(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Catalán kontseilariak teknologia berrien aldeko apustua egin du, Parlamentuarekiko harremanak hobetzeko asteazkena, 2008.eko urriak 29

Xede horrekin lankidetza hitzarmena izenpetu du, gaur, Torres presidentearekin


Catalán kontseilaria eta presidenteak lankidetza hitzarmena izenpetzen. ( irudia handitu )

Alberto Catalán Higueras Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuko kontseilariak eta Elena Torres Miranda Nafarroako Parlamentuko presidenteak lankidetza hitzarmena izenpetu dute, gaur, bi erakundeen arteko komunikazioa eta harremanak bide elektronikoak baliatuz gauzatzeko. Ekitaldia Parlamentuko egoitzan egin dute.


Hitzarmenaren testua astelehenean onartu zuen Nafarroako Gobernuak, eta Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuak legealdi honetarako duen helburuetako baten esparruan dago kokatuta. Hortaz, Gobernuak beste erakunde batzuekin dituen harremanak bultzatzea eta indartzea, eta horretarako komunikazio bideak hobetzea eta modernizatzea eta informazioaren eta komunikazioaren teknologia berriak ezartzea ditu helburu.


Hitzarmena izenpetu ondoren, Nafarroako Gobernuak administrazio elektroniko modernoa ezarri eta herritarrei eskainitako zerbitzuak hobetzearen aldeko apustua egin duela azpimarratu du Catalán kontseilariak. Zentzu horretan, honako hau nabarmendu du: "Akordio hau oso ona da, bi erakundeen artean beharrezkoa den komunikazio iraunkorraren eraginkortasuna islatzen duelako. Gainera, Parlamentuko ekimenen izapideak egiteko prozedurak eta dokumentuen trukea arintzea, legebiltzarkideek euren eginkizunak hobeto betetzea, eta Gobernuak gardentasunez lan egitea ahalbidetzen du". Alberto Catalánek, bestalde, eskerrak eman nahi izan dizkio Torres presidenteari garai berriekin bat datorren komunikazio sistema bultzatzeagatik, eta honako hau adierazi du: "Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentua existitzearen arrazoietako bat Parlamentuarekiko harremanak hobetzea da; izan ere, nafarrek erakunde horretan dauzkate ezarrita euren nahiak. Harremanak, beraz, arina eta zuzenekoa izan behar du, eta ildo horretan, harremana abangoardiako teknologietara egokitzeko proposatu genion Parlamentuari. Parlamentuko presidenteak, hori egiteak berekin dakarren arintasunaren, eraginkortasunaren eta gardentasunaren jakitun izanik, ez zuen zalantzarik izan".


Torres presidenteari dagokionez, berriz, honako hau adierazi du: hitzarmenaren xedea bi erakundeen arteko harremana eta informazio trukea arinagoa izatea dela, eta hala, euren eginkizunak eta bi erakundeen artean beharrezkoa den komunikazio iraunkorra optimizatuko dituztela. Xede horrekin, Nafarroako Parlamentuak eta Gobernuak prozedura elektronikoak eta telematikoak erabiliko dituzte informazioaren izapideak egiteko eta bi erakundeen artean agiriak trukatzeko. Parlamentuak, zehazki, posta elektronikoko helbide bat eta fax zenbaki bat (modu subsidiarioan) sortuko du eta berorren berri emanen dio Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuko kontseilariari (Parlamentuarekiko harreman arruntak berari dagozkio). Departamentuak ere gauza bera eginen du Ganberarekin.


Posta elektronikoz egindako harremanak jakinarazpen ofizialtzat joko dituzte, eta jaso diren egunean egin eta erregistratu direla joko dute. Gainera, Parlamentuak Gobernuaren ekintzak kontrolatzeko ahalmena du (zehazki, jarduera ekonomikoak kontrolatzeko ahalmena), eta hori kontuan hartuta, Administrazioak sarbide elektroniko bat emanen die Parlamentuko taldeetako eledunei, aurrekontuak kudeatzeko sisteman sartzeko.


Era berean, Nafarroako Gobernuaren eta Parlamentuaren arteko harremanak hobetu eta sakontze aldera, Gobernuak zein Parlamentuak antolatutako ekitaldi edo ospakizun instituzionaletan bi erakundeek parte hartuko dutela hitzartu dute.


Bestalde, Catalán kontseilariaren ekimena gogo onez hartu zuela ere nabarmendu du Torres presidenteak; izan ere, sistema honen ezarpenak, izapideak arintzeaz gain, "Parlamentuaren lana erraztuko du, batez ere Gobernuaren akzesioa gainbegiratzeko eginkizuna dela-eta etenik ez duen informazio fluxua".


Azkenik, hitzarmenaren iraunkortasuna azpimarratu du Elena Torresek, paper gutxiago erabiliko baitute. Honako hau adierazi du, hain zuzen: "Parlamentuak ingurumenaren aldeko apustua egiten duela agerian gelditu da berriro. Neure egin dudan erronka eta kultura da, eta berriro ere, sendotu eginen dugu".


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa