(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Soria ministroak Nafarroako Ospitaleko Erradioterapia Zentroa bisitatu du, lanean duela urtebete hasi zen instalazioa asteazkena, 2008.eko urriak 29

Bernat Soria Escoms Osasun eta Kontsumo ministroak (gaur bisita ofizialean dago Foru Komunitatean) eta María Kutz Peironcely Osasun Departamentuko kontseilariak Nafarroako Ospitaleko Erradioterapia Zentroa bisitatu dute gaur goizean. Hain zuzen ere, instalazioa duela urtebete hasi zen lanean.


Eurekin Elma Saiz Delgado Nafarroako Gobernuko ordezkaria, José Martínez Olmos Osasunaren idazkari nagusia, Mª Jesús Calvo Guitán Nafarroako Ospitaleko zuzendaria eta Ospitaleko osasun langileak egon dira, eta bisitaren hasieran ministroak plaka bat utzi du agerian, instalazioetako atartean. Ondoren, instalazioak bisitatu dituzte (profesionalentzako eremua zein gaixoak tratatu eta artatzeko eremua).


Ministroak agerian utzi duen plakan honako hau dago idatzita: "El Ministro de Sanidad y Consumo, D. Bernat Soria Escoms, visitó el Centro de Radioterapia del Hospital de Navarra en Pamplona el 29 de Octubre de 2008" (Bernat Soria Escoms Osasun eta Kontsumo ministroak Nafarroako Ospitaleko Erradioterapia Zentroa bisitatu zuen, Iruñean, 2008ko urriaren 29an).

Nafarroako Ospitaleko Erradioterapia Zentroa


 Nafarroako Ospitaleko Erradioterapia Zentroa 2007ko urriaren 29an jarri zuten abian.


Zentroak 4.100 metro koadroko azalera hartzen du Nafarroako Ospitaleko esparruan (instalazio zaharrek baino hamar aldiz gehiago), eta 1,5ez biderkatu du instalazio zaharretako jarduna.

Erradioterapia Zentroak erradiazioen azeleragailuez hornitutako hiru bunker ditu. Era berean, beste bunker bat ere badu (laugarrena), etorkizunean ekipamendua handitzeko. Zentroko beste ekipamendu batzuk honako hauek dira: simulazioetarako ekipamendu bat, ordenagailu bidezko tomografia axialez (OTA) eta simulagailuz hornitutakoa; erradiologiako operazio-gela, kirurgia handiko ebakuntzak egiteko eta operazio-barneko erradioterapia tratamenduetako inplanteak kontrolatzeko beharrezkoa den ekipamenduz hornitutakoa; brakiterapia aretoa, hurbileko erradiazioak ezartzeko; eta gammateka edo isotopo erradioaktiboen biltegi blindatua.


Minbizia duten gaixoen %60k erradioterapia tratamendua egin behar izaten dute, lehenago edo geroago, eta Nafarroako Ospitaleko Erradioterapia Zentroa urtean 1.500 bat gaixo tratatzeko prestatuta dago. Hain zuzen ere, 1.200 gaixok kanpo erradiazioa hartuko dute (ohikoena), eta 300ek, berriz, brakiterapia tratamendua eta beste tratamendu batzuk egin ditzakete. Honako hauek, hain justu:


- Intentsitate Modulatuko Erradioterapia (IMRT): zehaztasun handiko teknika da, tumore bati dosi zehatzak ematea ahalbidetzen duena. Erradiazio dosia tumorearen hiru dimentsioko formara egokitzen du, eta baita tratamenduan zehar tumoreak egin ditzakeen mugimenduetara ere.


- Erradio-kirurgia: erradiazioak bisturia bailitzan operatzen du gaitzak jotako eremua.


- Operazio-barneko erradioterapia: gorputz irekiko ohiko kirurgia operazioetan erabiltzen dena.


- Brakiterapia: erradiazio iturriak tumoretik gertu edo hura ukituz jartzen dituzte, zunden eta beste prozedura batzuen bidez. Horretarako, batzuetan kirurgia behar izaten da.


- "Hazi" bidezko erradioterapia: prostatako minbiziaren aurka erabiltzen duten teknika da. Erradiazio iturri txiki-txiki batzuk (isotopoak) ezartzen dituzte kaltea jasan duen organoan, tumorearen bilakaera kontrolatzeko.

Urtebeteko jarduna


Esan dugun moduan, Erradioterapia Zentroa 2007ko urriaren 29an jarri zuten abian. Egun horretan, zehazki, lehenengo azeleragailua jarri zuten martxan; bigarrena, berriz, 2008ko urtarrilaren 7an jarri zuten abian, eta hirugarrena, azkenik, 2008ko apirilaren 16an. Apirilaren 21ean, brakiterapia tratamenduak egiten hasi ziren.


Erradioterapia Zentroa abian jarri zutenetik 995 gaixo tratatu dituzte, honela banatuta: 456, lehenengo azeleragailuan (CLINAC 1); 399, bigarrenean (CLINAC 2); eta 140, hirugarrenean (TRILOGY). Gainera, 2008ko apirilean zentro zaharra itxi zuten, eta ordura arte beste 285 gaixo tratatu zituzten.


Brakiterapia tratamenduei dagokienez, 2008ko apiriletik irailera bitarte 45 gaixo tratatu dituzte. Tratatu dituzten kartzinomak honako hauek izan dira, hain zuzen: 31, endometrioko kartzinomak; 10, umetoki lepoko kartzinomak; 2, bularreko kartzinomak; 1, uzkiko kartzinoma; eta 1, ezpaineko kartzinoma.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa