(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako Gobernuak 7,9 milioi euroko inbertsioa eginen du, nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategietan ingurumen hobekuntzak egin daitezen sustatzeko astelehena, 2008.eko abenduak 1

Nafarroako Gobernuak baimena eman du 2009-2013 aldian 7,9 milioi euroko laguntzak emateko, eta hala, nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategietan ingurumen hobekuntzak sustatzeko. Nafarroako Landa Garapenerako 2007-2013 Programako 2. Ardatzeko "Natura 2000 Laguntzak" eta "Estepa Eremuetako Nekazaritza-Ingurumen Laguntzak" neurrietarako gastu konpromisoa da, eta hain zuzen ere, programa horixe da Nafarroako Gobernuaren nekazaritza politikaren garapenerako tresna nagusia.


Lehenengo neurriak Natura 2000 Sareko larreetako abeltzaintza jarduerak antolatzen ditu (estepa eremuak eta mendi larreak), eta erregulazio hori beharrezkoa da estepako eta mendietako habitatak higatu daitezen saihesteko. Izan ere, estepa eremuetako lurzoruko landare estaldura urria da, eta ondorioz, lurzoruak babes gutxi izaten du. Mendiko habitatei dagokienez, berriz, gehiegizko larratzearen ondorioz higatu egiten dira, eta gutxiegizko larratzearen ondorioz, aldiz, larreak zakartu egiten dira eta euren ekoizpen potentziala txikitu egiten da.


Hala, Nafarroako Gobernuak 3,4 milioi euro emanen ditu, datozen bost urteetan, artzainek zein larreak kudeatzen dituzten toki entitateek abereak hobeto kudeatzeko, eta azken batean, abeltzaintza jarduera iraunkorragoa izateko eta interes komunitarioko bazka habitatak zaintzeko.


Bigarren neurriari dagokionez, Nafarroako Gobernuak 4,5 milioi eurotik gorako gastua eginen du, estepa eremuetarako nekazaritzaren eta ingurumenaren arloko laguntzak emateko. Neurriaren helburua honako hau da: nekazaritzak eta abeltzaintzak estepa eremuetako ekosistemetako faunan eta floran duten eragina mugatzea. Izan ere, Europan estepa eremu gutxi daude. Laguntzak jasoko dituzten neurrietako batzuk honako hauek dira: ustiategietako lursail batzuetan landare lekadunen haziak ereitea, fauna elikatzeko eta zorua nitrogenoz aberasteko; eta lursailetako kanpoaldean uztarik ez biltzea, estepa eremuetako animaliek babes eta habia leku gisa erabili ahal izateko.


Esan dugun moduan, bi neurriak Nafarroako Landa Garapenerako 2007-2013 Programako 2. Ardatzaren baitan daude, eta Nafarroako Gobernuak eta Europar Batasunak finantzatuko dituzte (Europako Landa Garapenerako Nekazaritza Funtsaren bidez). Nafarroako Landa Garapenerako 2007-2013 Programa EBko instituzioek onartuta dago, eta Nafarroako Gobernuaren nekazaritza politikaren garapenerako tresna nagusia da. Honako helburu hauek ditu: garapen iraunkorra eta orekatua lortzea, lehenengo sektorearen lehiakortasuna indartzea, landa eremuetako jarduera ekonomikoa askotarikotzea, eta landa eremuetako bizi-baldintzak hobetzea.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa