(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Gobernuak kanpaina bat jarriko du abian, DBHko eta Batxilergoko azkeneko mailetako ikasleek Lanbide Heziketa hautatu dezaten sustatzeko asmoz asteazkena, 2008.eko urriak 8

Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Gazteria Institutuaren bidez (NGI), kanpaina bat jarriko du abian, DBHko eta Batxilergoko azkeneko mailetako ikasleek Lanbide Heziketa hautatu dezaten sustatzeko asmoz.


Kanpainaren izena "Elige bien, rompe moldes y apuesta por lo profesional" ("Ongi aukeratu, berritzailea izan, eta egin apustu lanbideen alde") da. Nafarroako Gobernuak finantzatuko du, 102.500 €-rekin, eta Nafarroako UGT eta CCOO sindikatuetako gazteria atalek kudeatuko dute. Kanpainaren edukia Ana Frías NGIko zuzendari kudeatzaileak, Estíbaliz García Nafarroako UGTko Gazteria arduradunak eta Rubén Belzunegui Nafarroako CCOOko Gazteria arduradunak aurkeztu dute, gaur, prentsaurrekoan.


Ekimenaren bidez Lanbide Heziketak etorkizuneko aukera gisa duen balioa babestu eta LHk lanbide irtenbide asko dituela aldarrikatu nahi dute. Kanpainaren bidez gazteak trebatu eta gaitu nahi dituzte, eta hobeto laneratu eta gizarteratzeko estrategiak eta tresnak eskaini nahi dizkiete. Gainera, gazteek LH aukeratu dezaten sustatzeaz gain, langileen etengabeko trebakuntza sustatzea ere badu helburu kanpainak.


Beste helburu garrantzitsu bat ere badu kanpainak: ikasketak generoaren ikuspuntutik hautatzeko joera apurtzea; hau da, ikasketa batzuk mutilentzat eta beste batzuk neskentzat direla baztertzea.


Kanpaina ikastetxeetan, Foru Komunitateko gazteei informazioa emateko guneetan eta hedabideetan egingo dute, batik bat; eta gainera, gizarte eta lan munduko orientazio hitzaldiak eginen dituzte gazteentzat, ikastetxeetan eta orientazio lantegietan.


Bestalde, berdintasuneko, lan osasuneko eta ingurumeneko politikak landuko dituzte ekintza guztietan, azkeneko urteetan bezalaxe.


NGIren ustez, gazteak integratzea eta bideratzea helburu duten ekintza guztiak funtsezkoak dira, trebakuntza alditik lan mundura ahal bezain ongi igaro daitezen ahalbidetzeko.


2007az geroztik, UGT eta CCOO sindikatuetako gazteria atalek gizarte eta lan munduko orientazio programa integrala gauzatzen dute Nafarroako gazteentzat, NGIk gazte entitateei gazteak gizarteratu eta laneratzeko programetarako ematen dizkien diru laguntzen deialdiaren esparruan.


Iazko programak 11.300 parte-hartzailetik gora izan zituen, eta gazteentzako gizarte eta lan munduko orientazio alderdiei buruzko zortzi diptiko egin eta zabaldu zituzten (hitzaldi eta lantegien bidez). Besteak beste, ekintzailetza, laneko arriskuen prebentzioa eta laneko aukera berdintasuna aztertu zituzten diptikoetan.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa