(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Foruzaingoak zirkulazioa zaintzeko zerbitzu berezia antolatu du iganderako, Nafarroa Oinez dela-eta osteguna, 2008.eko urriak 16

Datorren igandean (urriaren 19a) Iruñeko Eskualdeko zirkulazioa zaintzeko zerbitzu berezia antolatu dute, Nafarroako ikastolen jaia dela-eta (Nafarroa Oinez 2008). Hain zuzen ere, 43 foruzainek eskainiko dute zerbitzua, eta Nafarroako Gobernuko helikopteroaren sostengua izanen dute. Guardia Zibilak eta Iruñea, Barañain, Berriozar eta Antsoaingo Udaltzaingoek ere parte hartuko dute zerbitzu berezian.


Ikastolen jaian parte hartzeko asmoa duten herritarrek garraio publikoa erabil dezaten gomendatu du Foruzaingoak (antolatzaileek eta kolaboratzaileek antolatu dituzten zerbitzuak). Aparkalekuei dagokienez, autobusak uzteko bi gune antolatu dituzte (autobusen jatorria gorabehera), eta bietara A-15 autobideko 92. irteeratik iritsi ahal izanen da. Lehenengo gunea Barañainen egonen da, azoka txikia eta industrialdeko bideak dauden inguruan. Bigarren gunea, berriz, Landabenen egonen da, E kaleko zehar kaleetan, gasolina zerbitzuguneko aparkalekuan, Arga ibairako eta San Jorge hiribiderako bidean.


Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabatik AP-15 (Nafarroako autobidea) eta N-240 (Iruñea-Donostia) errepideetan barrena ibilgailu pribatuz etortzeko asmoa dutenei dagokienez, ibilgailua Agustinos industrialdean utzi beharko dute. Horretarako, AP-15 autobideko 97. irteeratik atera beharko dute.


Nafarroako hegoaldetik, ekialdetik eta mendebaldetik datozenek, berriz, Volkswagen lantegiaren atzealdean dagoen zelaian utzi beharko dute ibilgailua. Horretarako, A-15 autobideko 89. irteeratik atera beharko dute.


N-121-A (Iruñea-Behobia), N-135 (Iruñea-Frantzia, Luzaidetik barrena) eta NA-150 (Iruñea-Agoitz-Irunberri) errepideetan barrena etortzen direnen kasuan, ibilgailua Berriozarren utzi beharko dute, Decathlon saltokiko zelaian.


Eta oro har, Buztintxurin, Artika Berrian, eta Gipuzkoa hiribidean ere utzi ahal izanen dira ibilgailuak.


Bisitari guztiei "Nafarroa Oinez"eko antolatzaileek jarriko dituzten seinaleak eta informazio taulak eta zirkulazioa zaintzeko zerbitzu berezian parte hartuko duten polizien aginduak errespeta ditzaten eskatzen zaie. Gainera, etortzeko edo itzultzeko "puntako orduak" saihestea gomendatzen da, hiriko aparkalekuak eta sarbideak modu mailakatuan erabili ahal izateko.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa