. Hitzaldian, gizartea garatu eta egituratzeko eredu berriak aztertuko ditu; hots, erlijioak pisua galdu, ezkontzek betiko izateari utzi, eta familia mota berriak agertu direnean azaleratzen hasi diren ereduak. Hitzaldia Ignacio Sánchez de la Yncera NUPeko Soziologiako irakasle titularrak aurkeztuko du.


Azkenik, Jorge Olcina Alacanteko Unibertsitateko Analisi Geografikoko katedradunak eta Juan López de Uralde Espainiako Greenpeaceko zuzendari exekutibo eta Ingurumenaren eta Uraren Kontseilu Nazionaletako kide ohiak, irailaren 18an (osteguna), "Cambio climático: un reto para ganar el futuro" (Klima aldaketa: etorkizuna irabazteko erronka) hitzaldia eskainiko dute. Klima aldaketaren aurkako neurriak hartzeko beharrari buruz mintzatuko dira. Javier Pejenaute Goñi klimatologo, UNEDeko irakasle elkartu, eta Iruñeko Basoko Institutuko Geografia eta Historiako irakaslea arduratuko da txostengileak aurkezteaz.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa