(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroan Batxilergoko mila ikasle inguruk hartuko du parte ‘Road Show’ bide heziketako programan asteartea, 2008.eko urriak 21

Multimedia antzezpen bat da eta zirkulazio istripuren batean parte hartu duten hainbat pertsonak bere esperientzia kontatzen dute bertan


Caballero kontseilaria. ( irudia handitu )

Nafarroako Batxilergoko 987 ikaslek hartuko du parte gaur ‘Road Show’ bide heziketako programan. Programa horren helburua 16 eta 25 urte bitarteko gazteengana iristea da, modu arduratsuan gidatzearen garrantziaz ohartu daitezen. Horretarako, antzezpen baten bidez, istripu baten egiazko protagonistek beren esperientzia kontatuko dute.


Ekimena IRSAk (Bide Segurtasunerako Nazioarteko Akademia) eta AESLEMEk (Bizkar Muinaren Lesioa Ikertzeko Erakundea) bultzatu zuten eta Nafarroako Gobernua eta Euskadiko eta Nafarroako RAC (Errege Automobil Kluba) izan dira antolatzaileak. Gaur goizean Baluarte Batzar Jauregian eta Auditorioan eginiko aurkezpenean, honako ordezkari hauek egon dira: Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko kontseilaria Javier Caballero Martínez; Euskadiko eta Nafarroako RACeko lehendakaria Pedro Martínez de Artola; IRSAko ordezkari gisa Carlos Jiménez; eta AESLEMEko lehendakaria Mar Cogollos.


Proiektuak arrakasta handia izan du Europako beste hainbat herrialdetan eta arrisku gehien duten herritarrengana iristeko xedea du. Osasunerako Mundu Erakundearen datuen arabera, 30 urtetik beherako gazteen artean istripuak dira heriotzen eta ahalmen urritasunen eragile nagusiak; herrialde aurreratuetan, berriz, heriotzen % 50 istripuz izaten dira.


Foruzain batek bere esperientzia azaltzen. ( irudia handitu )

Nafarroan, honako ikastetxe hauek parte hartuko dute: BHI Sanitaria Institutua, Cuatro Vientos Institutua, María Inmaculada LH Ikastetxea, BHI Egokitzapena (Iruñea), BHI Tafalla ikastetxea, BHI Politécnico de Estella ikastetxea, BHI Ribera del Arga ikastetxea, BHI Julio Caro Baroja ikastetxea, Salesianos de Pamplona ikastetxea, Isterria Hezkuntza Bereziko Zentroa, Escuela Agroforestal ikastetxea, Colegio Larraona ikastetxea, Ibaialde – Sukaldaritza eta Zerbitzu Laguntzailea, BHI María Ana Sanz ikastetxea eta Colegio Jesuitinas ikastetxea.


Zuzeneko lekukoak


‘Road Show’ multimedia programa ikuskizun bat da. Efektu bereziak eta irudi zirraragarriak nahasten ditu. Istripuren batean parte hartu duten egiazko pertsonek, larrialdietako zerbitzuetako kideek nahiz istripuaren biktimek, bizitutakoa kontatzen dute, irudi horien bidez. Pertsona horien mintzaldien artean, errealismo handiz simulatutako istripuen irudiak ere agertzen dira.


Antzezpena dantzaleku batean hasten da; bertan, musika jartzen duen batek dio istripu bat izateko arriskua ez dela areagotzen edan ondoren gidatzeagatik edo azkar gidatzeagatik. Horrela, ikusleari ezagutzen duen giroan murgiltzen zaio. Ondoren, kolpe hotsa entzuten da eta istripuetan parte hartu ohi duten pertsonak agertzen dira agertokian, beren esperientziak kontatzeko.


Iruñeko ‘Road Show’ programan pertsona hauek hartu dute parte: Nafarroako Ospitaleko Zainketa Intentsiboetako burua Juan María Guerguék; Foru Poliziako Zirkulazio dibisioko inspektoreordea Antonio García Malumbresek; Nafarroak Suhiltzaileetako ofizialeko Josetxo Anduezak; Nafarroako Ospitaleko Larrialdietako burua Tomás Belzuneguik; eta AESLEMEko lehendakaria Mar Cogollosek.


Nazioarteko esperientzia


Ekimena Ipar Irlandan hasi zen garatzen, eta handik, beste herrialde batzuetara zabaldu zen, hala nola Danimarkara eta Holandara. Lurralde haietan izandako arrakastaren ondoren, ‘Road Show’ programa Espainiara iritsi zen, IRSAk eta AESLEMEk bultzatuta. Gaur arte, gisa bereko 52 ikuskizun egin dira eta 22.132 gaztek hartu dute parte haietan.


IRSAren (Bide Segurtasunerako Nazioarteko Akademia) helburu nagusia munduko edozein lekutako poliziakideak behar bezala prestatzea da, zirkulazio politikak hobetzeko.


AESLEME (Bizkar Muinaren Lesioa Ikertzeko Erakundea) irabazi asmorik gabeko erakundea da eta Justizia eta Barne Ministerioak "Erabilgarritasun Publikoa" izendapena eman zion. 1990. urteaz geroztik ari da lanean istripuak eta haien ondorio larriak, hala nola bizkar muinaren lesioak eta garunekoak saihesteko asmoz.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa