(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Sanz Presidentea La Navarra taldearen upeltegi baten inaugurazioan izan da Mendozan, Argentinan asteazkena, 2008.eko urriak 22

Argentinara egin duen bidaia ofizialaren azken egunean, Nafarroako Gobernuko Presidenteak Mendozako probintziako gobernatzailearekin bilera egin zuen, Foru Erkidegoaren laguntza jasotzen duen pertsona ezinduentzako harrera etxe bat bisitatu zuen eta Aconcaguako Unibertsitateak Nafarroari eskainitako ekitaldi batean izan zen


Sanz Presidentea La Navarra taldearen upeltegi baten inaugurazioan izan da Mendozan

Sanz Presidentea La Navarra taldearen upeltegi baten inaugurazioan izan da Mendozan. ( irudia handitu )

Nafarroako Gobernuko Presidenteak, Miguel Sanz Sesmak, Argentinara egin duen bidaia ofizialaren azken eguna izan zen atzo. Mendozako Probintziako gobernatzailearekin, Celso Jaquerekin izan zuen bilera instituzionalak eman zion hasiera egunari.


Bilera horretan, Mendozako gobernatzaileak eta Sanz Presidenteak elkarrizketa laburra izan zuten. Bi lurraldeetako ekonomia eta garapenerako politikei buruzko hainbat alderdiren gainean hitz egin zuten, modu informalean, baina, bereziki, energia berriztagarriei buruzko ikuspuntuak adierazi zituzten, mendozarrek interesa baitute alor horren garapenean.

Bileraren ondoren, Sanz Presidenteak Hogarcito Don Orione harrera etxea bisitatu zuen, izen bereko ordena erlijiosoaren tutoretzapean dagoen etxea. Bertan, garuneko lesio eta ezintasun larriak dituzten 18 pertsona bizi dira, eta haiei laguntza eskaintzen diete, batzuek ez baitute familiarik eta besteen familiek ez baitute baliabiderik. Nafarroako Gobernuak, lankidetza politiken barruan, laguntza ematen dio harrera etxeari Mendozako Nafar Etxearen bitartez; horrek jakiak, garbiketa produktuak, pixoihalak eta eskatutako beste hainbat produktu ematen dizkio. Harrera etxea 1996an sortu zen eta 1997an jarri zuten Don Orione Erakundeak hartzen duen hiriko kale zabalean. Erakundeak, harrera etxeaz gainera, eskola, aterpea eta gurtza publikoa egiteko aukera ematen duen eliza ere baditu. Harrera etxean bizi diren gaixoek mugimendua eta zentzumenak lantzeko terapia jasotzen dute, baita oinarrizko gaitasunen trebakuntza eta mediku arreta ere. Hiru gaixok eguneko egoitza erregimena dute. Etxea oso xumea da: atondoa, bilerak eta gurtza egiteko ere erabiltzen dutena; belarrezko barne patioa, ataripea eta kaleko beste eraikinetatik bereizteko hesia dituena; bertan bizi direnentzako logelak eta haiek, terapeuten laguntzarekin, jolas eta ariketak egiteko aretoa.



 Sanz Presidentea eta Juan Ignacio Baquedano

Sanz Presidentea eta Juan Ignacio Baquedano. ( irudia handitu )


Bisita ofizialean, honako hauek izan zituen lagun: Alberto Catalán Higueras, Erakundeekiko Harremanak Departamentuko kontseilari eta Gobernuaren Eleduna; Esteban Nieto, Rosarioko Nafar Etxeko lehendakaria; Crisanto Ayanz, Buenos Airesko Nafar Etxeko eta Argentinako Nafar Etxeen Federazioko lehendakaria; etan Sandalio Monreal, Rosarioko Nafar Etxeko lehendakari ohia.


Aconcaguako Unibertsitatean


Arratsaldean, Nafarroako Gobernuko Presidentea Aconcaguako Unibertsitateko Nazioen Katedrak antolatutako ekitaldi batean izan zen, Espainiari zegokion kapitulua Nafarroari eskaini baitzioten. Ekitaldi akademiko eta kulturala izan zen, Mendozako Nafar Etxeak babestua. Unibertsitateko errektoreak, Osvaldo Caballerok, Sanz Presidentea Unibertsitateko bisitari itzaltsua zela adierazi zuen eta katedraren egiaztagiria eman zion. Miguel Sanzek, berriz, Nafarroako bandera eman zion errektoreari, eta Mendozako espainiar etxeen lehendakariak, Arnaldo José Carrascok, Argentinako gautxoen "Martín Fierro" poema nazionalaren edizio entzutetsua oparitu zion Presidenteari.


Aconcaguako Unibertsitatea Mendozan dauden lau unibertsitate pribatuetako bat da. 6.000 ikasletik gora ditu eta urtero 800 batek lortzen dute titulua. Berrogei lizentziatura eta dozena bat graduondoko eskaintzen ditu, eta horiek honako hauetan irakasten dira: lau fakultatetan (Gizarte eta Administrazio Zientziak, Medikuntza Zientziak, Zientzia Ekonomiko eta Juridikoak, eta Psikologia), Atzerriko Hizkuntzen Goi Mailako Eskola batean, Lizentziatura Ziklo batean (horren barruan daude Matematikak, Natura Zientziak eta Hezkuntza Kudeaketa), eta Bigarren Hezkuntzako Eskola batean.

Dokumentazioa:
Berri osoa.doc

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa