(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako ekonomiak hazkundeari eutsi dio, eta azkeneko hiruhilekoan BPGa hamarren bat handitu da ostirala, 2008.eko azaroak 14

Estatuan, indizeak behera egin du, %0,2, eta urte arteko tasa %0,9koa da; Foru Komunitatekoa, berriz, %1,8koa


Nafarroako ekonomiak hazkundeari eutsi dio 2008ko hirugarren hiruhilekoan, eta Barne Produktu Gordina (BPGa) hamarren bat handitu da (%0,1). Estatuan, berriz, indizeak behera egin du (-%0,2), Estatistikako Institutu Nazionalak eman dituen aurrerapen datuen arabera.


Datu berriok kontuan hartuta, Foru Komunitateko urte arteko tasa %1,8koa da, eta Estatukoa, berriz, %0,9koa. Alde handia Nafarroako industriaren sendotasunari zor zaio.


Bi kasuetan, ekonomiaren dezelerazioak bere horretan jarraitu du, aurreko hiruhilekoetan bezalaxe, baina Nafarroan Estatuan baino intentsitate txikiagoarekin. Hala, Nafarroako hazkundeak hamarren bat egin du behera (%0,2tik %0,1era), eta Estatuan, berriz, hiru hamarren egin du behera (%0,1etik -%0,2ra).


Hirugarren hiruhileko datuak kontuan hartuta, 2008an Nafarroako ekonomiaren hazkunde tasa %2,1ekoa izanen dela aurreikusten dute; hots, Estatuko batez bestekoa (%1,4) baino zazpi hamarren handiagoa. Beste herrialde batzuetako aurreikuspenak, berriz, honako hauek dira: Italia, -%0,1; Frantzia, %0,8; Britainia Handia, %1,0; Alemania, %1,8; eta Estatu Batuak, %1,6.


Dezelerazioaren eragileak


Dezelerazioaren eragileak eskariaren beherakada (etxeetako kontsumoaren beherakada tarteko) eta eraikuntza jardueraren beherakada dira.


Kontsumoari dagokionez, hala ere, Nafarroako kontsumitzaileen eta txikizkako merkatarien konfiantza indizea Estatuko gainerako erkidegoetakoa baino hobea da. Hala, Foru Komunitateko merkataritza jarduerak %1,2 egin zuen behera irailean (urte arteko indizea), eta Estatuan, berriz, %5,6 egin zuen behera. Autoen matrikulazioari dagokionez, Nafarroan %18,4 egin du behera urte osoan, eta Estatuan, berriz, %21,9. Azkenik, etxebizitzen salerosketei dagokienez, Nafarroako urte arteko beherakada (%37,5ekoa) Estatukoa (%36,8koa) baino handiagoa izan da.


Nafarroaren eta Estatuaren arteko aldearen arrazoiak


Nafarroako ekonomiaren portaera Estatukoa baino hobea da, industriaren sendotasuna eta esportazioen hazkundea tarteko.


2008ko hirugarren hiruhilekoan, Nafarroako industria ekoizpenak gora egin du, %5,6 (urte arteko indizea), eta Estatuan, berriz, behera egin du, %4,5.


Nafarroako esportazioek ere gora egin dute 2008ko lehenengo zortzi hilabeteetan, %17,1. Estatuko hazkundea txikiagoa izan da, %6,5ekoa.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa